Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Gaza putzu gorri betean odolustuta, eta Israel Itsaso Gorrian blokeatuta

Gerrak dimentsio berri bat hartu du, Yemengo huthiek Israel jatorri, helmuga, jabetza edo harekin merkataritza harremana duen itsasontzi oro «helburu militar» egin eta erasoak ugaritu dituztenetik. Zenbait estatuk baino misil armategi handiago baten jabe, gerraren ekuazioa aldatu dute.

Huthiek duela bost egun misilekin erasotutako Norvegiako banderadun MT Strinda petrolio-ontzia.
Huthiek duela bost egun misilekin erasotutako Norvegiako banderadun MT Strinda petrolio-ontzia. (Ludwig MOWINCKELS REDERI | AFP)

Sarraskiak ez du etenik Gazan. XXI. mendeko lehen genozidioa zuzeneko emanaldietan zabaltzen ari da mundura. Egunero-egunero ehunka dira hildakoak, bonbardaketez birrindutako etxe hondakinetan galdutakoak. Gerra aurretik Gazan zeuden 36 ospitaleetatik hamaikak soilik jarraitzen dute zerbitzua ematen, hori bai, erregairik gabe, sendagai eta lekurik gabe. Eskolak, Nazio Batuen Erakuneko eraikinak, haurrak, kazetariak... denak daude bonba eta misilen jopuntuan. Txikizioa erabatekoa da, bateko eta besteko su-eten eskaerak ugariak dira, baina gerra ez da aurki bukatuko. Are, dimentsio berri bat har dezake, herrialde eta koordenada berrietara zabalduz.

Gerrak hamaikagarren astea egin duenean, Israelgo agintariek atzo aditzera eman zutenez, ez dute gerraren azeleragailutik hanka altxatzeko inolako asmorik. Ez nazioarteko presioen ez eta etxe barruan gero eta ozenagoak diren ezinegon eta haserreen aurrean ere, ez dutela amore emango esan dute.

Israelgo Armadak hiru bahitu israeldar hil dituela ezagutu denetik –atzo Kan News irrati kate publikoak laugarren bat hil dela aurreratu zuen, Hamasen hilketa dela informatuz, 27 urteko Inbar Haiman hain zuzen, Supernova rave jaialdian urriaren 7an bahitutakoa–, protestak ugaritu dira Tel Aviven.

Baina zalantzak ez dira uxatzen, bereziki Tel Avivek AEBetako Joe Biden presidentearen administrazioari «Hamas garaitzeko denbora gehiago behar duela» mezua pasatu dionetik. Inoiz baino soldadu –eta agintari militar– israeldar gehiago hil diren astean, analistek eta komentaristek auzitan jarri dituzte Benjamin Netanhayuk plazaratutako aurreikuspen baikorrak.

Hamasek bahituta zeuzkan hiru israeldar hil zituela Israelgo Armadak baieztatu eta heriotza horien zirkunstantziak ezagutu direnetik, amorrua eta gobernuaren kontrako presioa areagotu dira, bereziki bahituta jarraitzen duten 129 israeldarren askatasuna lortzeko akordioa lor dezan.

Zentzu horretan, atzo bertan baieztatu zen, Mossad Israelgo Inteligentzia agentziaren buru David Barnea eta Qatarko lehen ministro Mohammed bin Abdulrahman Al Thani Norvegiako hiriburuan bildu zirela, akordio berri baterako aukerak esploratzeko. Eta Egiptoko iturriek zabaldutako albisteen arabera, Israel, orain bai, prest legoke gerran etenak ziurtatzeko eta palestinar presoen askatze masiboen truke akordio berriak lortzeko.

Horrorea horroreen ondotik

Bien bitartean, Gazako gerraren horroreek bere horretan diraute. Atzo ere, berri agentziek zabaldutako teletipoetan lazkeriak bata bestearen ondotik zetozen: bonbardaketek birrindutako beren etxeetan lurperatuta eta atera ezinda geratu diren familia osoak Khan Yunisen; Nazioarteko Kazetarien Elkarteak gaitzetsi Al Jazeera kateko Samer Abu Daqqa kameraria hil eta Wael al-Dahdouh berriemale nagusia zauritu zituen Farhana eskolaren kontrako erasoa; Jerusalemgo Patriarkatu Latindarrak salatu zuen frankotiratzaile israeldar batek Nahida eta Samar Anton ama-alabak hil zituela, Gazako kristauak babesa aurkitu duten Familia Sakratuaren parrokian; Internet eta telefono konexio guztiak etenda, gosearen mailak bikoiztu direla dioten txostenak, oro har deshumanizazioaren areagotze jasanezina, horroreak bata bestearen ondoren Gazako zerrendatik.

Gaza ez da, ordea, herri palestinarraren sarraskitze gune bakarra. Beste eskala batean, hilketa metodikoak eta garbiketa etniko sistematikoa gertatzen ari dira Zisjordanian ere. Palestinako Osasun Ministerioak emandako berrien arabera, beste bi gazte hil zituzten tiroz Beit Ummar eta Tulkarem hirietan. Urriaren 7tik, tiroz hildako palestinarren kopurua 290ra heldu da.

Apokalipsiaren itxurako paisaia honen erdian, Errefuxiatu palestinarrentzako NBEaren agentziaren buruak, Philippe Lazzarinik, salaketa gordina egin zuen: «Jendeak ikusten ari garen lazkeria guztien aurrean barre egitea, txaloak jotzea edo burla egitea, gertatzen ari dena edonon eta edonor sumindu beharko lukeenean, gure baloreak birpentsatzera eraman beharko gintuzke. Gu guztiontzat eta gure gizateria konpartituarentzat une erabakiorra da».

Israelen kontrako blokeoa

Israelek putzu gorri batean ito nahi ditu palestinarrak Gazan, baina odol egarria kontrako eztarritik joan dakioke, non eta Itsaso Gorrian. Petrolio-ontzi eta edukiontzien abordatze eta bahiketak, dronekin egindako erasoak, eztandak eta suteak, itsasontzien aurkako misilen erabilerak, segurtasun eza biderkatu, tentsioa borborka jarri eta gerraren kapitulu berrien itzala presenteagoa, mehatxugarriagoa, egin dute.

Moller-Maersk A.P. edukiontzi garraioko enpresa danimarkarrak eta Hapag-Lloyd Alemaniako itsas garraioko taldeak –bien artean munduko itsas garraiorako flotaren laurdenaren jabeak dira– Itsaso Gorrian trafikoa etetea erabaki zutenetik, arazo global larria eta potentzialki suntsitzailea sortu da. Atzo jakin zen, gainera, CMA CGM garraiorako itsasontzien konpainia frantsesak, munduan hirugarren handiena denak, bere operazio guztiak bertan behera utzi zituela.

Erabaki hauek hartzera behartu duen egoera inpaktu eta inplikazio handikoa da. Batetik, Israelek Itsas Gorrira daukan atearen, Eliat-eko portuaren, de faktozko blokeoa ezartzen duelako. Gideon Golberrek, Eliateko Portuaren zuzendari orokorrak, irabaziak %80 erori direla aitortu eta Tel Avivi konpentsazio ekonomikoa eskatu zion. Bestetik, Hezbollahk iparraldeko gerra frontea erabat zabalduko balu, Mediterraneoko Haifa eta Ashdodeko portuak arazoetan jarriko lituzke, Israelekin egiten den itsas merkataritza guztia arriskuan jarriz.

Kontuak horrela, eta egoeraren larritasunaren jabe eginda, Israelgo Gobernuak bi lur korridore martxan jarri berri dituela jakin zen atzo. Bata, Dubaiko portuan hasi, eta Saudi Arabia eta Jordaniaren barrena, 2.500 kilometro luzera eta lau eguneko iraupena duena: eta bestea, Bahraingo portuan hasita, 1.700 kilometroko luzera eta bi egun eta zazpi orduko iraupena duena.

Ekuazio berria Itsaso Gorrian

Baina bada besterik. Itsaso Gorritik mundu mailako erregai guztien %15 igarotzen dela kontuan harturik, eta Esperantza Oneko Lurmuturraren alternatibak, adibidez Singapurretik Europako portu handiena den Roterdamerainoko bidaia egiteko, 5.000 itsas milia gehiago dituela, egoera hau denboran luzatu eta larriagotzen baldin bada, erregaien prezioetan eta oro har mundu mailako logistika kateetan izan dezakeen eragina ikuskizun dago.

Eta erregaien merkatu hain ezengokorra dela-eta, astinaldi txikienak eztanda ikaragarria eragin dezakeela jakinda, eta logistika globalak lehenagotik ere dauzkan arazoak hain ezagunak izanda, pentsatzekoa da izugarri nabarituko dela.

Honen aurrean, analistek diotenez, AEBek zaila dute Itsaso Gorrian alde bakarreko operazio militarra abiatzea, prestatzen ari direla dioten filtrazioak badauden arren. Hasteko, Txinako, Indiako eta beste erraldoi askoren erregaien zaina ere badelako, eta, gero, hain estua izanik (29 kilometro, tarte estuenean) huthien dronen eta misil balistiko eta itsasontzien aurkakoen –adituen arabera, inguruko estatuena baino armategi beldurgarriagoa omen dute– erasoen arriskuan leudeke.

Golkoko herrialdeetan dauzkan base militarretik Yemen eraso dezake, Djibuti, Bahrain, Qatar eta Saudi Arabiatik. Baina Washingtonek aurreratu du «Itsaso Gorrian nabigazio segurua bermatzeko» nazioarteko koalizio bat osatzeko elkarrizketetan dabilela. Huthiek zain izango ditute, gerraren dimentsio eta ekuazio berria zein den gogoraraziz: Gazako sarraskia etetea, eurak Itsaso Gorritik igarotzen den trafikoa ez eteteko.