Iraitz Mateo

Nina Almbergen lehen eleberria itzuli du Josu Zabaletak, ‘Azken amazona’

Amazoniako  emakume indigenen mitoa emakumeen ahotsetik kontatzearen ahaleginarekin hasi zen Almbergen idazlearen bidaia. ‘Azken amazona’ eleberrian bidaia hori kontatzen du, bere bidaia fisikoa emakume horiengana gerturatzeko, eta mitoaren bidaia. Josu Zabaletak itzuli du eleberria euskarara.

Razquin eta Zabaleta ‘Azken amazona’ libururaren aurkezpenean.
Razquin eta Zabaleta ‘Azken amazona’ libururaren aurkezpenean. (Gorka Rubio | FOKU)

Mito bati jarraiki idatzi zuen Nina Almbergen idazleak ‘Azken amazona’, «fikzio dokumentatu» gisa izendaturiko eleberria. Amazoniara egindako bidaian hamaika testigantza bildu, eta testigantzez osatutako eleberria da. Josu Zabaletak euskaratu du eta Erein argitaletxearen eskutik plazaratu.

Astelehen honetan Donostian aurkeztu dute eleberria itzultzaileak berak eta Uxue Razquin editoreak. Ereingo editoreak aurkeztu du liburuaren muina: «XVI. mendean Espainiar konkistatzaileek emakume gudarien talde bati aurre egin behar izan omen zioten, eta diotenez, emakume gudari haien itxura zen gizon konkistatzaile haiek entzundako kontakizun mitologiokoetako protagonistena. Idazleak kontatzen du enkontru harekin liluratu zela, eta lehenengo audio dokumental bat egin zuen. Gerora etorri zen liburuaren ideia».

XVI. mendean gertatutako konkista horren ondotik, mitoak omen dio gizon zuriei eraso egin zieten bertako emakume indigena gudarien izenaz bataiatu zela oihana eta eskualdea: Amazonia. Esan ohi da emakume batzuk, ‘Icamiabak’, luzaro bizi izan zirela eremu hartan gizonezkoengandik aparte. Emakume horiek nortzuk ziren eta nola bizi ziren ikertu nahi zuen Almbergenek.

Ikerketa laguntzaile gisa egin du urte luzez lan idazleak, eta irratirako dokumental bat egiten ari zela, berpizkunde garaiko hainbat istorio irakurri zituen, horietako bat gizonezkorik gabe bizi ziren emakumeen tribu baten inguruan, eta pentsatu omen zuen, «nola ez du inork mito hau lotu amazonekin?» eta galderari jarraika abiatu zen Brasildik Amazoniaraino; aipaturiko bi mitoak lotuz.

Bidaia baten kontakizuna

Bi bidaia paralelo kontatzen dira liburuan Zabaletaren arabera, batetik, kalean zegoen mitoaren bidaia; hau da, ordura arte gizonezkoen ahotsetik kontatutakotik emakumezkoen hitzetara eta kontakizunetara iristea. Eta bestetik, idazleak berak Belem de Paratik Amazoniara egiten duen bidaia.

1600 inguruko hainbat mito bazeuden, amazonen ingurukoak, baina emakumezkoen ahotsak eta bizipenak bildu nahi zituen berak, «emakumeei entzundakoak jaso nahi nituen», zehaztu izan du zenbait elkarrizketetan. Mitotik historiara, ordea, aldea dagoela zehaztu du Zabaletak, eta historia zehatzik ez omen zuen aurkitu Almbergenek, baina emakume «ahaltsu eta indartsuen komunitate bat» aurkitu zuela kontatzen du.

Misterio batzuk ere geratu ziren agerian: «Esaten zen emakumeez soilik osatutako komunitate hori urtean behin elkartzen zela gizonezkoekin, elkartu eta urtebetera emakumeek semeren bat bazuten gizonezkoekin joaten zen, eta alaba bazen, aldiz, emakumeekin geratzen zen. Alabei, ilargiaren argitan aintzira batetik ateratako oroigarri bat oparitzen zieten, baina ikertu zuen Brasilen ez zegoela horrelako materialik, gertuenak Karibean zeuden; beraz, nola iristen ziren beraienganaino?». Liburuan kontatzen ditu berak eskuratutako hipotesi eta istorioak, baina itzultzaileak aitortu du ondorio argirik ez dutela lortu.

Testingantzen baitako egituraketa

Behin eta berriro errepikatzen da liburuaren egitura: testigantza eman duen pertsonaren izena du izenburutzat, eta ondoren bere testigantza. Batzuetan benetako herritarren istorioak dira, eta beste batzuetan idazleak berak asmatutakoak ikertutakoaren arabera. Etengabe batek eta besteak esaten dioten pistari jarraipena ematen dio liburuak testigantzak kateatuz.

Idazlearen kezka nagusia ahotsa nori eman zen. Helburu nagusia kaleko mitoari jarraipena eman eta ahalik eta gehien argitzea zenez, Amazoniara bidaiatu zuen bertako tribuek esandakoak jasotzeko. Elkarrizketatuen hizkuntza izan zuen oztopo nagusiena, frantsesez ez zekitenekin harremantzeko portugesa ikasi zuen, baina irratirako ez zioten balio ahots horiek, eta beraz, liburuaren ideiarekin martxan hasi zen.