Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Euskara, guda-eremu kanpainan? Guri bost

Gobernu formula zaharra bermatzen duen alderdiak eta, beharrezkoa izanez gero, horren salbatzaile izan daitekeen beste batek euskara jomugan hartu dute. Are, Voxen babespean Balear Uhartetan hizkuntza gurutzada aldarrikatu duen agintaria ekarri du kanpaina egitera De Andresek. Dena oso irekia.

Voxen eskaerekin bat eginez, Balear uhartetan hizkuntz zuzendaritza bertan behera utzi duen Marga Prohens (lehena, ezkerretik hasita) De Andresen mitinean, Bilbon..
Voxen eskaerekin bat eginez, Balear uhartetan hizkuntz zuzendaritza bertan behera utzi duen Marga Prohens (lehena, ezkerretik hasita) De Andresen mitinean, Bilbon.. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Apenas hilabete bat igaro da Korrikak zirrara erraldoia eragin zuenetik, herriz herri eta bailaraz bailara, euskararen aldeko maitasun keinuak bilduz. Lasterketa Santiago zubia zeharkatu zuenean, euskara babes geruza bilakatu zen.

Hala, Euskal Herritik kanpo erabakitako migrazio politiken mehatxupean bizi diren hamarnaka lagunek, tipi tapa, askatasun zubia zeharkatu zuten. Metro gutxi horiek gainditu ondoren, haien eskutik "gu" berria osatu genuen, batzuk eta besteok, bide batez herritartasunari zentzu osoa emanez.

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea ez dute bermaturik Bidasoaren iparraldeko hiru lurraldetan ikasketak euskaraz egiten dituzten neska-mutilek. Haiek ere azterketak egiteko eskubidea finean berdintasunari dagokion auzia dela agerian jarri zuten. Eskubideak ez direlako talkaren iturri, denontzat onurak ekartzen dituztelako.

«Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago». Hamaika plazetan kantatu du hamarkadak joan hamarkadak etorri Anje Duhaldek. Igandean lehendakarigai izateko aurkeztu diren hiru zerrendaburuk ezin izan dute gozatu euskara.

Hiru alderdik ez dutelako 2024 urtean aintzat hartu Korrikaren amaierako ekitaldian Garazi Arrulak Baionako Herriko Etxearen aitzinean lau haizetara barreiatu zuen ohar garrantzitsua. «Cada uno/a de nosotros/as puede tener múltiples idiomas; el euskara solo nos tiene a nosotros/as».

Horra hor mezu horren itzulpena, Korrikaren webetik hartuta, denek uler dezaten, inor ez dadin ezeroso sentitu, are gutxiago diskriminazioaren biktima. Espainiar estatuaren agindupean dauden lurraldetan behintzat.

Frantsesa hizkuntz ofiziala bakarra duten hiru euskal lurraldetako herritarrek nekez ulertuko baitute arestian proposaturiko itzulpena. Oilarren kokoriko zaratatsuak ez ditzan isilarazi, beraz, zozo bati lekukoaren milaka eroalek maileguan harturiko hitzak: «Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake; euskarak gu baizik ez gaitu».

Lurra eta populua, zabaltasun eta aniztasun osoz, marrazteko balio duen euskararen aldeko lasterketarekin alderatuta igande honetan bere helmugara iritsiko den hauteskunde kanpainan Bidasoaren bi ertzeetan partekatzen dugun hezkuntza istilurako baliatu nahi izan dute.

Putzu sakon eta ilun hori zapaldu du, sorpresarik gabe, eskuin muturrarekin aliantza eginez Balear uhartetan hizkuntz arau zinez baztertzailea bultzatu duen PP alderdiak EAEn duen sukurtsalak.

Tripako minik gabe, Javier De Andres PPko hautagaiak bere kanpaina ekitaldi batera gonbidatu du Marga Prohens, Balear Uhartetan katalanaren sustapena bermatzeko helburu zuen hizkuntz politikaren zuzendaritza likidatu duen gobernu buruak.

Alta, EAJk ez du adierazi, nik ez dut hori entzun behintzat, zenbakiek horrela aginduko balute ere, Voxek emandako zortzi botoei esker Balear uhartetan gobernatzen duen Prohens eredu gisara hartu duen De Andresen babesa ez lukeela, arrazoi etiko tarteko, onartuko.

Alderdi Sozialista, konplexurik gabe, identitate elebakarra aldarrikatu du kanpaina honetan. Hala, Hezkuntza Legearekin bultzatu zuen matxinada ez zela kapritxo bat, baizik eta auzitegietatik zein espainiar menpeko sindikalgintzaren eremutik euskarak duen tokia are gehiago murrizteko abian emandako estrategia babesteko erabakia irmoa agerian jarri du Eneko Anduezak.

Eztabaidetatik hasita eta azken elkarrizketaraino mailu berea baliatu du PSEko hautagaiak. Ez da, beraz, ateraldi soil bat izan. Probokazio kutsu hartu arren.

Euskararen erabilpen interesatua, alderdikeriak agindutako aho berokeria, kanpainaren demasiak. Nahi duenak bere erara kontsolamendua bilatu dezala. Baina, otoi, ez banalizatu arriskua.

Hizkuntza ukazio-tresna gisara baliatzeko joera «ultra» erdigunera eramateko ahalegina ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Gobernu gehiengoak osatzeko ongi etorriak diren alderdi batzuk erabaki dute, estatuaren indarra bere alde dutela, gatazka hori elikatzea merezi duela.

Euskararen aurkako oldarraldi baten aurrean gaudelarik, apostu larria da.

Harreman politiko toxikoaz eta hizkuntz bortizkeriaz hitz egiteak luze eta zabal joko luke.

Izan ere, gaur eta hemen, konpostura galdu gabe, argi hitz egitea premiazkoa da.

Euskarak eskaintzen duen partekaturiko zorua guda eremu gisara irudikatzea ez da txantxa.

Gutxitutako hizkuntza bati etengabe diskriminazio profila itsastea ez da 'fakenews' kaltegabea.

Euskarafobia zabaltzeko estrategia gutsiestea eta horren aurrean erlatibismo morala praktikatzea ez da txikikeria.

Hautuak egiterakoan ez dezagun inoiz ahantzi euskarak gu baizik ez gaituela. Ez da gu horretan inor ez dagoela soberan ere.

Bide batez esanda, bidai ona izan dezazue Irun eta Hendaia arteko pasabidea Korrikaren denboran, irrifar ahoan, igaro zenuten euskararen mugalariak!