NAIZ

Alice Silva atezain brasildarrak ez du Bera Beran jarraituko datorren denboraldian

Duela egun gutxi batzuk beste atezain Maddi Aallarekin gertatu bezala, talde donostiarrak adierazi du Alice Silvak ez duela klubean jarraituko. Lau urtetan, brasildarrak lau titulu lortu ditu, eta beste bi lor ditzake aurten.

Alice Silva, Bera Berarekin partida batean.
Alice Silva, Bera Berarekin partida batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Super Amara Bera Bera Ligako play-offak jokatzen dabil, baina horrek ez du esan nahi bulegoetan beste gauzetan pentsatzen ez direnik ari. Izan ere, azken hilabeteetan hurrengo urtean jarraituko ez duten jokalarien zerrenda egiten hasi zen. Taldea utzuko duen azkena astelehen honetan jakin da: Alice Silva atezaina.

Brasildarrak lau urte eman ditu Donostian. Orain arte lau titulu lortu ditu (Ligako bi, Kopa bat eta Iberiako Superkopa bat) eta 112 partidatan defendatu du atea, baina agur esateko ordua iritsi zaio.

Oraindik ere 28 urteko brasildarrak bere bigarren Kopa eta hirugarren Liga lortu nahi ditu denboraldi honetan. Super Amara Bera Berarekin jokatu dituen 112 partidetatik, 88 Guerreras Iberdrola Ligakoak dira, 10 European Leaguekoak, bederatzi Kopakoak eta bost Superkopakoak. Bitxikeria gisa, bi gol sartu ditu.

Klubak, ohar batean adierazi duenez, «eskerrak eman dizkio Alice Fernandes Silvari egindako lanagatik eta
inplikazioagatik, eta zorterik onena opa dio hurrengo erronketan».

Arraroa bada ere, datorren denboraldiari begira, Super Amara Bera Bera atezainik gabe geratu da. Izan ere, Maddi Aallak ez du klubean jarraituko atzerrira joateko. Gainera, Mariane Fernandes brasildarra, Malena Cavo argentinarra edota Emma Boada katalanak ez dute Bera Beran jokatzen jarraituko.

Irteera hauen truke, Donostiako klubak Eszter Ogonovszky ezker hegaleko hungariar gaztea fitxatu du datozen bi denboraldietarako.