NAIZ

Ia mila korrikalari Zegama-Aizkorrin; tartean, Kilian Jornet txapeldun handia

Golden Trail Word Series txapelketako lasterketa puntuagarria da, eta, aurten ere, Kilian Jornet txapeldun handiak parte hartuko du.

Kilian Jornet, Zegama-Aizkorriko 2022ko edizioan, garaipena ospatzen.
Kilian Jornet, Zegama-Aizkorriko 2022ko edizioan, garaipena ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoak ia 1.000 kirolari bilduko ditu maiatzaren 26an, Zegama-Aizkorri mendiko maratoi ospetsuan. Zehazki, 543 kirolarik (horietatik 87 emakumeak) egingo dute maratoia; 143 junior kategorian arituko dira (horietatik 38 emakumeak); eta 272 (52 emakume), KB kategorian.

Mendi-lasterketa ospetsu honen aurkezpena ostegun honetan egin da Donostian, eta bertan izan dira Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua; Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatua; Iker Zubeldia, Zegamako alkatea; eta Maialen Arizkorreta antolakuntzako kidea.

Arizkorretak gogorarazi du Golden Trail Word Series txapelketako lasterketa puntuagarri bat dela. Hala, aurten ere, Kilian Jornet txapeldun handiak parte hartuko du, zeinak, hamar garaipen izateaz gain, 2022an marka guztiak txikitu baitzituen 3 ordu 36 mintu eta 40 segunduko denborarekin.

Gainera, lasterketan bilduko dira azken txapelduna, Manuel Merillas, eta Elhousine Elazzaoui, Davide Magnini, Robert Pkemoi, Alain Santamaria eta Jan Margarit, besteak beste.

Emakumezkoen kategorian, iazko irabazlea ere bertan izango da, Daniela Oemus. Haren ondoan, besteak beste Sophia Laukli, Caitlin Fielder (iaz bigarrena), Malen Osa eta Sara Alonso atletak lehiatuko dira garaipenaren bila.

Euskal kirolari garrantzitsuenen artean nabarmentzekoak dira Aritz Egea, Ander Iñarra, Borja Zubizarreta, Arnatz Artola, Ander Gerrikaetxebarria eta Aitor Zunzunegi, gizonezkoen kategorian; eta Sara Alonso, Malen Osa, Ainara Urrutia, Lide Urrestarazu eta Oihana Zubillaga, emakumezkoen kategorian.

Arizkorretak azpimarratu duenez, proba horretan emakumeen parte-hartzea asko hazi da azken urteetan: % 16ra iritsi da proba nagusian, %19ra KB kategorian eta %26ra junior kategorian.

Lasterketaren aurkezpenean izan dira: Azahara Domínguez eta Goizane Álvarez Gipuzkoako diputatuak; Iker Zubeldia Zegamako alkatea, eta Maialen Arizkorreta antolakuntzako kidea. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Antolakuntzako kideak gogorarazi duenez, asteburu horretan jende asko espero da Zegaman, eta, beraz, «pazientzia» eskatu die jendeari, baita Zegamako Udalak eta Oñatiko Udalak gaitzen dituzten autobusak erabiltzea ere. Azkenik, gogorarazi du lasterketa streaming bidez emango dela zuzenean Youtuben, bai euskaraz bai gaztelaniaz, eta GTWk ingelesez emitituko duela mundu osorako Youtubeko kanalean. Gainera, EiTBk eta TV3k beren hedabideetan emango dute lasterketa.