Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Gazteak eta helduak elkarrekin, galdera batez gogoetan: ‘Non eta nola zahartu nahi dugu?’

Aubixa fundazioaren Maximo Goikoetxea Lotzen Sarian Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikasleek 73 bideo aurkeztu dituzte, adinekoen lekuan jarriz eta zahartzaro onak irudikatuz. Gainera, Usurbilgo Txirikordako esperientzia eta AEBetako erradiografia azalduz, norantz joan hausnartu dute ekitaldian.

Izaro Otero, Josune Murua eta Eider Calleja izan dira Maximo Goikoetxea Lotzen Sariko irabazleak.
Izaro Otero, Josune Murua eta Eider Calleja izan dira Maximo Goikoetxea Lotzen Sariko irabazleak. (Jon URBE | FOKU)

Belaunaldien arteko jardunaldia egin du ostiral honetan Aubixa fundazioak Donostiako Aquariumean, Tknikarekin batera. Maximo Goikoetxea Lotzen Sariaren bosgarren edizioaren ardatza galdera bat izan da: ‘Non eta nola zahartu nahi dugu?’.

Arrainez inguratutako areto ederra Gipuzkoako Lanbide Heziketako gaztez bete da. «Galderak urrun harrapatzen ditu. Ni ere bai herenegun arte. Baina atzotik nire zahartzaroaren bilakaera nolakoa izatea nahi dudan galdetzen diot nire buruari. Orain osasun eta bizi kalitate ona dut, baina agian bihar ez da horrela», azaldu du Lurdes Ubetagoyena Aubixako presidenteak.

Gehiago biziko gara, baina denbora gehiago izanen dugu eritasunak eta dementziak garatzeko ere. Eta gure aurrekoentzat baliagarri zenak badirudi ez diela erantzuten gaurko beharrei.

Ubetagoyenaren arabera, bizi kalitate ona ahalik eta gehien mantendu beharko dugu, gazteekin harremanetan, «ikasten duzun bitartean ez baitzara zaharra». Eta bizi kalitatea galtzen denerako, zaintza eredua errebisatu beharko dugu.

«Non bizi nahi dugun? Etxean, beti bezala»

Lehen hitzaldia Eli Genuak eman du. Farmazian doktorea da eta 35 urtez lan egin du geriatrian, ardura ugari hartuz Matia fundazioan. «Gero eta adineko gehiago izatea ez da karga, ongizaterako aukera baizik», baieztatu du.

«Non bizi nahi dugun galdetzen digute. Etxean, beti bezala. Egoitza ez da bizi aukera bat, gehiago da arazo baten aurreko erantzuna. Inork bizi nahi al du ospitale batean? Ez, baina arazorik baldin baduzu ospitale bat nahi duzu hurbil», agertu du.

Ezintasunen bat izatea eta mendekotasuna ezberdinak direla ere azpimarratu du.

Zer zerbitzu eskaintzen dira?

Non bizi nahi duten baino, zer zerbitzu eskaintzen diren galdetzea egokiagoa da Genuaren iritziz. Erran duenez, sinesgarritasun eta onarpen falta dago arlo sozialean eta etxeko laguntza zerbitzuan hori islatzen da. «Arlo berria da, sortu, baloratu eta erabili egin behar dugu. Teknologia ugari sar daiteke», erantsi du.

Azaldu duenez, eguneko zentroak erabilgarriak dira adinekoak harreman sozialak izaten dituelako eta zaintzaileak atseden har dezakeelako. Mendekotasuna handiagoa bada, egoitza behar da. Hor eredu berrien bila dabiltza

Bizi osorako da egoitza? «Bide bat izan daiteke une batean osatzeko eta gero etxera itzultzeko, baina ez dugu horrela ikusten». Datu bat: herrialderik aurreratuenek gero eta ohe gutxiago behar dituzte egoitzetan eta ospitaleetan.

AEBetako erradiografia

Ane Arruabarrenak eman du bigarren hitzaldia. Kazetaria da, generoan masterra egin du eta 10 urtez Kalifornian, Silicon Valeyn ibili da lanean. Netflixeko proiektuen zuzendari izan da, bertzeak bertze, eta orain Donostiara itzuli da.

AEBetako zahartzaroaren erradiografia egin du, 2022ko datuak emanez: 57,8 milioi herritar daude 65 urtetik gorakoak (%17), emakume gehiago gizonak baino. %25 etnia eta arraza gutxituetakoak dira. Gero eta aniztasun handiagoa dago alde horretatik. %59 bikotean bizi dira eta %28 bakarrik.

Jakina da bertan ez dagoela osasun sistema unibertsalik. Mediku aseguru pribatuekin funtzionatzen dute eta kostua handia da. Ez dituzte barne hartzen epe luzeko zaintzak, Medicare programaren erabiltzaileen %55ek baietz uste arren.

Kalean gelditzeko arriskuan

Gero eta emakume gehiago bizi dira bakarrik eta baliabide gutxiago dituzte. 65 urtetik gorako bost emakume latino eta afroamerikarretatik bat pobrezian bizi da. Emakume zuriak baino bi aldiz gehiago eta gizon zuriak baino hiru aldiz gehiago dira.

Arruabarrenak gaineratu duenez, etxerik gabe gelditzeko arriskua dute adinekoek. Bikotea hiltzea, banatzea eta eritzea horretarako faktoreak dira.

«Dena kotxez egiten da, garraio publikoak ez du funtzionatzen. Isolamendua dakar horrek. Gizarte indibidualista da eta ekoizpena saritzen du. Kalean ez nuen adineko pertsonarik ikusi», kontatu du gazteak.

Berrikuntzak enpresa pribatu eta garestietatik datoz. Ez daude diruz lagunduak. Hiru start-upen adibidea jarri du: Wellthy, arreta pertsonalizatua ematen duen zerbitzu bat; Carefull, helduak iruzur digitaletatik babesteko software bat; eta Bold, entrenamendu pertsonalizatuak eskaintzen dituena erorketa arriskua eta artikulazioen mina murrizteko.

Txirikorda

Mahai-inguruan, bi hizlariekin batera, Usurbilgo Udalak bultzatutako belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioen esperientzian, Txirikordan, bizi diren bi gazte izan dira, Haira eta Olatz.

Zeharo berria da egitasmoa; gazteei emantzipatzeko aukera eta helduei zaintza proiektu bat ematen die. Gazteek diru-sarreren arabera ordaintzen dute alokairua (%15a). «Ekonomikoki aukera oso ona zen, eta zozketa bidez sartu ginen. Behin proiektuaren barnean, oso erakargarria egin zitzaigun, baina ez da edozeinentzat. Tratu bat dugu, bai bizilagunei eta bai herriari emateko», adierazi du Hairak.

Gazteak bost urtez egon daitezke gehienez; adinekoak, aldiz, behar duten denboran. 18 bizilagun inguru dira, horietatik erdiak gazteak eta erdiak helduak. Poliki-poliki sartu dira.

Komunitate giroa

Erabakiak asanbladan hartzen dituzte denek batera. Gazteei «jaitsi erritmoa» erraten diete nagusiek. Era berean, haiek gazteago sentitzen dira. Eraikinaren egitura horretara bideratua dago. Etxera sartzeko bizilagunaren etxe aurretik pasatzen dira. Irisgarritasuna bezala, komunitate giroa zaintzen da.

Hiru pisu ditu Txirikordak eta bakoitzean bost etxebizitza daude. Gehienak gela bakarrekoak dira baina badira bikoak ere. Solairu bakoitzean aniztasuna dago, adin, genero zein jatorri aldetik.

«Garbigailuak komunitarioak dira. Ohartzeaz gain ez dela beharrezkoa hainbeste garbigailu jartzea, bitartean Ofelia bizilagunarekin hitz egiten dut. 72 urte ditu eta bere bilobak komunitateko parte dira jada», kontatu du Olatzek.

Estigmak kentzea

«Oso diferenteak gara denok, eta enpatia da kontuan hartzeko lehen gauza. Lanketa handia egin dugu: ‘Pertsona honek nola jasotzen du esaten ari naizena? Agian ez da ausartzen esatera’», azaldu du Hairak.

Aunitz ikasi eta desikasi dute. «Sei-zazpi hilabete goaz bizitzen, eta praktikara eraman dugunean teoria aldatu behar izan dugu», aitortu du Olatzek.

Ona da elkar ezagutzea, estigmak kentzeko. Pandemia eta gero gazteak deabrua ziren, baina botiloiaz gain gauza gehiago egiten dituzte.

Mahaikideak bat etorri dira haziak jartzen ari direla erratean, alternatiba bat sortzeko eta komunitatea eraikitzeko. «Gainerakoan, AEBetako errealitatera joateko arriskua dugu. Gure esku dago Usurbilera bideratzea edo AEBetara», egin dute dei.

73 bideo

Jardunaldiaren gaiarekin lotutako 73 bideo aurkeztu dituzte Maximo Goikoetxea Lotzen sarira Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikasleek. Inoiz baino gehiago izan dira.

Irabazleak Elgoibarko Meka eskolako Izaro Otero, Josune Murua eta Eider Calleja izan dira, ‘Denboraren ahotsak’ bideoarekin. «Adinekoen bakardadea gaur egungo arazo handienetako bat da. Gazteak, aldiz, inguruan jendea izan arren bakardade digital baten barruan harrapatuta daude», diote bertan. «Bi egoera hauek elkartasun falta ekartzen dute, baina hori aldatu ahalko bagenu?».

Belaunaldien arteko elkartasuna bultzatzen duen proiektua proposatzen dute, elkarrengandik ikasteko eta lotura sendoak sortzeko lekuak: lorezaintza, artea, sukaldaritza... batak besteari ekarpen baliotsua egiteko helburuarekin. Gazteek energia positiboa dakarte, helduek jakinduria. Ongizate fisiko eta laguntza emozionaleko zerbitzuak ere barne daude, maitasun sare bat sortuz.

Jorge Arevalo Donostiako industria ingeniari tekniko eta Lakuako sailburuorde izanari aitorpen berezia eginez amaitu da Aubixa fundazioaren jardunaldia.