
Nafarroako Legebiltzarrean ostegunean eta EAEkoan ostiralean bozkatuko dituzte datorren urterako aurrekontuak. Aurretik, LAB sindikatuak mobilizazio bana egin du asteazken honetan bi hiriburutan, parlamentuen atarian, aurrekontu «duinekin» politika publikoak «benetan» aldatzea exijitzeko.
Gasteizko elkarretaratzean Irati Tobarrek sindikatuaren izenean azaldu duenez, onartuko diren aurrekontuak «ez dira langileen aldeko neurriak jasotzen dituztenak» eta «diru gehiago eduki lezakete politika fiskalak aldatuz gero».
Hori dela-eta, hiru aldarrikapen eraman dituzte kalera: «langileen aldeko politikak eta zerbitzu publikoei lotutakoak hemen erabaki behar direla, zerbitzu publikoak indartu behar direla eta pribatizatutako zaintzako langileak langile publikoak direla».
Euskal Herrian erabakitzea aldarrikatzen dute publifikazioak; bizitzaren garestitzeari aurre egiteko soldatak; jardunaldia; lan kargak arintzea; enplegua sortzea eta egonkortzea; gazteberritze planak; birjartze tasak desagertzea eta behin-behinekotasuna murriztea; lan osasuna; neurri feministak eta euskalduntzea adosteko, besteak beste.
Bestalde, aurrekontu hauek «neoliberalak» direla deitoratu dute. «EAEn EAJk sustatzen duen lankidetza publiko-pribatuaren ereduaren atzean negozioa, lagunkeria, eta prekaritatea besterik ez daude Nafarroa Garaian, berriz, PSNk gidaturiko koalizio gobernua lankidetza publiko-pribatuaren eredua hauspotzen ari da, negozioari eta prekaritateari ateak parez pare irekiz; Osasunbidea eta NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren izaera juridikoa aldatu nahi izatea da horren adibiderik garbiena», azaldu du sindikatuak.
Eredu publiko-pribatuaz, Tobarren hitzetan «Pradalesek defendatzen duen kolaborazio publiko-pribatua prekarietatea ekartzen du, lagunei dirua ematea eta negozioa delako». «Oso kezkagarria da, pribatizatuta dauden zaintzako langileen kasuan administrazioak izan direla probatizatu dituztenak», gaineratu du.
LABentzat, halaber, Imanol Pradalesen Gobernua Urkullurenaren «jarraipen hutsa» da, «formetan aldaketa irudikatu nahi izan duten arren». Irati Tobarrek esan duenez, «aldebakarrez eta inposizioz» jokatzen du Lakuako Gobernua eta «atzo prentsan ezagutu genuen 4.000 postu atera direla eskaintzetan, baina ez dute hori gurekin mahai orokorrean negoziatu, ezta aurrekontuak ere». Nafarroako Gobernuaren kasuan, borrokan egon diren sektoreen aldarrikapenak kontuan hartzen ez dituztela salatu dute.
«Mobilizatzen jarraituko dugu»
Asteazken honetakoaren aurretik mobilizazioak egin dituzte aldarrikapen hauekin eta «mobilizatzen jarraituko dugu», adierazi du Irati Tobarrek. Horrela, urtarriletik otsailera hezkuntza publikoko kolektibo desberdinetan -sukalde eta garbiketan, haurreskola partzuergoan eta irakasleetan- egingo diren hamabi greba egunen berri eman du.
Gainera, udaberria pribatizatutako zaintzan mobilizazioak egiteko baliatuko dutela esan du eta Osakidetzan pribatizazioak salatzeko egiten ari diren «hainbat eta hainbat» mobilizazioak ekarri ditu gogora.
«Sektorez sektore honetan jarraituko dugu, benetan politika publikoak aldatu behar direlako, pribatizazioa gelditu behar delako eta hemen erabaki behar dugulako langileoi dagokigun guztia», gaineratu du.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

