NAIZ

‘Bilbo Hari Gorria’, atzera begira egungo hiria ulertzeko

Mobilizazio historikoak, errepresioaren eta gerra zikinaren gertaerak, garaipen handiak eta txikiak... «zentzu historikoarekin» eta «herri-sustraiarekin» eraiki nahi du memoria Etxebarrieta Memoria Elkarteak eta, horretarako, ‘Bilbo Hari Gorria’ efemerideen dinamika jarri du martxan sare sozialetan.

Bilboko memoriari buruzko ‘Bilbo Hari Gorria’ kanpaina berria.
Bilboko memoriari buruzko ‘Bilbo Hari Gorria’ kanpaina berria. (ETXEBARRRIETA MEMORIA ELKARTEA)

«Gure oraina kokatzen laguntzeko» asmoz, Etxebarrieta Memoria Elkarteak ‘Bilbo Hari Gorria’ memoria ariketa jarri du martxan urte honetan. Bizkaiko hiriburuaren azken 150 urteetako historia soziopolitikoaren errepaso bat da eta, egunero, efemeride bat partekatzen dute sare sozialetan (Instagram, Twitter eta Facebook)

Azaldu dutenez, mende eta erdi honetan, Bildo egungo unea definitzen duten gertaera zerrenda luze baten lekuko izan da: «Mobilizazio historikoak, errepresioaren eta gerra zikinaren gertaerak, aurrerapenak eta atzerapausoak, garaipen handiak eta txikiak; gure imajinario kolektiboaren parte diren oroitzapenak eta bizipenak. Horrelakoa da eraiki nahi dugun memoria: zentzu historikoarekin eta herri-sustraiarekin. Gure hari gorria. Bilbo Hari Gorria».

1875. urtea hartu dute abiapuntu. Izan ere, XIX. mendearen azken laurden horretan hasi baitzen Bilboko gizartea gaur egun ezagutzen dugun moduan marrazten.

«Bigarren Karlistaren ostean gure herriarentzat erabakigarriak ziren fenomeno sozial, politiko eta kultural berriak agertu ziren. Herri masak azaltzen dira historian, eta Bilbo ideia eta borroka berrien agerpenaren erdian dago. Ia aldi berean, langile-mugimendua eta mugimendu abertzalea agertzen dira, eta eguneroko paisaian arrasto sakona utzi zuten, XX. mendean zehar garatuz eta gaur egunera arte iritsiz», azaldu dute.

‘Bilbo Hari Gorria’ osatzen duten efemerideen artean gertaera handiak hain ezagunak ez diren beste une batzuen ondoan daude.