
Aurtengo Arabako txotx denboraldiaren irekiera Aramaioko Iturrietari egokitu zaio. Ostegun honetan egin dute eta bertan izan dira Euskal Herriko Hazien Sareko kideak, «bertako barietateak berreskuratzeko egiten duten lana eskertzeko», Iturrietako sagardotegiko arduradun Juanjo Peciñaren hitzetan. Beraz, asteburu honetatik aurrera Arabako hiru sagardotegiak zabalik egongo dira (Iturrieta, Kuartango eta Trebiñu) eta bertako arduradunek afaltzeko aukera ere badagoela azpimarratu nahi izan dute, larunbat eguerdiak dagoeneko beteta baitaude.
Aurtengo uztari dagokionez, gorabehera handiko uzta izan dela azaldu du Juanjo Peciñak. «Iparraldean gaudenok uzta eskasagoa izan dugu aurten, Gipuzkoan eta Bizkaian gertatu den antzera, baina hegoaldean daudenek uzta indartsuagoa izan dute. Horri esker, Araba mailan orokorrean uzta ona izan dela esan dezakegu».
Ondorioz, aurten 120.000 litro inguru egitea lortu dute, iazko datua baino zerbait gutxiago. Eta sagardo horren ezaugarriei dagokienez, beste herrialdeetan bezala, nahiko orekatua izatea espero da, nahiz eta apurtxo bat graduazio handiagoa eduki (6,5 gradu inguru), betiere Araban eguzkiak gehiago jotzen duelako.
Hala eta guztiz ere, Juanjo Peciñak ez dio kalifikaziorik eman nahi eta nahiago du sagardozaleek esaten dutenari itxaron. «Nik beti esaten dudana da bezeroak direla esan behar dutenak, beraiek direlako aurreko urteetako sagardoa probatu dutenak eta konparaketak egin ditzaketenak. Haiek dira enologo onenak».
SAGARDO EKOLOGIKOA
Iturrietako kasuan, gainera, bezeroek dastatuko duten sagardo guztia ekologikoa dela nabarmendu du bertako arduradunak. «Bodegan daukagun sagardo guztia bertako sagarrarekin egina izateaz gain, ekologikoan egindakoa ere bada», adierazi du Peciñak, «botilako salmenta puntuak, neurri handi batean, denda ekologikoak ditudalako». Sagardo naturalaz gain, aparduna ere egiten dute, baita zuku ekologikoa ere.
Arabako beste bi sagardotegiek ere herrialdean bertan ekoizten den sagarren zukuarekin betetzen dituzte euren kupelak, baina Juanjo Peciñak gaineratu duenez, lanean ari dira sagasti kopurua handitzeko.
Ildo horretan, Noemi Agirrek, Arabako Nekazaritza diputatuak, herrialde honek sagar ekoizpenean duen potentzialtasuna nabarmendu zuen Euskal Sagardoa jatorri-deiturak Donostian egindako aurkezpenean, eta datozen urteetan Arabako Foru Aldundiak sagastien hektarea kopurua handitzen joateko asmoa duela gaineratu zuen. «Oso sektore profesionala daukagu, sagarra ekoizteko lurra badugu, klima baldintza egokiak ere baditugu; beraz, apustua egina dago eta potentzialtasuna argia da», esan zuen.
Euskal Sagardoa ere lanean ari da Trebiñuko sagardotegia jatorri-deituraren barruan sartu ahal izateko, Ipar Euskal Herrikoak eta Nafarroakoak sartuko diren bezala.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa

Benito Lertxundi 7K-n: «Herri honek behar du osatu, jabetu zer geratu zaion atzendua»

Mural de Pepe Mujica en un barrio obrero de Montevideo: «Somos los herederos de su legado»
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista
