Agur, David Lynch: gela gorrian elkar ikusiko dugu
«Dagoeneko gurekin ez dagoen honetan, zulo handi bat utziko du munduan. Baina berak esango lukeen moduan: «Begiratu donutari, ez zuloari», adierazi zuten. ‘Blue Velvet’, ‘Twin Peaks’ edo ‘Mulholland Drive’ bezalako lan irudimentsuekin hesiak apurtu zituen zinemagile berdingabea izan zen David Lynch.

Lynchek berak iaz jakinarazi zuenez, biriketako enfisema bat zuen; une horretan, zinema ez zuela sekula utziko esan zuen, baina etxetik atera ezin izateak film berriak egitea zailduko ziola ere onartu zuen. Adierazpen horietatik bost hilabete inguru pasatu diren honetan, bere familiak eman zuen bere heriotzaren berri, ostegunean.
Albistea zabaldu ostean, hainbat jarraitzailek eta zinemagilek mezuak argitaratu dituzte sareetan. Guztien gainetik Steven Spielbergena nabarmendu da, “The Fabelmans” (2022) filmean, Lynchek berak John Forden rola jokatu baitzuen. «Munduak faltan botako du berea bezain ahots original eta bakarra. Bere filmek dagoeneko aurre egin diote denboraren joanari, eta beti egingo dute»
Zuzendari estatubatuarrak arrasto sakona eta ezabaezina utzi du zineman, telebistan eta pop kulturan oro har, ikus-entzunezko narratibaren mugak bere estilo bereizgarri eta bakarrarekin josi dituelako. Egitura narratibo “tradizionalak” apurtu eta ametsen eta errealitatearen arteko mugak lausotu egin ditu.
Lynchen filmografiako izenburu nabarmenenen errepaso azkarra egitea ez da, ez, lan makala; haren obrek jariatzen duten esentzia eta atmosfera, horiek ikustean soilik antzeman daitezkeelako. Ez dago hitzik bere lanek transmititzen dutena deskribatzeko.
“Blue Velvet”-ekin (“Terciopelo azul”, 1986) amets amerikarraren alde iluna erakutsi zuen, eta inozentziaren eta perbertsioaren arteko kontraste kezkagarria. “Mulholland Drive” (2001) Hollywoodeko alderik maltzurrena arakatzen duen labirinto narratiboa da, zinema garaikidearen erreferente handietako bat. “Eraserhead” (1977) edota “Lost Highway “ (“Carretera perdida”, 1997) estreinatu zituenean, ikusleen garunak lerrarazi zituen. Zeinen berezia den ere “The Straight Story” (“Una historia verdadera”, 1999), ziurrenik bere filmografia osoan aparteko pieza.
Lynchen ohiko estilo enigmatiko, ilun eta esperimentaletik aldenduz, benetako istorio batean oinarritutako pelikula samurra eta gizatiarra zuzendu zuen, ikusleen bihotzetara iristen den bidaia emozionala da. “The Elephant Man” (“El hombre elefante’’, 1980), “Inland Empire” (2006) eta abar. Guztiek dute zerbait berezia.
«Twin Peaks» (1990) telesailak aipamen nabarmena merezi du, telebistan istorioak kontatzeko modua irauli baitzuen. Drama, misterioa, surrealismoa eta umorea nahasi zituen Lynchek, eta gerora jaioko ziren hainbat telesailetan eragin ikaragarria izan zuen; hala nola “The X-Files” edo “True Detective’’, esate baterako.
90eko hamarkadako telebista eraldatu eta telesailak egiteko eta kontsumitzeko modua betiko aldatu zuen. «Nork hil zuen Laura Palmer?» esaldia ikusleen garunean iltzaturik geratu zen, eta bertan agertzen den gela gorria bere iruditeriaren ikono nagusietako bat bihurtu da.
Ameslaria eta iraultzailea. Film bikain eta ahaztezinez betetako ibilbidea izan arren, ez zuen inoiz Oscar saririk irabazi, eta 2020ra arte itxaron behar izan zuen Hollywoodeko Akademiaren ohorezko saria jasotzeko. Historiako zinemagile iraultzaileenetako bat izan da, eta onirikoa, asaldatzailea eta sublimea nahasten dituen estilo berezia pantaila handira eta txikira eraman ditu. Egile zinemaren kontzeptua birdefinitzeaz gain, historiak bisualki kontatzeko moduan mugarria izan da eta belaunaldi berriko hainbat zinemagileentzat inspirazio iturria.
Zinema esperientzia sentsorial bihurtzen jakin izan duen artista izan da Lynch, ameslari bat. Haren ondareak bizirik dirau, eta zinema ez dela entretenimendua soilik erakutsi digu, pertzepzioaren mugak zabaltzeko eta apurtzeko gai den arte mota oso boteretsua baizik.
Agur, David Lynch: gela gorrian elkar ikusiko dugu.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Operación «preventiva» de la Ertzaintza contra un torneo de fútbol de calle en Gasteiz

Elkarrekin y Elorza unen fuerzas para convertir San Bartolomé en «el Waterloo» de Eneko Goia
