Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

‘Euritan’ egunkari-eleberria argitaratu du Idoia Rodriguez Mondragonek

Euri neskatoaren larruan sartu da Idoia Rodriguez Mondragon ‘Euritan’ eleberrian. Estereotipoak hausteko helburuz, neskato ez heterosexual bat jarri du narrazioaren erdigunean eta egunkari forman jarraituko du irakurleak bere kontakizuna. EKE-Elkar literatura bekaren laguntzaz idatzi du liburua.

Idoia Rodriguez Mondragon, ‘Euritan’ eleberriaren idazlea.
Idoia Rodriguez Mondragon, ‘Euritan’ eleberriaren idazlea. ( Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herriko idazleen lanak sustatzea helburu duen EKE-Elkar literatura beka irabazita idatzi du Idoia Rodriguez Mondragonek ‘Euritan’ eleberria. Nerabeei zuzendutako kontakizuna da, egunkari forman eman duena, eta astearte honetan aurkeztu du Baionan.

Euskal Kultur Erakundeko (EKE) kide Franck Suarezek gogora ekarri duenez, edizioz edizio generoa aldatzen duen beka da EKE-Elkar eta iaz nerabeei bideratutako lanak jo zituzten begian, antolatzaileen ustetan, gazte literaturak idazleak behar dituelako. «Eskaintza beharra dago gazte literaturan, Iparraldean ez baitira hainbeste idazle alor honetan dabiltzanak», esan du. Eta Rodriguezen eleberriaz pista batzuk ere eman ditu: «Hamabost urteko Euriren bizipenak eta ametsak biltzen ditu, eta nerabe moduan murgildurik egoten gara liburuan. Ez da beti erraza bilakaera garai horretan bizitzea, baina ikasten ditugu gauza anitz. Plazera hartu dut irakurtzearekin», ziurtatu du.

Hitza hartuta, idazketa prozesuaz eta eleberri honekin erdietsi nahi zituen helburuez aritu da Rodriguez. Azaldu duenez, euskara irakaslea da bera eta zeregin horretan hasi zenean ohartu zen irakaskuntzan erabiltzen diren euskarriak «aski estereotipatuak» direla. Hor zer ikertua eta, batez ere, aldatua bazegoela sinetsita, gazte literaturako genero esteretipoen gaineko tesi bat lantzeari lotu zitzaion. «Haur eta gazte literatura aztertu nuen, Euskal Herrikoa baina baita frantses Estatukoa ere, eta pentsatu nuen ongi izango litzatekeela urrunago joatea eta nire proposamena egitea», kontatu du.

Eta, hain zuzen ere, orduantxe jarri zen EKE-Elkar literatura beka nerabeei begira. «Ausartzea erabaki nuen», esan du. Rodriguezen ama hizkuntza frantsesa dela-eta, jatorriz hizkuntza horretan idatzi zuen eleberria. «Euskaraz hasi nintzen, baina ez da nire ama hizkuntza, euskara ikastolan ikasi nuen», azaldu du, eta bere helburua emakumezko pertsonaia bat kontakizunaren erdigunean jartzea izan dela berretsi du: «Nire helburua neska bat zentrora eramatea zen, badakigulako ikerketen eta salmenten arabera, nerabeei zuzentzen direnak direla mutikoak dituztenak protagonista. Nik erabaki dut alderantzizkoa egitea, eta neska bat izateaz gainera beste elementu bat ere gehitu diot: ez da heterosexuala, neskak maite ditu».

«Periferian» egon ohi den pertsonaia kontakizunaren erdigunera eraman nahi izan du, erakustarazteko «honek ere badituela gauzak esateko. Bere esperientziak kontatzen ditu, bere abenturak, bere lagunartea du eta horien gorabeherak erakusten dira. Gazte bizimodua».

Heziketa sexualaren beharra

Tabuak apurtzera ere joan da Rodriguez. Eta ‘Sex Education’ telesailean jarri du begia, gazteen esparruan heziketa sexualak duen garrantziaz hausnartu eta gai honetaz behar baino gutxiago hitz egiten dela uste baitu. «Nik nerabe nintzelarik halako zerbait nahi nuen. Bizipenak, sexualitatea kontatua da eta nik ere eleberrirako hori nahi nuen», adierazi du. Telesail honetan darabiltzen umorea ere oso gustukoa duela aipatu du Rodriguezek eta, hala, «umore hori ere atxiki nahi izan dut. Nerabe nintzelarik maite nuen irakurtzea eta ez zen erraza atxematea zerbait egokia zena niretzat iparraldeko euskalkian. Hori nahi nuen», nabarmendu du.

Formari dagokionez, Euriren bizipen horiek egunkari moduan aurkeztera deliberatu zen Rodriguez. Forma hori aurkitzea, baina, kosta egin zitzaiola aitortu du. «Hilabeteak pasa nituen idazten ordenagailuan», esan du, baina ez zuen argirik ikusi bi asteko oporraldia iritsi zitzaion arte. Zerbait ezberdina probatu behar zuela ikusirik, kaiera bat erosi eta eskuz idazten hasi zen, egunero zerbait. Pertsonaiarekiko konexioa horrek eman ziola ziurtatu du eta, beraz, liburua egunkari forman idaztea erabaki zuela: «Bere bizipenak kontatzen ditu egunkarian, eta liburuan bada misterio bat: giltza bat aurkitzen du, eta saiatzen da aurkitzen zertarako den».

‘Euritan’ eleberria argitaratuta, EKE-Elkar literatura beka edizio berriari begira jarria da. Aurkezpenean iragarri dutenez, aurten helduentzako literaturako proiektu bati esleituko zaio beka eta proposamenak bidaltzeko epea irekia da jada: maiatzaren 31 arte dago proposamenak bidaltzeko epea eta ekainean iragarriko dute irabazlearen izena. Beka eskuratzen duenak urtebete izango du proiektua ontzeko.