«Emakumeentzat eta neskentzat, aire zabaleko espetxe erraldoia da Afganistan»
Khalida Popal futbolari ohia eta ekintzaile feminista afganiarra da. Futbol selekzio absolutuko kapitaina izan zen eta 2011tik Danimarkan bizi da, errefuxiatu gisa. Bilbon izan da, Mundo Cero Talks BBK ekitaldiaren lehen edizioan.

Jakina da zein eragin duen hezkuntzak neskengan eta emakumeengan. Baina zein rol jokatzen du kirolak haien ahalduntzean?
Afganistan bezalako herrialde zapaltzaile batean, non emakumeek ia ez duten oinarrizko giza eskubiderik, hala nola hezkuntzarako eskubidea, kirola egiteko eskubidea, ezta gizaki izateko eskubidea ere ia. Kirolak garrantzi handia izan du nire bizitzan. Kultura oso zapaltzailetik gentozenoi zaila egiten zitzaigun gure eskubideez jabetzea. Kirolak lagundu zigun, eta, nire kasuan, futbolak eman didana tresna bat izan da, gure buruarengan konfiantza sortzen lagundu diguna, gure ahotsen eta gure bizitzen jabe izaten eta bidegabekerien aurka altxatzen, emakumeei eta neskei oinarrizko giza eskubideak izatea eragozten dien egituraren kontra.
Girl Power Organization sortu zenuen. Zer lan mota egiten duzu erakundean?
Errefuxiatu gisa hainbat zentrotan bizi izan naiz. Mendebaldera datorren errefuxiatu bezala, kontua ez da emakume izatea bakarrik, koloreduna ere bazara, errefuxiatu izaera duzu eta narrazio negatiboa sortu dute zuri buruz, zure inplikaziorik gabe, eta eragin negatiboa du gugan. Errefuxiatu zentroetan bizi izandako depresioen aurka kirolak asko lagundu zidan. Nik ere bertako neskei eta emakumeei futbolean jokatzen lagundu diet, zeregin bat bilatzen eta oztopoak gainditzen. Erakundeak Danimarkan du egoitza, eta emakumeei eta neskei kirolaren eta lidergoaren alorreko hezkuntza ematen diegu, batez ere baztertutako komunitateetan zentratuz, koloreko emakumeei eta errefuxiatuei buruzko kontakizuna aldatzen saiatuz, gizartean ekarpen positiboa egiten ari garela adibide onak erakutsiz.
Askotan mendebaldeko herrialdeek emakumeen egoera aitzakia gisa erabili dute Afganistango gatazketan parte hartu eta baita horiek sortzeko ere. Nola eragiten die neskei eta emakumeei?
Munduko edozein gatazkatan, aldaketatan eta erronkatan, baita krisi klimatikoan ere, lehen biktimak, zoritxarrez, haurrak eta emakumeak dira, eta Afganistanen ere berdin. Gerra urte luzeek asko kendu diete herrialdeko emakumeei, gizaki izateko eta existitzeko dugun eskubidea barne. Afganistango erortzearen ostean, emakumeek eta neskek debekatuta dute hezkuntza, kirola eta edozein gizarte jarduera. Emakumeentzat eta neskentzat, aire zabaleko espetxe erraldoia da Afganistan.
Lorpen handiak egin zenituen Afganistanen, baita emakumezkoen futbol selekzioa sortu ere. Zerk bultzatu zintuen erbestera?
Futbola aktibismorako tresna zen niretzat. Ez nuen jokatzen gustatzen zitzaidalako bakarrik. Giza eskubideen alde egiteko erabiltzen nuen. Ekintzaile bezala gogorra izan zen bide hura; nire bizitza arriskuan zegoen, sistemari desafio egiten niolako. Artean agintean zeuden buruzagiek ez zuten esku hartu, eta horregatik jaso nituen heriotza mehatxuak. Alde egin behar izan nuen bizia salbatzeko, eta errefuxiatu bezala herrialde ezberdinetan bizi izan nintzen, Danimarkan geratzeko baimena lortu arte. Afganistan terroristen eskuetan erori zenean, nire taldekideen bizitza arrisku bizian zegoen. Babesa behar zuten, eta futbola haien ahizpen ahotsa izateko erabili nuen. Kanpaina bat abiatu nuen etxe seguru bat bilatzen laguntzeko. Orain munduan zehar ebakuatuta daude.
Gaur egun nolakoa da emakumeen egoera Afganistanen, bereziki kirolaren alorrean?
Talibanek diote ez dela egokia emakumeek eta neskek kirola egitea, ez dagoela gure kulturan eta ez dutela jolastu behar. Emakumeak eta neskak depresioa, estresa eta antsietatea jasaten ari dira, abandonatuta eta etxean preso daudelako. Kanpotik egin nahi duguna da haien eskubideak babestu eta defendatu. Gero eta okerrago dago egoera. Kanpotik ahalegin guztiak egiten ari gara, ditugun aukera mugatuekin, laguntzen saiatzeko.

La alcaldesa de UPN plantea una acusación de cuatro años de cárcel para Raimundo el Canastero

En el día contra la tortura, Arnaldo Otegi relata en redes sus días de detención y tormento

Benito Lertxundi 7K-n: «Herri honek behar du osatu, jabetu zer geratu zaion atzendua»

Mural de Pepe Mujica en un barrio obrero de Montevideo: «Somos los herederos de su legado»
