
Ostegun honetan iragarri da 2025eko Itzuliaren ibilbide ofiziala. Ekitaldia Buesa Arenan antolatu da, izan ere lehenengo etaparen irteera eta helmuga bertan topatuko dituzte txirrindulariek. 64. edizioa banakako erlojupeko batekin hasiko da, Gasteiz inguruan, eta hortik aurrera atseden gutxi izanen da sei eguneko lasterketan.
Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaia zeharkatuko ditu ibilbideak. Iaz, 46 urteren ostean, lasterketa Ipar Euskal Herrira itzuli zen, baina aurten ez du lurraldea bisitatuko.
Antolatzaileek adierazi dutenez, «oso ibilbide irekia da eta baliteke lasterketa azken egunera arte erabakita ez egotea. Zenbait etapa tranpa daude; beraz, faboritoak erne ibili beharko dira eta euren onena eman beharko dute».
Aldeak lehenbiziko egunetik markatuko dira. Txirrindulariek erlojuaren kontrako lanean ekingo diote Itzuliari, apirilaren 7an, Gasteizen, 18 kilometro luzeko erlojupekoan. Buesa-Arena estadiotik irten eta bertan amaituko da erlojupekoa. Etaparen lehenengo erdiak zenbait malda ditu. Arzubiaga herrirako igoera puntuagarria izango da, eta hor erabakiko da mendiko lehen mailota Lubinaoko udalerritik aurrera, erliebea aldekoa izango da; beraz, zatirik azkarrena eta espezialistentzat egokiena izango da.

Lehen egunean irekitako aldeek lasteketa markatuko dute, bakarkako lan horretan hain trebeak ez direnak hasieratik erasora behartuz. Hala ere, horretarako pixkat itxoin beharko dute. Izan ere, bigarren etapa, Iruñea eta Lodosa lotuko dituena, edizioko errazena izango da, behintza profilari so eginda. Aurtengo etaparik luzeena ere hau da, 200 km ingururekin, baina zailtasun gisa soilik hirugarren kategoriako mendate puntuagarri bakarra topatuko dute txirrindulariek. Esprinterako etapa beharko luke.
Hirugarren egunean, aldiz, faboritoen txanda iritsi beharko litzateke. Behintzat sailkapenari lotuta jarraitzeko. Ibilbidea ez da oso luzea, azken urteetako joerari segika, baina 7 mendate ditu Zarautz eta Beasain 156 kilometrotan lotuz. Ez dira mendate bereziki latzak, horietako bost hirugarren kategoriakoak baitira, baina, azken kilometroetarako, astun egingo dira txirrindularien zangoetan ziur.
Laugarren etapa Beasainen abiatuko da eta Markina-Xemeinen aurkituko du helmuga. Txirrindulariek 7 mendateri egin beharko diete aurre, haien artean Izuakoa, 1. kategoriakoa eta helmugatik gertu topatuko dutena. Igoera ez da errepide orokorretik edo Krabelinetik Arraterako igoeratik egingo. Matsaria industriagunetik joango da, baserri artean doan eta % 20ko maldak dituen errepide oso estu batetik. Bidea bera nahikoa da aldeak markatzeko. Goitik beherakoan topatuko dute helmuga.
Pello Bilbaoren sinadura
Bosgarren eta azkenaurreko etapa Urduñatik abiatuko da eta Gernikan amaitu. Herritarrek etxeko txirrindularia ikusteko aukera izanen dute, Pello Bilbao. Bahrain-Victoriouseko txirrindulariak begiz jota izanen du etapa. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, diseinuan ere lagundu du. Irteera eta gero, Amurriorantz zuzenduko dira, ondoren Urduñara itzuli eta Gernikara abiatzeko. Bidetik, lau mendate gainditu beharko dituzte ibilbidearen azken zatiko zenbait eremutan.
Azken lehia, ohi moduan, Eibar inguruan izango da. Irteera eta helmuga Unzaga plazan izango dira. 150 km baino gehiagoko ibilbidean zehar, 7 mendate egongo dira, horietako 3 lehenengo kategoriakoak. Aurtengo edizioan, Krabelineko igoera etaparen hasieran aurkituko dute, urrutiko mugimenduak ahalbidetuz. 2024ko edizioarekiko aldaketa nabarmenen artean, bi igoera egingo dira Trabakuara, Gorlakoa desagertuko da, baina Karabietakoa gehitu da, Bergarara iristeko. Zalantzarik gabe oso etapa bizia izango da eta hor erabakiko da 2025eko Itzuliaren garailea.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
