NAIZ

Xuhar Herri Plataformak elkarretaratzea egin du «justizia» eskatzeko, pilotakadatik urtebetera

Ertzaintzaren foam pilota batek jo zion duela urtebete begian Xuhar Pazos gazteari Tolosako inauterietan zebilela; urtea bete den honetan elkarretaratzea egin dute senide eta lagunek leku horretan bertan gertatutakoa oroitu eta justizia eskatzeko.

Ostiral honetako elkarretaratzean, Xuhar Pazos erdian, bere gurasoek inguraturik.
Ostiral honetako elkarretaratzean, Xuhar Pazos erdian, bere gurasoek inguraturik. (Jon Urbe | FOKU)

Urtea bete da Xuhar Pazos billabonatarrari Ertzaintzaren foam pilota batek begian jo zionetik, ostiral arratsalde honetan, urtebete igarota, elkarretaratzea egin dute Tolosako Soldadu kalean, gertakarien leku berean.«Urtebete igaro dela gogoratzeko eta ardura zein justizia eskatzeko» elkartu direla jakinarazi dute Xuhar Herri Plataformako kideek.
 
Auzia artxibatuta dago, Xuharrek deklaratu ere egin gabe, eta helegitearen ebazpenaren zain, eta Xuharri alta medikua eman diotela jakinarazi du plataformak, nahiz eta ikusmena galdu duen eskuineko begitik. Kasua berriro irekitzeko eskatu du plataformak: «Polizia horiek beren lana gaizki egin zuten eta epaituak izan behar dute. Ardurak har ditzaten eskatzen dugu. Nor da gertaera larri honen erantzule?».

Jon Pazos, gaztearen aitak, hartu du hitza plataformaren izenean, eta «indarkeria neurrigabe eta desproportzionatua» izan zela salatu du: «Xuhar tirokatu zuen poliziak eskopeta hustu zuen bertan, hamabost kartutxo bota zituen, euren atestatuan bertan azaltzen denez». Gogoratu du «lurretik ezin altxa eta laguntza eske ibili zela Xuhar, eta ertzainengana zuzendu da: «Lotsagarria. 16 urteko nerabea lurrean botata utzi zenuten, nazka ematen didazue».

Bestalde, polizia ereduaren gaia ere jopuntuan izan du Pazosek eta Xuharri gertatu zitzaiona berriro ez gertatzeko neurriak hartu behar direla nabarmendu du: «Esku hartze horiek jendea larriki zauritu dezakete eta ez duzue kontuan hartzen. Tamalgarria da eta kezkagarria da. Nola erabili daiteke hil dezakeen materiala, gainezka dagoen kale batean? Bada garaia eredu polizial hau mahai gainean jartzeko, ondo eztabaidatzeko eta lantzeko».

Tolosan egin dute elkarretaratzea, ostiral iluntze honetan.
Tolosan egin dute elkarretaratzea, ostiral iluntze honetan.

GAUR8k abenduan Xuhar Pazosen gurasoei egindako elkarrizketan egoera judizialen berri galdetutakoan «harrituta» zeudela erantzun zuten: «Espero genezakeen beste edozer gauza, baina Xuharren kasua artxibatzea dauzkagun frogak edukita... Irudiak, fotogramak, bideoak... Erkoreka jaunak esandakoa gogoratu besterik ez dago. Hasieran borroka bat zen, gero botilakada bat, gero foam kartutxo bat zela baina ez zuela zuzenean jo, botila bat jaurtitzera zihoan bat besoan jo zuela.. Zuek jaurti duzue foam bala hori, zuek lehertu diozue begia gure semeari. Artxibatu? Baina nola?».

Elkartasuna lehen egunetik

Gaztearen aldeko elkartasun uholdea hasiera hasieratik abiatu zen, astebete baino gutxiagora sanide eta lagunek agerraldia egin zuten ‘Biolentzia polizialik ez. Bada garaia gauzak aldatzeko’ lelopean. Lakuako Sergurtasun sailburuarengana zuzendu ziren, karga polizialaren ardurak argitzeko eskatuz, eta polizia eredua jomugan jarriz: «Ezin da onartu horrelako jarrerak dituen eredu polizial bat izatea. Nahikoa da! Ea behingoz aldatzen den hau guztia!».

Jasotako elkartasun guztia eskertzeko tartea ere hartu du Pazosek: «Zuengatik ez balitz askoz zailagoa izango zatekeen hau guztia. Herriak bakarrik salba dezake herria».

Hilabete igarotakoan eserialdia egin zuten Tolosan, kale berean, eta salatu zuten Segurtasun Sailetik «kasua desitxuratzeko» ahalegina egin zutela. «Kale honetan istilu larri batzuk disolbatzeko aitzakiapean, ustez bertan zegoen jendearen segurtasuna bermatzeko asmoz, sartu zen Ertzaintza kalean. Ertzaintzaren esanetan, bertan zeuden gazteak botilak botatzen hasi eta ertzainen segurtasuna arriskuan zegoela-eta, foam jaurtigaiekin oldartzea izan zen ertzainen erantzuna», ekarri zuten gogora. «Botilak, eskudo, kasko eta eskopeten aurka. Hori da proportzionaltasuna?», galdetu zuten, eta salatu jaurtitako foam jaurtigaietako batek 16 urteko gazte bati kalte larri atzeraezinak eragin zizkiola begian. «Hori da protokoloa betetzea?».

Elkartasun jaialdia ere egin zuten pasa den abenduan, eta bertan ateratako argazkiekin ‘Zu izan zinteke’ erakusketa zabaldu zuten abendu amaieran Villabonako Iratzar tabernan. Ostiral honetan, Tolosara eraman dute erakusketa elkarretaratzearen ostean ikusteko.