
Euskadiko Parke Teknologikoaren jabetzako eraikina egingo dute Hernaniko campusean, Galarretan. Gaur jarri dute lehen harria, besteak beste, Imanol Pradales lehendakariaren, Mikel Jauregi Lakuako Gobernuko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatearen eta Jaione Ganzarain Euskadiko Parke Teknologikoko presidentearen parte-hartzea izan duen ekitaldian.
Ellen MacArthur eraikin berria irizpide ekojasangarrien arabera diseinatutako instalazio berezi bat izango da eta Gipuzkoako Parke Teknologikoan dagoen okupazio eta eskari handiari erantzutea du xede. 2026aren amaierarako bukatuta egongo dela aurreikusten dute, eta 10.000 m²-ko azalera izango du, Parke Teknologikoak enpresa teknologikoen eskura jarriko duena. Horietatik 2.300 scale up fasean dauden enpresei zuzenduta egongo dira.
«Parke teknologikoen aldeko apustuak islatzen du amets egiteko eta eraikitzeko gai izan ginen herria, duela lau hamarkada, lehiakortasuna berreskuratzearren gure ekonomia modernizatzeko premia handia zegoenean», azpimarratu du lehendakariak gaur goizeko ekitaldian.
Hernaniko campusera sartzeko biribilgune nagusiaren ondoan dago eraikin nagusi berria, eta azpiegitura malgu gisa konfiguratu dute, enpresa bakoitzaren baldintza partikularretara egokitu daitekeen azpiegitura izan dadin, hain zuzen ere. Barrualdean bulego pribatizagarriak, prototipo teknologikoetarako espazioa, RIS3 laborategiak eta zerbitzu osagarriak egongo dira, hala nola, coworking gela, erabilera anitzeko gelak eta Agora.
Bizikleta eta patinete elektrikoentzako aparkalekua ere izango du, baita ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ere, Parke Teknologikoak mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen apustuaren ildotik.
Azpiegitura berdea eta adimenduna
Eraikin honen eraikuntzarekin, «Euskadiko Parke Teknologikoak indartu egiten du gizartearen oraina eta etorkizuna hobetzen lagunduko duten azpiegitura berde eta adimendunak sortzeko konpromisoa», ekitaldian aditzera eman dutenez. Ildo horretatik, Ellen MacArthur eraikinak ingurumen aldetik «jasangarria den eraikina izateko bokazioa dauka», ekodiseinuan eta ekonomia zirkularrean oinarrituta egingo baitute.
Izan ere, eraikina egiteko erabiliko dituzten materialen %40 birziklatua izatea da asmoa. Era berean, energia berriztagarrien aprobetxamendua erraztuko dute, errendimendu handiko sorkuntza termikoa, instalazioen digitalizazioa eta kontrola (BMak), kontsumoen eta energia iturrien optimizazioa eta euri uraren eta ur grisen berreskurapena baliatuta.
Ekitaldian baieztatu dute Hernaniko eraikin nagusi berria gehitzea «beste mugarri bat» dela Gipuzkoako Parke Teknologikoarentzat. Gaur egun, campus horretan COUTH enpresa dago, duela urtebete baino gutxiago bere instalazioak inauguratu zituena, baita Mondragon Unibertsitatea, Ikerlan eta Orona Fundazioa ere. Era berean, ekitaldian nabarmendu dutenez urrats garrantzitsua da Gipuzkoan espazio berrien eskariari erantzuteko, egungo eraikinen okupazio handiaren aurrean, ia %100ekoa delako—. Eraikin berria egiteko estimatutako kostua 18,2 milioi eurokoa da.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da
