NAIZ

Zarauzko Gurutze Gorriko komiteak dimisioa aurkeztu du Felix Zubiak zigorra jaso ondoren

Felix Zubiak EAEko zuzendaritzatik jasotako zigorrak haserrea eragin du Zarauzko Gurutze Gorriaren komitean. Lasterketa batean «motor partikularrak erabiltzeagatik» zigortu zuten Zubia. Zarauzko komitearen ustez, zigorra «neurriz kanpokoa da» eta hori dela eta dimisioa aurkeztu dute kide guztiek.

Felix Zubia, Donostian 2022ko abenduan egindako agerraldi batean.
Felix Zubia, Donostian 2022ko abenduan egindako agerraldi batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zarauzko Gurutze Gorriaren komiteko kideek dimisioa aurkeztu dute Felix Zubiak bost urteko kargugabetze zigorra jaso ondoren, ohar batean jakinarazi dutenez. Zubia Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko (ZIU) burua da eta pandemia garaian maiz azaldu zen komunikabidetan.

Zubiak Zarauzko Triatloian «motor partikularrak erabiltzeagatik» zigortu zuen EAEko Gurutze Gorriaren Eskubide, Berme eta Betebeharren Batzordeak. Zarauzko komiteko kideen arabera, lasterketa honetan arriskuak egon ahal ziren eta horregatik sorosleak motorrekin aritzea erabaki zen. Modu honetan korrikalari batek arazoak izango balitu lasterrago artatu ahal izango zuten.

Honekin batera, motor hauek lasterketaren aseguruaren barnean zeudela eta Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ibilgailu hauek erabiltzen ari zirela bazekitela gaineratu dute.

«Neurriz kanpoko zigorra»

Gauzak horrela, «injustu eta desproportzionatutzat» jotzen dute Zubiak jasotako zigorra Zarauzko komiteko kideek. Ondorioz, dimisioa aurkeztea erabaki dute. Jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Zuzendaritza Probintzialak ere dimititu egin du, buruak barne.

Zubiarekin jazotakoa ez dela «gertaera isolatua» ere gaineratu dute. Izan ere, itsas salbamenduaren kudeaketaren inguruan desadostasunak agerian gelditu dira.

Zarauzko komiteko kideek agerraldia egingo dute ostegunean, hilaren 27an, Getariako Arrantzaleen Kofradian.