
Osoko zuzenketak aurkeztuko dizkio EH Bilduk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJk eta PSEk landu duten erreforma fiskalari, Nerea Kortajarena Programa idazkariak jakitera eman duenez.
Nabarmendu duenez, EAJ eta PSEren testuak «ez dira zerga erreforma bat, baizik eta kenkari efektisten zerrenda bat, gure zerga bilketarako ahalmena murrizten duena». Ildo honetan, erreforma baino «ukitu fiskala» dela adierazi du. Beste bazkide bat beharko dute EAJk eta PSEk euren egitasmoa Araban eta Gipuzkoan aurrera ateratzeko. Bizkaian gehiengo osoa dute.
Kortajarenak gogoratu duenez, iazko urrian proposamena egin zieten EAJ eta PSEri, hiru herrialde hauetako aldundiak gobernatzen dituzten alderdiei, Euskal Herriak dituen erronkei aurre egin ahal izateko «elkarlanerako eta elkarrizketarako espazio bat sortzea» eskainiz.
Ziurgabetasun testuinguru batean, diru bilketaren aurreikuspenak okerrera zihoazenean eta zailtasun ekonomikoak daudenean egonkortasunerako eskaintza bezala aurkeztu zuen EH Bilduk bere proposamena.
Akordio globalari ezetza
Proposamen honen oinarria akordio globala zen, erakunde guztietako aurrekontuak eta zerga sistema barne zituelarik. Kortajarenak gogoratu duenez, EAJk eta PSEk proposamen hori atzera bota zuten.
«Erreforma fiskal sakon bat egin beharrean, azaleko doikuntza bat aurkeztu dute, ukitu fiskal soil bat, egiturazko arazoei heldu beharrean, egoera makilatzen duten kenkariak eskaintzera mugatzen dena, sakonetik konpondu gabe. Arau proposamen hau egungo egoera ekonomikoak eskatzen duen erreformatik oso urrun dago. Onartua izateko gehiengoaren babesik lortzeko gai ez izateaz gain, ezer ez erreformatzeaz gain, ziurgabetasuna handitu eta diru bilketa murriztea ekarriko du», esan du Kortajarenak.
Zuzenketa partzialak
Osoko zuzenketarekin batera, partzialak ere aurkeztuko ditu EH Bilduk. Hauen artean, PFEZen kapital errentei ematen zaien «tratu pribilegiatua» ezabatzea eta lan errenten tributaziora hurbiltzea proposatuko da.
Honekin batera, kapital errentarako eskala berria sortzea eskatuko du EH Bilduk, Nafarroakoa eredutzat hartuz, egungoa baino progresiboagoa bilakatuz eta herrialdeen arteko dumping fiskala saihestuz.
Nafarroa ere eredutzat hartzen dute PFEZen beste bi tarte gehitzeko proposatuz, modu horretan beste hiru herrialdeetan progresibitate gehiago izateko.
Kenkariak aplikatzeko eredua aldatzea ere eskatzen du EH Bilduk, Europako beste herrialdeetan indarrean dagoen sistema hartuz. Egun, laguntza asko errenta aitorpenaren kenkari gisa ematen dira, errente baxuenak kanpoan uzten direlarik. EH Bilduk proposatzen duen sistemarekin urtean 20.000 euro baino gutxiago irabazten dutenek ere laguntza hauek eskuratzeko aukera izango lukete.
Sozietateen gaineko zergan eta Ondarearenean ere aldaketak proposatzen ditu koalizioak. Errentan bizi direnentzat ematen diren laguntzak alokairuaren prezioa jaisteko erabilgarriak izatea ere nahi du.
«Euskal gizartearen ongizatea bermatzea»
«Zuzenketa hauen bitartez, fiskalitatearen garrantzia aldarrikatu nahi dugu, datozen hamar urteeetan euskal gizartearen ongizatea bermatzeko ezinbesteko tresna baita. Gure erakundeen diru bilketa ahalmena indartzen ez badugu, nola eutsiko diegu zerbitzu publikoei? Nola sortuko dugu aberastasuna? Eta nola banatuko dugu modu bidezkoan?», galdetu du Kortajarenak.
«2025ean gaude eta zain ditugun erronka eta eraldaketa handiei aurre egiteko prestatu behar gara. Etorkizunari begira jarduteko unea da. Sektore publiko indartsua eta egonkorra behar dugu, ez bakarrik orain, baita datozen urteetan ere. Eta hori posible izango da soilik zerga eredu aurrerakoi eta zuzen batekin», gaineratu du.

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Uno de los detenidos en Ordizia va a prisión y el otro queda libre

Hamarnaka eragile batu dira Hatortxu Rocken agur festara

Alertan de que Solaria ocupará miles de hectáreas en Araba para centros de datos a hiperescala
