«Klubean lanean jarraituko dut; areto futbola uztea ez da shock hain traumatikoa izango»
Roberto Martilek (Irurtzun, 1987) areto futbola utziko du denboraldiaren amaieran. 15 urterekin ikastolan zegoela jaso zuen Xotaren deia eta, Saloun urte «nahiko zaila» iragan ostean, etxera bueltatu zen ibilbidea bertan egiteko. Lesioak bizi izan ditu, baina bizitako kontu onekin geratzen da.

«Klubean lanean jarraituko dut; ez da shock hain traumatikoa izango»

Aste arraroa izaten ari da Xota taldearen inguruan dabiltzan kirolari zein zaleentzat. Duela egun gutxi kapitainak areto futbola utziko duela iragarri zuen, eta haren aldeko mezu positiboak eta hunkigarriak alde batetik bestera iragan dira. ‘One Club Man’ bezala ezagutua izango den Roberto Martili zortzi partida geratzen zaizkio talde berdearekin, disfrutatzeko eta merezi duen agurra izateko.
Irurtzunen, etxean, bi hamarkada egin ditu jokatzen, kolore guztietakoak bizitzen ere bai. Jokalariaz gain, pertsona «on» bat bezala ezagutua izan nahi du eta zaleei azken gauza bat eskatu die: azken hauspoa eman dezaten.
Xotan urte pila baten ostean, erretiroa hartuko duzu. Nolakoa izan da erabakia hartzeko unea? Aurretik pentsatuta al zenuen? Buelta asko eman dizkiozu azken hilabeteetan?
Erraza ez da izaten, baina, abuztuan hasi ginenean, buruan nuen nire azken denboraldia izan behar zuela. Horregatik izan da pixka bat errazagoa. Ni ongi nago orain. Hurrengo urtean ikustean dudanean ez nagoela hor barruan, konturatuko naiz, baina orain nahiko ongi nago.
15 urterekin jaso zenuen lehen deia Xotaren lehen taldearekin aritzeko. Nola oroitzen duzu momentu hori?
Urduri jarri nintzen. Ikastetxean nengoen, jolas orduan. Imanol Arregik deitu zidan, entrenatzera joateko. Oso pozik jarri nintzen, baina oso urduri ere bai.
Zer egin zitzaizun zailena zure lehen urteetan profesional bezala?
Lehenengo gauza, debuta umeak bezala bizi nuen. 18 urterekin Saloura joatea, denboraldi oso bat etxetik kanpo... Etxean nik ez nuen ezer egiten, ez garbitu, ez kozinatu, ez garbigailua jarri; eta gero hara joan eta egin behar duzu denetarik. Eta jolasten, entrenatzen, beste jendearekin, kanpotarrak, ezberdina izan zen eta nahiko zaila. Gero etxera bueltatu nintzenean, pixkanaka-pixkanaka minutu gehiago jolastea eta etxeko taldean aritzea, hobeto.
Etxeko taldea eta zure ibilbide osoa burutu duzu Xotan, zure herrian. Gaur egun hau ez da ohikoa izaten kirolean. Zerk bultzatu zaitu bi hamarkada baino gehiagoz Xotari leial izatera?
Herrian bezala ez da inon egoten. 2.000 biztanle baino ez gara Irurtzunen eta, gainera, Asier Llamas, Dani Saldise eta Ion Cerviño, lau gara bertakoak; eta hori ez da normala. Gu gara etxekoak, asko baloratzen dugu gure jendearekin egotea, bai kuadrillan, bai familian. 18 urterekin kanpoan izatea nahiko zaila izan zela ikusi dut; hemen beti egon naiz oso pozik eta garrantzitsua sentitu naiz beti.
Izan al dituzu eskaintzak beste talde batera joateko?
Ez asko. Bai etortzen zela errepresentanteren bat edo talderen bat, baina oso argi nuen hemen geratu nahi nuela, eta uste dut beste taldeetan bazekitela hori.
Urte hauetan guztietan momentu asko bizitakoa zara, onak eta txarrak. Momentu berezirik markatuta al duzu zure ibilbidean?
Asko daude: Espainiako Kopa asko, play offak... Baina buruan bai dudala beti debuta 2005ean, eta baita bi finalak ere. 2010ean jokatu genuen Ligako finala, eta meritu handia izan zuen. Lau partida izan ziren, nire lehenengo gola finalean Murtzian... Baina bat aipatu beharko banu, hori da Errege Kopako finala 2017an, Guadalajaran. Jende asko joan zen, dena berdea, oso polita izan zen, oso gertu ibili ginen irabazteko. Galdu genuen, baina sekulako festa egin genuen jendearekin han Guadalajaran. Ederra izan zen egun hori.
Noski, momentu gogorrak ere biziko zenituen...
Lesioak beti egon dira. 2019an besoa apurtu nuen, baina hiru hilabete bakarrik egon nintzen kanpoan. Orain dela bi urte belaunaren lesioak min asko egin zidan. Nahiko gogorra izan zen, etxean ere, urtebeteko eta hiru urteko bi alabekin, ezin nuen lagundu. Pixka bat gogorra izan da, baina azkenean aurrera joan gara eta agian lagundu dit beste pauso bat emateko.
«Momentu bat aipatu beharko banu, hori 2017ko Kopako finala da. Jende asko joan zen, dena berdea. Oso gertu ibili ginen irabazteko, baina sekulako festa egin genuen jendearekin han Guadalajaran»
20 urte baino gehiagoren ondoren, erretiroa hartzeko erabakia hartu duzu. Zein izan da arrazoi nagusia?
Esan dugun bezala, uste dut lesioa ez dela ongi geratu. Bestalde, 38 urte ditut, urte pila bat dira. Bigarren entrenatzaile bezala ere aritu naiz. Bi arloetan egotea ez dut ikusten, eta azkenean erabaki bat hartu behar nuen, eta uste dut momentua zela.
Bi figura uztartzen aritu zara. Klubari lotuta egoteko asmorik ba al duzu edo gustatuko al litzaizuke?
Bai. Pixka bat hitz egiten ari gara klubarekin. Ideia hori da, ea non geratu. Miguel Hernandezekin bigarren entrenatzaile bezala egon nahi nuke, eta uste dut koordinatzaile bezala arituko naizela haurrekin, Irurtzungo talde guztiekin.
Honek erretiroa arinduko du, beraz. Hau da, ez da berdina uztea edo utzi eta behintzat klubari lotuta segitzea.
Hori da. Nik ere hala uste dut. Ez da shock hain traumatikoa izango uztea eta beste gauza batean egotea, taldearekin pixka bat egoten banaiz. Gainera, lesioarekin bizi nuen, egon nintzela hamar hilabete kanpoan eta aulkian. Horrela egon naiz. Gainera, Eseverri eta erretiratuta dauden beste jokalari garrantzitsu batzuekin hitz egiten aritu nintzen eta esan zidaten pixka bat gogorra izaten dela Anaitasunara jaistea eta besteak futbolean jokatzen ikustea, eta zuk ez. Saiatuko naiz ongi eramaten eta ikusiko dugu nola moldatzen naizen.
Denboraldia amaitutakoan, nola irudikatzen duzu zure bizitza areto futboletik kanpo?
Niri asko gustatzen zait kirolak egitea eta gogo bizia daukat bizikletaz ibiltzeko lagunekin. Mendira joatea asko gustatzen zait. Agian eskiatu ere egingo dut. Gauza horiek orain ezin ditut egin. Pixka bat inbidia ematen dit lagunak lasterketa batzuetara doazenean, eta gauza horiez disfrutatzen saiatuko naiz.
Areto futbolean arituta, guztiz debekatuta ez baina lesioak saihesteko hobe horrelako gauzak ez egitea, ezta?
Hori da. Gainera, asteburuan jokatzen duzu eta astelehenean ondo egon behar duzu. Udan bai egiten dudala txirrindularitza, eta mendira joan asko, asko gustatzen zaidalako, baina urtean zehar zailagoa da. Egunen batez bai joaten naizela mendira, baina areto futbolerako egon behar dugu, eta horregatik orain ziur aski gehiago arituko naiz.
Ikusiko al zaitugu Zegama-Aizkorri batean?
Oxala! [barrez] Nire lagunak beti esaten aritzen dira ea tokatzen zaien, baina oso zaila da. Saiatuko naiz, Zegaman agian ez, baina beste lasterketaren batean ziur aski baietz.
Nola gustatuko litzaizuke zaleek zuk Xotan utzitako ondare hori gogoratzea?
Jokalari bezala beti ikusi dute zer egin dudan; baina, pertsona bezala, beti egon naiz behar zenerako. Aitak eta amak hori erakutsi didate. Espero dut jendeak ni gogoratzea pertsona on bat bezala.
Mezuren bat botako zenieke zaletuei?
Partida asko geratzen dira, zortzi, eta horietatik lau Anaitasunan. Play offean sartzeko gaude; espero dugu nire agurra izatea play off batekin eta agur polit bat izatea. Horretan saiatu behar dugu. Lau partida ditugu etxean, niretzat oso bereziak izango direnak. Espero dut denek nirekin disfrutatzea.
Agur polit bat prestatuko duzue, ezta?
Ez dakit. Zerbait prestatuko dute. Atzo [asteazkena] egin nuen agurra nik nahi nuen moduan. Oso pozik nago eta ez dakit zer gertatuko den. Maiatzaren 10ean izango da nire azken partida, eta ikusiko dugu zer prestatzen duten. Gero ziur aski lagunekin eta taldekideekin egingo ditugu bazkari eta parranda bat.

Chivite auditará los túneles de Belate, pero no la mina Muga

Fallece una joven 17 años electrocutada en la estación de tren de Araia

Yala Nafarroa lanzará un txupinazo que sea «una luz de esperanza para detener este genocidio»

Libertad bajo fianza para Mo Chara, rapero de Kneecap, acusado de «apoyar el terrorismo»
