
Xabier Galdeano omentzeko ekitaldia egin dute igande eguerdi honetan Algortan, GALek hil zuenetik 40 urte betetzen denean. Sortuk antolatuta, ekitaldiak algortarra ezagutu zuten hainbat lagunen oroitzapenak bildu ditu, unerik zailenetan erakusten zuen eskuzabaltasuna, eta aurrera egiteko «tinkotasunari» irribarre gozoa jartzen zion laguna gogoratzeko.
‘Egin’-eko sortzaileetako bat izan zen Galdeano, egunkariko Administrazio Kontseiluko kidea eta Ipar Euskal Herrian korrespontsal gisa ere jardun zuena. Atxilotua eta torturatua izan ostean, Ipar Euskal Herrian hartu behar izan zuen aterpe, beste hainbat errefuxiatu politikok egin bezala. GALeko mertzenarioek tiroz hil zuen Donibane Lohizunen gaur bezalako egun batean –Artefaktuan ere jaso genuen egun horren kontaketa–.
Hura berri lazgarria izan zen errefuxiatuen artean. Galdeanok utzitako legatua marratuz joan diren hizlarien artean, Ipar Euskal Herrian bizitako une haiek gogoratu ditu Juanjo Legorburuk. «Euren etxeko atea beti zegoen zabalik aterpea behar zuenarentzat, eta ihesean ibili denak badaki zein garrantzia duen abaro hartzeak», nabarmendu du Legorburuk.
Xabierrek ondoan zituen hiru emakumeak, Maribe, Bego eta Karmen, omendu nahi izan ditu errefuxiatu ohiak: «Asko zor diogulako familia osoari, modu pertsonalean zein herria bezala ere», adierazi du. Azpimarratu du «beti lehen lerroan egon» den familia izan dela Galdeanorena, «Iparraldean eta kartzeletan, hamarkada luzeetan».
«Errelatoen gatazketan sartuta gauden honetan, Xabier eta gainontzeko hildako guztiak historia bizia dira, gugan dagoen memoria eta harro gaude eurek irakatsitakoa aurrera eramateko konpromisoa hartu dugulako», erantsi du Legorburuk.
Lore eskaintza batekin abiatu da ekitaldia Txiki eta Otaegi plazan. Karmen eta Bego Galdeanoren alabek hartu dute parte, Larraitz eta Irati biloben ondoan, baita Sortuko Nazio Kontseiluko hainbat kide ere. Algortako Ikastolako ikasle ohiek ere kanta eskaini diote.
‘Egin’-en garaiko oroitzapenak partekatu ditu Xabier Amurizak. Egunkariaren hasierako urte zailetan, Galdeanok transmititzen zuen «gozotasuna eta indarra» azpimarratu du erredakzioan lan egiten zituen garaiak gogora ekarrita.
Nabarmendu duenez, barrutik eraman zezakeen kezka handiaren gainetik «hitz samurrak» izaten zituen eta harreman hurbila erakutsi zuen beti. Santi Brouarden izaerarekin parekatu du Galdeanorena, «unerik latzenetan irribarre samur bat» izaten baitzuten biek eta gainontzekoez arduratzen baitziren, azpimarratu duenez.
«Herri honen egia»
Oihana San Vicente Sortuko kidearen hitzartzeak itxi du ekitaldia. GALek eta BVE Batallón Vasco Español-ek hildakoen senideentzako hitzak izan ditu, pairatu duten «min sakona» eta «jasandako hutsune eta gatazka gogorraren zauriei» aurre egiteko orduan erakutsitako umiltasuna eta duintasuna aitortzeko. «Haien memoria gogoratzea, herri honen egia gogoratzea da», adierazi du Nazio Kontseiluko kideak.
San Vicentek gogoraut du Xabierrek ez ezik Maribe Prietok ere jasan zituela inkomunikazioa, espetxea eta erbestea. Azpimarratu du «jasandako indarkeria horrek orbain sakona uzten» duela ingurukoen azaletan. «Horiei ere egin nahi diet aitortza. Sarritan, gainera, emakumeak dira orbain horiek daramatzatenak, isilean eta itzalean eutsi diotenak jendeari eta borrokari berari», esan du.
Gerra zikinaren harira, aipatu du, bestalde, «benetako elkarbizitza eraikitzera bidean, Ezker abertzaleak gatazka politikoaren testuinguruan sorturiko min eta sufrikarioak aitortzeko eta arintzeko» urratsak eman dituen bitartean, Estatu espainolean baldea oraindik «erabilitako indarkeria hori ukatu eta bortxakeria hori ontzat eman eta zuritzen duenik, inpunitate osoz gainera».
Egiari Zor, Giza Eskubideen Behatokia eta hainbat senidek Jose Barrionuevo Estatu espainoleko Barne ministro ohiaren kontra aurkeztu duten kereila aipatuta, dei egin die «Estatuari eta haren estamentuei euren biolentziaren ondoriozko biktima guztiak aitortzera».
«Gure etorkizunaren eraikuntzak ezinbestekoak ditu aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak. Besteen minekin batera, gureak, guk jasandakoak, gure azalean bizitako indarkeria guztia aitortzea beharrezkoa dela ozen diogu beste behin ere», adierazi du San Vicentek.

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?
