
‘Lohizulo’ nobela argitaratu berri du Aitor Oñatek, Elkar argitaletxearen eskutik eta Xabier Mendiguren editorearekin. Landako testuinguruan oinarritutako ipuinak idatzi ondoren, nobela urbanoa idatzi du oraingoan, politikaren mundua eta kaleko bizitza kinkia uztartuz, euskara hizkuntza hegemonikoa den errealitate paralelo batean.
Ostegun honetan Donostian Xabier Mendigurenek lagunduta egindako aurkezpenean autoreak azaldu duenez, «hiru hanka» ditu eleberriak, hiru pertsonaia nagusiak, alegia. Batetik, Marrolo pertzero etniako kidea daukagu. Berak eramaten du istorioaren haria, gaizkile banda bateko buruzagia da eta bere anbizioarekin monopolioa izan nahi du. Pobrea izanda pozik bizi bada ere, daukan botere goseak bereizten du, «paradoxa» Oñateren hitzetan.
Beste aldean, Aingeru Ajuria izeneko alkate demokristaua dago, «azeria bezain amultsua». Idazleak esan duenez, «gehiago inporta zaio ordena justizia baino» eta, hurrengo hauteskundeei begira inkestak oso erabakigarriak ez direnean gertatuko da Marrolorekin elkarketa, bi munduen arteko talka.
Hirugarren «hanka» Aitziber Ertzilla militante eta ezkerreko liderra da, «etxe barruko kalapitak gobernatzen nahiko lan duena». Pertsonaia honi esker ezkerraren dilemekin jokatzeko aukera izan du Oñatek, aurkezpenean azaldu duenez. Botereari uko eginda gauzak barrutik aldatzearen saiakera, esate baterako.
Hiztegi propioa
Umoretik, thrillerretik edo satira politikotik asko duen eleberri honetan hizkuntzaren erabilera ere berezia da. Oñatek zehaztu duenez, «pisu handia dauka eta mundu paralelo bat sortzeko beste arrazoietako bat» izan zen berarentzat. Izan ere, euskara hegemonikoa zen testuinguru batean oinarritu nahi zuen istorioa.
Xabier Mendiguren editorearentzat «oso dibertigarria» da Oñatek sortutako kaleko argota edo jerga administratiboarekin egindako jolasa. Hitz kinkien adibide gisa, ‘putrionario’, hau da, funtzionario, eta ‘txargela’ hitza kartzela esateko nabarmendu ditu. «Ez dago glosariorik», ohartarazi du editoreak, baina ulergarria dela argitu du autoreak.
Hiri oso baten ikuspegia
Nobela kolektiboa denez, ikuspegi anitzetatik kontatzen da istorioa, hamabi kapitulotan banatuta. Hiru pertsonaia nagusiak garrantzisuak dira, baina badaude ere beste pertsonaia batzuk. Gainera, idazleak esan duenez, «hirugarren pertsonan idatzita dagoen arren, erraz ulertzen da eta mosaiko bat sortzen da».
Azaldu duenez, hasieran alkatea eta Marroloren -‘Marlboro’ izenetik eratorria- pertsonaia sortu zituen, eta beranduago hiri oso baten ikuspegiarekin osatu zuen. Ideia Michel Houellebecqen ‘Sumisioa’ nobelatik atera zuen eta tonua, aldiz, John Kennedy Toolek idatzitako ‘Ergelen batzarra’ liburuan inspiratuta dago.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas

A prisión el detenido tras el crimen machista de Barakaldo, por homicidio y agresión sexual

