NAIZ
Donostia

Amara Baik auzoei buruzko erabakiak bizilagunekin adostuta hartzeko eskatu dio Udalari

Auzo elkartea prentsa agerraldi baten bitartez pozik agertu da San Bartolome muinoaren proiektua bertan behera geratu delako, «berandu badator ere». Donostiako Udalak larregitan «auzokideen eta kolektiboen elkarteen ekimenaren aurka egin» duela azpimarratu dute, etorkizunean berriro jazo ez dadin.

Amara Bai auzo elkartearen prentsa agerraldia.
Amara Bai auzo elkartearen prentsa agerraldia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Amara Bai auzo elkarteak bere poza adierazi du San Bartolome muinoaren proiektua behin betiko geldiarazi delako. Ez aparkalekurik ezta merkataritza gunerik ez dela egingo jakin ostean, Amara Baik prentsa agerraldia egin du Donostiako beste hainbat tokitako zenbait auzo elkarterekin batera, Erdian Bizi, esaterako.

Baina horrez gain, etorkizunera begira, antzekorik berriz gertatu ez dadin Donostiako Udalari deia luzatu diote «Amarako auzoari eragiten dion guztia bizilagunekin hitz egiteko eta adostasunaren bidetik» lotzeko.

«Uste dugu, halaber, hiriaren etorkizuna zalantzaz josita dagoela. Ondorioz, Amarako gainerako bizilagunok behin betiko ebazpenetan egon behar dugula uste dugu. Horregatik guztiagatik, Amara Baik, auzoaren eta auzotarren defentsan, planteatu nahi dugu Udalak auzoari zor diolako, erantzun egokia eman behar diela oraindik esku artean dituen gai eta behar ugariei. Funtsezko gaiak, hala nola Kultura, Kirola, Espazio Publikoak irisgarriak (adibidez, Aldapetako aldapatik)... Berehala artatu beharrekoak», azpimarratu dute.

«Erronka bat dugu egungo proiektua geldiarazteko, baina ez dugu beste bat inposatu diezaguten nahi. Entzun gaitzaten nahi dugu eta dauden eskaerei eta beharrei erantzun behar zaie», azaldu dute Amara Bai auzo elkartetik.

1990etik honaino

Esan bezala, «Amarako herritarrentzat albiste ona da San Bartolomeren proiektua gelditzea, berandu badator ere», azaldu dute. Horren harira, kronologia luze bat azaldu dute, zeinetan gogorarazi nahi izan dute «muinoa birrintzeko asmoa komentua, horma eta bainuetxea eraistea barne», 1990eko urteaz geroztik jarri zela martxan. Zentzu horretan, «San Bartolome muinoa defendatzeko plataforma» orduan sortu zela azaldu dute, «kulturaren munduko hainbat pertsona ezagunek, hala nola Eduardo Chillida, Rafa Ruiz Balerdi, Luis Peña Ganchegui edo Miguel Garay arkitektoek».

Plataforma horrek «manifestu bat sinatu zuen eta eraistearen aurka azaldu zen. 1999an, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari auzibide bat aurkeztu zion, eta «irabazi» egin zuela gogorarazi dute.

Gero bai, 2008an Odon Elorza PSEko alkatearen ekimenez «San Bartolome Muinoa» elkartea sortu zela oroitu dute. Garai hartan mundu mailan jo zuen krisi ekonomikoak hiria bera kinka larrian jarri zuen proiektua berriro martxan jartzeko, hain zuzen.

Juan Karlos Izagirreren udal Gobernua «proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko inplikatutako alde guztiekin bildu zen, baita auzoko bizilagunekin ere», eta 2014an, EAJ eta PSEk osaturiko udal Gobernu berriak San Martolome muinoarentzat «Plan Orokorra berriro aldatzea eta merkataritza gune bat eraikitzeko aukera ematea onartu zuen, nahiz eta Udaleko gainerako alderdiak, auzo elkarteak, merkatarien elkarteak eta abar aurka agertu», deitoratu dute.

Hala, azken hamarkada honetan «herritarren aurkakotasuna ez zaio axola izan udal Gobernuari, harik eta jarrera aldatu behar izan duen arte» nabarmendu dute Amara Bai auzo elkarteko kideek. «Hau da, auzokideen eta kolektiboen elkarteen ekimenaren aurka egin du; hau da, San Bartolome muinoaren proiektua auzitegietan geldiarazteko elkartu direnen aurka», zehaztu dute.

«Tertziario osoa merkataritzarako izatea, merkataritza gune handi bihurtzea, egungo udal Gobernuaren erabakia izan zen, eta Plan Orokorraren aldaketa behin betiko onartu zenean eta San Bartolomeren proiektua taxututa zegoen bezala behin betiko onartu zenean, orain ezkutatu nahi duten erantzukizuna izan da, berea bakarrik, nahiz eta orain, azkenean, herritarren gehiengoaren exijentzia inposatu eta gelditu egin den», nabarmendu dute.

Etorkizuna jomugan jarrita, Amara Bai auzo elkarteko kideek topoaren trenbideetako hondartzen etorkizuna «amaratarren adostasunarekin» egin behar dela adierazi dute.

Eneko Goia

Bestalde, Eneko Goia Donostiako alkateak San Bartolome muinoarekin zer egin erabakitzeko «denbora beharko dela» onartu du. Baina zernahi erabaki «udaletxe barrutik» etorriko ote den itxaropena azaldu du.

«Ondo pentsatu beharko dugu lursail honekin zer egin etorkizunean. Denbora beharko dugu horretarako. Kontu hau guztiok nahi bezala erabakiko balitz, zerbait egiteko moduan geundeke», adierazi du alkateak.