
Urratsak ematen ari da ’Jalgi Hadi!’ dokumentala. Crowdfunding kanpaina abiatu zuten AEK-Korrikak eta Mirokutana ekoiztetxeak eta ostegun honetan jakinarazi dute jada 30.000 euro bildu dituela. Amaitzeko oraindik bederatzi egun falta direla, gutxieneko kopurua lortua da.
Bultzatzaileek «bihotzez eskerrak» eman nahi izan dizkiete «proiektuan sinetsi eta aletxoa jarri duten norbanako zein elkarte guztiei», ohar baten bidez.
Dokumentala grabatzen hasia da Ander Iriarte zinemagilea, zeinak berriki Zilarrezko Biznaga irabazi duen Malagako Zinema Jaialdian bere azken lana dela eta, oroitarazi dute. Korrikari buruzko dokumentalari dagokionez, «erronka 2027an estreinatzea izango da, eta Donostiako Zinemaldira eramateko asmoa ere badago», aurreratu dute.
Gutxienekora heldu bada ere, azken helburua 88.000 euro biltzea da. Gauzak honela, Ane Elordi Korrikaren arduradunak adierazi du azken egunotan ahalik eta diru bilketa handiena egin nahiko luketela, proiektuari bultzada emateko: «Diru-bilketaren azken hamar egunetan gaude, eta beste behin euskal jendarteak euskarari eta Korrikari babesa erakutsi dio. Ekarpena egin duten guztiei eskerrak ematea dagokigu, eskerrik asko euskararen auzia pantailetara eramateko ahalegina egin eta interesa erakutsi duzuen guztioi».
AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea den Lurdes Etxezarretak, halaber, honako hau nabarmendu du: «Euskararen etorkizuna hauspotzeko dokumentala egia bihurtuko da herritarren babesari esker».
Ander Iriarte zinegileak erantsi duenez, «orain azken ufada geratzen zaigu, azken esprinta helmugara ahalik eta indartsuen iristeko».
25. Korrikara begira
Aurreikuspenen arabera, 2027an ikusiko du argia dokumentalak. Urte horretako Zinemaldia litzateke helburua eta mugarria, eta 2026an zehar grabatuko da. Estreinaldiarekin batera hasi nahi dute bira, 25. Korrikara «indar eta arnas betez» iristeko.
"Jalgi hadi!" izenburuko proiektuak orduan egingo du jalgi: «Euskaraz daukagun libururik zaharrenean esan zuen Etxeparek jalgi hadi kanpora, berak argi zeukalako euskara ezin zela etxean geratu, euskarak kalea irabazi behar zuela. Eta dokumental honetan espiritu horri egin nahi diogu so, denok atera gaitezen euskara erabiltzera kanpora eta jar dezagun euskara erdigunean», adierazi zuten NAIZ Irratiari martxoan emandako elkarrizketan.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
