Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Mikrofono bat Ernairi, entzun nahi duenak entzun dezan

Ziklo politiko berria datorrela dio Ernaik, eta Jauzi gisa definitu duten horri begira azalpenak eman dituzte Amaiur Egurrolak eta Markel Riok, erakundearen bozeramaleek. NAIZ Gunean egindako elkarrizketan, gazte erakundea indartsu dagoela baieztatu dute.

NAIZ Gunearen karpa bete egin da ostiral honen eguerdian Amaiur Egurrola eta Markel Rio Ernaiko bozeramaileekin elkarrizketa aditzeko. Gazteek beren errealitatea ez desitxuratzea eta askatasunez adierazteko mikrofono bat ematea eskatzen dute, besteak beste. Ernaikoak aukera horretaz baliatu dira beren militante eta jarraitzaileen aurrean beren gogoetak azaltzeko. Baita beste belaunaldietako sudurluzeren baten aurrean ere. Izan ere, belaunaldien arteko harremanak presente egon dira solasaldian.  

Hizketaldiaren abiapuntua, nola ez, bezperako manifestazioa izan da. Mobilizazioak oso zapore gozoa utzi du gazteen artean. Atzokoa gazte independentisten indar erakustaldia eta Topagunea irekitzeko modu indartsua izan zen, zalantzarik gabe. Hala aldarrikatu du Egurrolak, Auzitegi Nazionalak jarritako oztopoei aurre egiteko kapaz izan direlako, eta parte hartzea eta giroa ezin hobeak izan zirelako.

Ernairen osasun militanteari buruz, beren jatorria ezker independentistaren estrategia aldaketan kokatu du Riok eta aldaketa politikoetara egokitzearen garrantzia gogorarazi du. Balantze gisa, ikasturte honetan herri askotan egin dituzten tokiko dinamikak gogoratu dituzte, baita erakutsi duten indarra ere. Indar hori aurrean dituzten erronketara proiektatu nahi izan dute.

«Aitakeria» ez dute gogoko: «Mugimendu honetan gazteriak zer pentsatzen duen eta zer nahi duen hobekien ulertu eta azaldu dezakegunak gu gara»

 

Gazteria politizatzeko moduei buruz, «noski aldatzen ari direla eta aldatzen jarraituko dutela, baina Ernai mugimendu politiko baten borroka eta kontzientzia abertzale baten barruan kokatzen da», eta honek militantziarako ate garrantzitsua izaten jarraitzen du.

Topaguneak gazte mugimenduaren ondarearen parte dira, eta horri buruz galdetuta, Riok eta Egurrolak ondare hori propio gisa erreibindikatu nahi izan dituzte. Hamarkadetako konpromiso baten historian beraiek beste «katebegi» bat bezala ikusten duten beren burua. Belaunaldien arteko harremanak ez dira beti samurrak izaten, ordea, eta ondare horretaz zer ez duten gogoko galdetuta, ez dute zalantzarik izan: aitakeria. «Lehen gauzak nolakoak ziren azaltzean batzuk adierazten duten aitakeria hori ez zaigu gustatzen», esan dute. Ondorioz, beren erabakiak eta proposamenak errespetatzeko deia egin dute, «orain mugimendu honetan gu garelako hobekien ulertu eta azaldu dezakegunak gazteriak zer pentsatzen duen eta zer nahi duen».

Oldarraldi autoritarioa

Oldarraldi autoritarioaren harira, Egurrolak faxismoaren gorakadaren ideia errepikatzearekin kontuz ibili behar dela esan du, etengabe hori esaten aritzeak errealitate hori indartu dezakeelako. «Eta borroka hau, ezta gazteriaren borroka ere, ez doa soilik faxismoari aurre egiteaz».

Gaur egun bizi den giro belikoaren inguruan, «kapitalismoaren fase honen agorpena» islatzen duela adierazi dute. Egoera horren aurrean «bakearen eta subiranotasunaren defentsa» kontrajartzea ezinbestekoa dela planteatu zuen Riok.

Faxismoaren gorakadaren ideia hainbeste errepikatzea kaltegarria izan daitekeela ohartarazi dute. Besteak beste, «hau ez doalako soilik faxismoari aurre egiteaz»


Feminismoa hasiera-hasieratik da Ernairen ezaugarria, eta bere balioak eta gaitasuna zalantzan jartzen den garaiotan, gazteek mugimendu horren indarra azpimarratu eta ikuspuntua zabaldu nahi izan dute. Gogorarazi dute greba feministatik ez dela hainbeste denbora igaro, eta bertan gazteek inplikazio handia izan zutela. Euskal Herriko markoak hor duen indarra ere nabarmendu dute. Askotan errepikatzen da gaur egungo gazteen belaunaldia «matxistagoa» dela, eta Ernaik hori gezurra dela defendatzen du. Topagune honetan biltzen den jendea horren adibide ona da, hain zuzen ere.

Komunikazioa eta komunikabideak ere aipatu dira elkarrizketan. Egurrolak nagusitzen ari den informazioa kontsumitzeko moduan jarri du arreta. Beraiena, hein batean, «klikaren belaunaldi» gisa identifikatu daiteke, baina aldi berean albisteen segida horretan euskal gazteen benetako errealitateari oso gutxitan erreparatzen zaiola salatu du. Horrek nolabaiteko deskonexioa ekar dezake.

Emantzipazioaren auzia sarri aipatzen den errealitate horren zati bat da, hain zuzen ere, baina gehienetan gazteen ikuspuntua ez dela kontuan hartzen gaineratu dute. Riok eta Egurrolak alor honetan «politika publikoak» behar direla defendatu dute, gazteek bizi-proiektu bat eraikitzeko duten ezintasuna ezin delako euren arazo partikular gisa ulertu. «Guztion arazoa da, herriarena», azpimarratu dute.

Egurrolak, honen harira, Joseba Diez Antxustegi EAJren Gasteizko bozeramaileren hitzak aipatu ditu. Diez Antxustegiren esanetan, gaur egun gazte garaia luzatzen ari omen da. «30 urterekin ezin bagara emantzipatu, gazteria luzatzen dela esaten dutenean, prekarietatea luzatzen dela esan nahi al dute? Gaztetasuna eta prekarietatea berdintzen ari dira? Kontuz horrekin», ohartarazi du Egurrolak.

Independentzia, konponbide

Azkenaldian, Euskal Herrian ziklo politiko berria zabaltzen ari dela adierazi du Ernaik. Ezkerreko independentismoaren proposamena hartzen ari den indarra aldaketa horren adierazle dela defendatu dute bozeramaleek. Ezker independentista hegemonia borrokatzen ari da, eta hor kokatzen dute gazteria independentistak egin beharreko ekarpena. «Ziur gaude independentzia dela gazteriak pairatzen dituen arazoak gainditzeko bidea», defendatu dute. Proiektu politiko baten transmisore gisa kokatzen dira, eta eginkizun hori ematen diote beren buruari. Hortik dator Jauziaren ideia, bide horretan euskal jendartearen mobilizazioa indartzearen ideia. «Guri dagokigu hori egitea», diote.

GKSren aurreko posizionamenduari buruzko galdera ez dute saihestu. Eta ezberdintasunak zerrendatu dituzte


Orain arte Ernai ez da GKSren aurrean posizionatu, baina gaur Egurrolak eta Riok ez dute galdera saihestu. Proiektu desberdinak direla defendatzen dute, logika eta marko desberdinei erantzuten dietenak. «Gure markoa Euskal Herria da, eta gure helburua nazio askapenerako mugimenduarekin prozesu independentista bururaino eramatea da», laburbildu dute.

«Guk Topagunea hemen egiten dugun bitartean, haiek beraiena Guadalajaran ari dira egiten; eta hori oso esanguratsua eta desberdintasun horien adierazle da», sakondu dute. Ez dute uste desadostasun horiek berez gazteen kontuak direnik, nahiz eta jatorria hor izan dezaketen, eta uste dute proiektuak desberdinak direla maila guztietan. Era berean, ez dute ezkutatzen borrokari eta estrategiari buruz ikusmolde desberdinak dituztela, eta feminismoak eta intersekzionalitateak Ernairentzat duten garrantzia aipatu dute, adibidez.

Gazte mugimenduari buruzko eztabaida klasikoetako bat alderdiekiko autonomia da. Aldi berean, uneotan zenbaitek «politikari guztiak berdinak direla» defendatzen dute. Auzi honetan ere Ernaikoek ez dute zalantzarik egiten: EH Bildu da beren mugimenduaren erreferentzia politiko eta instituzionala, emantzipazioa da beren lan politikoari zentzua ematen diona eta, gainera, bide hori beste militante politiko horiekin partekatzen dute.

Hiru eguneko aldarrikapen eta festaren ondoren, Ernaiko gazteek Iruñeko Aberri Egunera martxa egingo dute igandean. Ordura arte beren buruari jarri dizkioten lanak «komunitatea sortu eta saretzea, kultur eskaintzaz eta jaiaz gozatzea, eta Jauzia egiteko prestatzea» dira. Aspertzeko tarterik ez dago egunotan Berriozarren.

Borrokarako eta festarako grinaz gain, «Zaharrai»ko eta Ernaiko gazteek badute beste zerbait komunean: eguraldiarekin harreman gatazkatsua. Arratsaldera arte eguraldi ona egin zuen arren, arratsaldean euria hasi da. Hamaika ekaitz gainditu dituen komunitateak antolatuta, Topagunean giro ezin hobea mantendu da, ordea.