
Herri honetan ohikoa den bezala, atzerapen txiki batekin hasi da ‘Larrialdi linguistkoa?’ hitzaldia, Ernaik antolatutako gazte topagunearen hirugarren egunean. Sala beteta, berandu iritsi direnek lurrean eseri behar izan dute. Aitor Imaz gazte antolakundeko kideak Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Iñaki Iurrebaso soziologoa eta UEMAko teknikaria aurkeztu ditu eta lehen galdera luzatu die: «zein da euskararen egoera orokorra?».
Iurrebasoren arabera, adierazle funtsezkoenei erreparatuta, euskara «minorizazio egoera larrian» dago, eta, gainera, erantsi behar zaio egoera honetan egoteak berez dakarrela galerarako joera bat». Hortaz, bere iritziz, «hiztunok ez badugu gure partetik jarrera sendo bat jartzen, galerarako joera gailentzen da».
UEMAko teknikariak gogoratu du XX. mende hasieratik «aldapa behera» egin zuen euskarak 60eko hamarkadan ezohiko «boom bat, iraultza soziolinguistiko bat» bizi izan zuen arte. Iurrebasok gaineratu duenez, indarberritze haren ostean, azken 20 urteotan, euskara geldialdi batean sartu da, eta azken datuek eta perspektibek esaten dute, «zeozer asmatzen ez badugu, beherakada hasteko arrisku bizian» dagoela.
Arnasguneei buruz galdetuta, Iurrebasok haien garrantzia azpimarratu du, hizkuntza gutxitu batentzat hizkuntza normalizatuaren egoerara hurbiltzen diren herriak direlako. Azaldu duenez, herri horietako dinamika soziolinguistikoa aldekoa da eta testuinguruak euskararen alde egiten du. Baina oso pixu txikia dute, biztanleriaren %5a suposatzen dute. Gogoratu du Irlandan, Bretainian edo Okzitanian ez dutela horrelakorik eta guk oraindik baditugula. Iurrebasoren arabera, inportantea da arnasgune izatetik gertu dauden herrietan, non euskara eta erdara erabilerari erreparatuta paretsu xamar dauden, euskararen erabilera indartzea, testuinguruak euskararen alde egin dezan, eta gaineratu du arnasguneek elementu zentraletako bat izan behar dutela euskarak behar duen bultzada berrian. Gogoratu du lehen ez zela arrisku bezala bizitzen euskaldunak ziren eremuak galdu zitekeenik eta horixe da gertatzen ari dena.
Eta arnasguneetatik kanpo bizi garen euskaldunok jokatu beharreko rolari buruz galdetuta, Iurrebasok azaldu du azken hamarkadetan ezagutzan aurreratu dela, baina erabileran aurrerapena «askoz mugatuagoa» izan dela, eta gaineratu du zeozer asmatu beharra dagoea azkarrago aurrera egiteko. Gaztelerak edo frantsesak pixu oso handia duen lekuetan, euskaldunak «fronteko lehen lerroan» kokatu ditu, ikuspegi militanterik gabe, oso zaila delako «korronteak ez eramatea».
«Ikuspegi militanterik gabe, oso zaila da korronteak ez eramatea»
Eskisabelek euskararen hiru egoera administratiboak gogoratu ditu: koofiziala EAEn, «getifikazioa» Nafarroan eta aitortzarik eza Ipar Euskal Herrian. Bestalde, azpimarratu du «euskararen zapalkuntza egiturazko zapalkuntza» dela, eta askotan ahaztu egiten dela. Eta herri mugimenduek eta euskalgintzak egin dezaketen ekarpenaren inguruan, gaineratu du euskararen zapalkuntza normalizatuta dagoela, identifikatzea kostatzen dela eta, ondorioz, ez dela lehentasun politiko gisa kokatzen. Iurrebasok gaineratu du naziotasunak eta hizkuntzak indarra galdu dutela, eta lehentasuna izan behar dutela berriro ere. Maila ideologikoan emandako atzerapausua azpimarratu du: «Batzurentzat, ematen du euskaldunak garela pribilegiatuak eta zapaltzaileak, eta horri buelta eman behar zaio». Gorka Torre eta Intza Gurrutxagaren desobedientzia ekimena adibidetzat jarri du gogoratzeko «zapaltzaileak estatuak» direla. «Hor asko egin dugu atzera».
Galderetarako tartean, Eskisabelek bildutakoei zuzendu zaie: «inoiz sentitu zarete deseroso euskaraz aritzea erabaki duzuelako?». Bi gaztek baiezkoa erantzun dute, baina gaineratu dute euskararen aldeko hautua ezinbestekoa dela inguruan eragiteko.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

El comité de Aroztegia denuncia que la empresa ha frustrado los intentos de acuerdo

Indar Gorri denuncia una multa de 60.000 euros por un tuit que la justicia no consideró delito

Alertan de un intento de desalojo en Amurrio por parte de Ama Desokupa
