
Unai Laso iazko txapeldunordeak aurtengo Buruz Burukoan lehen garaipena erdietsi du, larunbat honetan, giro aparta izan duen Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Final-zortzirenetan Jaka kaleratzetik zetorren Peio Etxeberria menderatu du Bizkarreta-Gerendaingo pilotariak, baina ez du lan erraza izan. Hasierako 0-8ko partzial bati buelta eman behar izan dio nafarrak; eta horretarako kantxaren hezetasuna aprobetxatu du sakeari azkartasuna emateko eta Zenotzekoari min handia egiteko.
Jaialdiko lehen partidan, B Serieseko Buruz Burukoan, pilotalekuaren hezetasuna nabaria izan da; eta Lehen Mailako neurketan ere oso agerikoa izan da. Bai Laso eta baita Peio ere zapatilen zola behin eta berriro lehortzen aritu dira. Noski, faktore honek abiadura handia ematen zion pilotari lurra ukitzerakoan, eta hasiera batean oso ondo aprobetxatu duena Peio Etxeberria izan da.
Zenotzekoak bigarren partida zuen aurtengo Buruz Burukoan, eta ziztu bizian 0-8 aurreratu da. Lau tanto egin ditu sakez tarte horretan, baina oraindik ez zekien gainera zetorkiona.
Bere lehenengo sakean, Lasok erdira atera du, motz, botearekin. Etxetik ikasgaia oso ondo ikasita etorri da nafarra. Hortxe hasi da bere benetako partida. Peio Etxeberriari asko kostatu zaio sake mota hauek erantzutea. Ezkerrez hobeto erantzun zuen eskuinez baino, eta asko sufritu du partidan zehar. Lasok zazpi tanto egin ditu sakez. Egia da horietako batzuk eramatekoak zirela, baina abiadura handiaren aurrean gutxi egin ahal izan du Zenotzekoak.
Tanto ederrak tartean
Hala, Lasok 16-2ko partziala egin du. Tartean bi pilotariek egindako tanto ederrak ikusteko aukera izan dute zaleek. Adibidez, 11-10ekoan, Peiok ezker botez zabalean ipini du pilota, eramanezina. Unai Lasok beste bi tantotzarrekin erantzun dio: 13-10ekoan ezker gantxo zitalarekin zabalean eta 14-10ekoan ezker airez txokoan egindako dejada batekin Peio zabalean zela.
Urdinaren aldeko 16-12an polemikarako tartea egon da Peio beranduegi gurutzatu delako Lasoren aurretik, baina ezertan geratu da. Bizkarreta-Gerendaingoa ikasgaia ezartzen jarraitu du 22raino. Bere hurrengo aurkaria Artola izango da, hurrengo larunbatean Iruñeko Labriten, eta Peio Etxeberriarena, Elordi, hilaren 27an Zumaian.
PARTIDAKO FITXA:
Laso: 22
Peio Etxeberria: 12
Pilotakadak: 243. Iraupena: 55:08. Markagailua: 0-8, 5-8, 5-9, 11-9, 11-10, 16-10, 16-12 eta 22-12. Sakez egindako tantoak: 7 Lasok eta 4 Peio Etxeberriak. Jokoan egindako tantoak: 13 Lasok eta 5 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 3 Lasok eta 2 Peio Etxeberriak. Gertakariak: Giro eta sarrera bikaina Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan Buruz Buruko final-laurdenetako partida ikusteko. Jon Mariezkurrena izan da Lasoren boitileroa, eta Andoni Gaskue Peio Etxeberriarena. Lehen sakea urdinez jantzitako pilotariarentzat izan zen.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
