Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Beñat Olaberria
Margolaria

«Munduko hainbat herrialdetan ikusi dute nire lana, nahiko nuke hemen ere erakustea»

Atzerrira jo zuen duela 11 urte eta bertan garatu du arte ibilbidea. Pozarren dago jaioterrian, Donostian, lehenengo aldiz eskegi dituelako margoak. Aukera honek soka luzeagoa ekarriko duenaren esperantza du. Bideari fokua jarrita, pintatzean gertatutako «istripuei» ongietorria egiten die.

Beñat Olaberria, erakusketan.
Beñat Olaberria, erakusketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Estraineko aldiz erakutsi ditu bere margoak Donostian Beñat Olaberriak. «Ritarekin [Unzurrunzaga] konbertsazioan hasi eta erakusketa Ekainen egiteko aukera ikusi nuen. Ilusioa egiten zidan, inoiz ez delako ikusi nire lana hemen. Nahiko nuke hemen bere lan gehiago erakustea. Inaugurazioan lagun eta familiak lehen aldiz ikusi zuten nire lana. Oso berezia izan zen, polita», esan du.

Guztira 11 koadro eta 20 papereko lan txikiak eskegi ditu Ekain Arte Lanak galerian. Denak dira etxean eginak, hortik erakusketaren izenburua, ‘Etxetik’. Lehenak Donostian, bigarrenak Londresen, covid garaian, etxean. Zein eragin izan du lehen aldiz –«serioki»– Donostian sortu izanak? «Ikusi dut gauza berri batzuk gertatu direla baina oraindik denbora behar dut etxeak nigan ze eragin izan duen jakiteko». 

Pentsatu eta egin. Londresera jo zuen duela 11 urte. «Gaztetan etxean ‘Arte Ederarak zertarako?’ esan zidaten, badakizu... eta Marketing eta Enpresa ikasketak egin nituen. Proiektu pertsonal bezala Londresera abiatu nintzen 44 urterekin. Hiru urtetan karrera bukatu eta bueltan Donostiara itzuliko nintzela pentsatuz joan nintzen. Ikasketak bukatzean master bat egiteko aukera zoragarria eskaini zidaten, ezin nion ezetzik esan, urtebete gehiago geratu nintzen eta hortik aurrera –ez dakit zortea ala nire lanaren emaitza den– arte galeriekin lanean hasi nintzen. Eta nire lanak saltzen. Bapatean nire bizitza horretan bihurtu zen. Esperientzia pertsonala izan behar zena nire lanbidean bilakatu zen», kontatu dio NAIZi.

Zalantzak argitu nahiak bultzatu zuen bidaiatzera. «Bizitza osoan marraztu dut baina sekretuki, niretzako ziren. Behar hori neukan. Ez dakit hitza ‘espresatzeko’ den, barnean neukana ateratzeko marrazten nuen. Nire lana bukatu eta etxera joatean nire gauzak egiten nituen, nahiz ez nuen inoiz ikasi. Jakin nahi nuen zergatik egiten nituen marrazkiak, beste ezer egiten ez nekielako edo hori zelako nire bidea artearen munduan. Eta horren erantzunaren bila joan nintzen, ikastera. Pintura tradizionala ikasi nuen, bodegoiak... nola margotzen den, koloreak, konposizioa, teknikak menperatu nahi nituen. Funtsezko gauzak, gero nik nahi nuena egiteko. Ez dakit horrela egin behar den, baina nik hori egin nahi izan nuen. Askatasuna ematen dit nahi dudana egiteko. Artista bezala zein nintzen ikusi nahi nuen. Orain ez da hau egiten dut ez dakidalako besterik egiten, baizik hau da nik erabaki dudana», esan du.

Ingalaterrako hiriburuak bizilekua, lanbidea eman dizkio. Baina ez hori bakarrik. Munduari atea zabaldu dio bertatik. «Ingalaterran, Alemanian, Frantzian, suitzan, Taipeien, Shangaien... erakutsi dut nire obra», esan du.

Esker oneko agertzen da Londresekiko. «Estudioa daukadan eraikinean 300 artista gara. Londresen milaka gara. Itxuraz horrek zaildu egin beharko luke, baina alderantziz da, oportunitate pila bat daude! Zuk antolatu dezakezu zure erakusketa inori itxaron gabe, leku asko daude horretarako. Oso eskertuta nago eman didan aukeragatik. Hemen ezinezkoa da gauza bera gertatzea. Artearen inguruan han dagoen kultura zoritxarrez ez dago. Ez dago ohiturarik galerietara joateko artea erostera. Londres zoragarria izan da», dio Olaberriak.

Beltz asko

Kolore beltzaren erabilpena du ezaugarri bere lanak. «Beltza bakarrik erabiltzen du. Koloreak konnotazio handikoak dira: gorria pasioarekin edo biolentziarekin lotzen da, urdina lasaitasunarekin...», argitu du.

Hasi eta buka, saio bakarrean ontzen ditu margoak. Ez du sekula bezperan utzitako lana berriz hartzen. «Nire artegintzak ez dio ‘zer?’ galderari erantzuten. Zergatik, nola, nora... Zer? ez beste guztia erantzuten saiatzen naiz, beste kontua da erantzuten dudan ala ez, hori beste historia da», esan du irribarrez.

Bideari fokua jarrita margotzen du Olaberriak. «Gestoan, markan, orekan eta prozesuan oinarritzen da nire lana. Nik lana ez dut inoiz programatzen. Margotzen hasten naizenean ez dakit nora eramango nauen. Saio batean egiten ditut, hasi eta buka. Behin estudiotik alde egiten dudanean hurrengo egunean ez diot horri heltzen. Niretzat garrantzitsua da momentu horretan nik daukadana ateratzea. Gero bueltatzen banaiz gezurretan ari naizela iruditzen zait», azaldu du.

Egin eta hausnartu. Orden horretan. «Pentsatzearena ondoren dator nire kasuan. Margotzen dudan bitartean bizitzen dudanagatik margotzen dut. Azken produktua inportantea da, kriba pasa behar du eta koherentzia gorde behar du. Egunero estudiora, bospasei ordu egiten ditut bertan. Eta prozesuagatik noa, hor sortzen diren barne-bataila horiengatik; ez dut inspirazioan sinesten, lanean baizik».

Begira. Aztertu eta pentsatzen. Margotzen bezain beste denbora ematen du pentsatzen. «Askotan estudioan nagoen 5-6 ordutan ez dut pintzela hartu ere egiten, koadroari begira nago. Askoz denbora gehio pasatzen dut beigratzen egiten baino. prozesua oso azkara da. Moteltzen duen bakarra da begira orduak ematen ditudala». 

Egindakoa balekoa den ala ez ez du momentuan erabakitzen. «Hor uzten ditut. Begiratzen ditut eta ona dela iruditzen bazait gorde egiten du eta ez bada hala desmuntatu eta piezak collageak eta lan txikiak egiteko erabiltzen ditut».

Eta ikusleak? «Irudi bat eskaintzen dut eta ikusleak erreakzionatu egiten du horren aurrean. Hark ekartzen dio bere esperientzia, bere bizitza nire obran proiektatzen du. Hori ikusi nahi duenaren kasuan, eta zeozer ikusi nahi badu, ez dudalako sinesten ere gauzak derrigorrez ikusi behar direnik».

Zer dauka arteak beste diziplina batek, musikak esaterako, ez daukana? «Bete-betean jo duzu. Niretzat arterik potenteena eta zuzenena musika da. Denok erreakzionatzen dugu musikaren aurrean. Izan daiteke ez zaigulako gustatzen edo maite dugulako. Nire kasuan arte bisualekin erlazio potentea daukat. Musikarekin dudanaren antzeko erreakzioak dauzkat arte plastikoekin. Musika jarrita egiten dut lan beti. Zein musika entzuten dudan ere, horrek ere eragina dauka».

Orain irakaslea da Unibertsitatean. «Batez ere abstraktoa baina figuratiboa ere ematen dut. Ikasleak kexu izaten dira margolaritza abstraktua ez delako irakasten. Sukaldariek produktuak eta teknikak ezagutu behar dituzten bezala zuk ere pinturak zer eman dezakeen ikasi behar duzu, gero horrekin nahi duzuna egiteko».

Bere buruarentzat sortzen du. «Lana oso pertsonala da. Nirea da, eta niretzako. Gero profesionalki, noski, argi dago saltzea inportantea dela». Horregatik ez dut erantzuten ‘zer da?’ galderari. Askotan neuk ere ez dakit. Eta baldin badakit ere ez dut erantzuten. Bakoitzak ikus dezala nahi duena», dio.

Lanei ez die hitzik jarri nahi. «Hasiera batean ez nien izenbururik ere jartzen. Masterreko irakasle batek esan zidan ‘hori aspergarria da. Jar iezaizkiezu izenburuak. Ez dute zertan erlazionatuta egon behar, baina lagundu iezaiozu jendeari izenburu bat bilatzen’. Eta asko jolasten dut horrekin, batzuetan txantxa modukoak dira... Inoiz ez dut esaten zehazki zer den», kontatu du.



Betidanik landu du abstraktua. «Figuratiboa egiten duen ikasten ari nintzen bitartean baina ez naiz ni. Hasieran kolorea erabiltzen nuen, gutxinaga kentzen hasi nintzen eta gaur egun lehenagoko hamar koadrok osatzen dute koadro bat. Oso zatituta dago. Badirudi nire burua ere fragmentatuta dagoela, ideiak zatika jartzen ditut oihalean. Lehen gauza bakarra zirudienak orain zati eta estruktura pila bat ditu. Asko jokatzen dut marra zuzenak eta geometrikoak diren zatiak daude batetik, eta oso askeak eta espresiboak diren zatiak bestetik. Kontraste hori asko gustatzen zait. Horrekin lortzen ditut espazioa, oreka...», jarraitu du.

Kolore beltza ez denik ez, baina testurekin, geruzekin... jolasten du. Beltzak horretarako aukera ematen dio, askok pentsa lezakeenaren kontra. «Beltz asko erabiltzen ditut. Beltzak kalitate asko eduki ditzazke. Batzuetan hotza da, besteetan beroa, izan daiteke pintura potoloa eta dentsitate handikoa eta koadro berean oso likidoa. Horrek ere testurak lantzeko aukera ematen dit. Kolorea ez, baina beste guztiarekin jolasten dut: transparentziak, testurak, geruzak...», esan du.

Ezustekoak

«Istripuak» inportantea dira bere lanean. «Gauzak gaizki irteteta bilatzen dut. Eta nahi dut gero horrek ematen didalako konponbidea aurkitu behar diodan arazo bat. Arau asko ditut margotzerakoan eta horietako bat da ezin dudala dena zeharo deuseztatu. Akatsak ikusgai geratu behar du. Beladuraren bitartez lortu dezaket hain presente ez egotea, baina hanka sartzea hor egotea nahi dut. Inportantea da».  

Halaxe aitortu digu. «Asko sufritzen dut pintatzen dudanean. Ikasleei esaten die, Norbaitek esan baldin badizute margotzea erlaxantea dela, ni ez nago batere ados horrekin. Borroka bat da niretzat. Gutxienez nire bi pertsonalitate oso potente bertan daude: kontrol freak bat, hori ni naizelako, eta bestetik oso askea den pertsona. Bi nortasun diferenteek elkarrekin lan egitea gustatzen zait. Hasieran inongo beldurrik gabe gauzak egiten hasten naiz, jakinda asko gaizki daudela, eta gero eseri eta begiratzen hasten naiz, ea kontrolatzeko gai naizen».

Mihise bereziak erabiltzen ditu, kotoizkoak. Honen kolore originala ikusten da obren hondoan. «Kotoiaren kolore naturalak berotasuna ematen dio, zuria hotzegia egiten zait. Zailagoa da marraztea pintura guztia xurgatu egiten duelako. Ez dit uzten naturalki edukiko nituzkeen keinu espresiboak izaten. Bestela politegia geratu daiteke. Eta ez dut ezer politik egin nahi», azpimarratu du.