
Aurtengo denboraldiko une garrantzitsuenetako baten murgilduko da ostiraletik aurrera Bidaideak Bilbao BSR, Eurocup-1 txapelketako Zortziko Finala jokatuko baitu Sassari hirian, Sardinia uhartearen iparraldean. Taldeka gurpildun aulkian jokatzen den saskibaloiko Europako bigarren txapelketa nagusiena da Eurocup-1 delakoa eta gogoan izan behar da poztasun iturri oparoa izan dela bilbotarrentzat. Hain zuzen, 2019an txapeldun izan ziren eta 2023 eta 2024an, txapeldunorde.
Final Eight delako honetan parte hartzekoak diren zortzi taldeak multzo bitan banatu dituzte. Bidaideak Bilbao BSR B multzoan dago, Galatasaray turkiarrarekin –bilbotarrentzat aski arerio ezagunaz azken urte hauetan–, Briantea Cantu Italia iparraldeko taldearekin eta Handibasket Le-Puy-en-Velay frantsesarekin. Multzo gogorra da zalantzarik gabe, eta teorian Galatasaray talde boteretsuak beharko luke egon gainontzeko guztien gainetik. Esan gabe doa, ordea, Bidaideak Bilbao BSR zenbateraino lehiakor izan den Europako txapelketa hauetan eta titulua irabazteko hautagaien artean daude. A taldean, ostera, etxeko Dinamo Sassari talde sardiniarraz gain, baita Kanaria Handia, Hyères eta Köln 99ers taldeek hartuko dute parte.
Talde bizkaitarrak ostiralean ekingo dio txapelketari, 14.15ean, Canturen aurka. Ondoren, 18.45ean, Galatasaray izango du aurkari. Larunbat eguerdian, berriz, 11.45etan, Le-Puy-en-Velayren kontrako demak itxiko du multzoen fasea. Multzo bakoitzeko lehenengo biek jokatuko dituzte finalaurrekoak, larunbat arratsaldean, eta finala igandean izango da, 12.15ean.
«Xehetasun txikiek» erabakiko dute
Asier Garcia kapitainak nabarmendu duenez, «multzo oso parekatua da eta xehetasun txikiek erabakiko dute azken emaitza».
Horrez gain, antolatzaile bilbotarrak bere multzoko hiru aurkariak aztertu ditu. Esaterako, Galatasary taldeari buruz «faborito nagusia» dela esan du. «Champions Cup-a irabazteko egindako taldea osatu du eta Turkiako Liga irabazi berri du. Haien saskiratzaile nagusietako baten, Filipskiren, hutsunea duten arren, izen handiko jokalari ugari dituzte, esate baterako, uztaipean munduko jokalaririk erabakiorrena den Lee Manning. Talentudun turkiar gazteak ere badituzte. Talde sendoa da, eskarmentudun jendearekin egina».
Briantea Canturen inguruan, berriz, «talde historikoa» dela azpimarratu du eta hau ere «ohituta» dagoela Champions Cup-a jokatzera. «Ia jokalari guztiak Italiako selekzioan daude eta horiei batu zaizkie Bellers eta Poggenwisch herbeheretarrak. Bellers da, ziurrenik, jokalaririk erabakiorrena, garaia delako eta barruko jokoan min egiteko gai delako. Baita Carossino ere, Italiako selekzioko kapitaina. Defentsan sendo aritu behar gara, bestela sufritu egingo dugu, puntu asko sartzeko gai direlako», ohartarazi du.
Le-Puy-en-Velay talde frantsesari dagokionez, Asier Garciak onartu du «beste bi aurkaroek baino eskarmentu gutxiago» duela, «baina denboraldi bikaina egiten ari» dela azpimarratu du. «Collin Higgins kanadarra dago taldean, partidak erabakitzen dituen jokalaria. "Mikrouhin labearen" modukoa da, baina halako beste jokalari asko ez bezala, ez ditu partidak ordezkoen artean hasten, hasierako bostekoan bertan baino. Bero-bero eta saskiratzen hasten bada, lasai asko heltzen da 30 edo 40 puntu egitera. Puntu iturri hori geratzen ahalegindu behar gara. Bestalde, jokalari bizkorrak dituzte, beharbada hau izango da kantxa osoan presioan oinarritutako defentsa egin diezagukeen aurkari bakarra», gaineratu du.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

