
ELORDI 21
ETXEBERRIA 22
Adorea behar da gero Peio Etxeberriak Zumaiako partida 21na zela egin duena egiteko! «Andonik –Gaskue, Etxeberriaren botileroa– ezker hormara ateratzeko esaten zidan, baina ezin nuen», onartu du zenoztarrak partida amaitu berritan. «Aitor –Elordi– txokoan ezker hormaren inguruan oso ondo ari zen sartzen eta tira, ba zabalera ateratzea aukeratu dut. Gaizki atera izan balitz ere, gustura nengoke erabaki hori aurrera eraman dudalako, baina ondo atera denez, are eta gusturago», gaineratu du.
Lehertuta eta gorputz osoa dardarka duela amaitu zu zenoztarrak, baina Buruz Buruko Txapelketa nagusian bizirik dirau eta hemendik bi aste barru Iñaki Artolarekin final-laurdenetako partida zuzen bat izango du. Irabazten duena, finalerdietara. Aitor Elordi, berriz, 21-20 irabazten ari zela egindako sake oker horrekin oroituko da ziurrenik. Mallabikoa 13-19 galtzen izan da, baina sakea eta errematea uztartuz 20-19 aurreratzea lortu du eta baita 21-20 ere. Une horietan, nahiz eta arnasa luzeko pilotaria den nafarra, bizkaitarra osoago ikusi da, aurkaria bera baino lehertuago, akaso. Baina bere azken sakea traketsa izan da eta hurrengo errematea, eskasa.
Hala, markagailua 21na zela nahita zabalera atera du Peio Etxeberriak, teniseko «passing shot» paralelo bat bailitzan, eta Zumaiako Aitzuri pilotalekuan builaka ari ziren 623 zaleak une batez isilarazi ere egin ditu zenoztarraren atrebentziak. Baina a zer nolako ausardia! Sakea zuzen atera du nafarrak, Elordik, sarera igotzen den tenislariaren moduan, albotik pasatzen ikusi du pilota, eta berau balekoa izan da, hala lauko marraren ostean, nola kontrakantxako mugaren barrutik.
Ondorioz, Aitor Elordik ezin izango du finalerdietan aritu. Oraindik Unai Lasoren aurkako tramitea pasa beharko du eta tarteka maila oso ona eman badu ere, penatan joan beharko du Mallabikoak etxera, frontoiak lehenengoz bere aitarekin izan den Ilargi alaba txikiari garaipenik eskaini ezinda.
Ilara luzeak
Aurreneko tantoa Peio Etxeberriak dena alde zuenean kanpora bota du eskuinez, aurrez kolpez kolpe Mallabikoa mendean hartu eta gero. Alabaina, opari hori bikain baliatu du bizkaitarrak, hurrengo tantoetan Zenotzeko pilotaria dantzan eta korrika erabili baitu, luze nahiz zabal. Izan ere partida oso gogorra izan da aurreneko tanto horietan. Ia beti Elordi agintzen eta Etxeberria korrika bizian pilotaren atzetik.
Halakoren baten, Etxeberriak lortu du bere aurreneko tantoa, Elordi atzera bidali eta zabalean eskuinez dejada egin ondoren. Etxeberriak zortea bere alde izan du, Elordirekin elkarri traba eginez aritu ondoren, Mallabikoak aurkaria mendean izanagatik horma bikoa kanpora bota duelako.
Baina hara non, markagailua 5-0 egotetik 5nako berdinketara pasa da. Etxeberriak sakeaz gehiago asmatu du eta ia Lau eta Erdikoan ari balitz bezala jokatzeari ekin dio, errematerako aukera ikusi duelarik aurrera eginez eta arerioari hanketara jokatzen. Elordi bera ere zenoztarraren tranpan erortzen hasi da ondorioz, eta akordatzerako atzetik ikusi du bere burua, 5-6, tantoa mendean hartzeko abagunea izan duelarik kanpora ihes egin baitio eskuinkadak bizkaitarrari.
Sakea zeinek aterako, hark abantaila; hori da Buruz Burukoaren sekretuetako bat eta horrela erabaki da igande honetan Zumaian ere. Bereziki Etxeberriak min handia egin dio Elordiri sakeaz aurreneko erdian, zuzenean tantoak egiteaz gain piloteoa bere alde jarri duelako. Noski, bizkaitarrak sakea berreskuratu duen bakoitzean, gauzak batekoz bestera gertatu dira. Egia da saketik tanto bakarra egin duela Elordik, baina partidak aurrera egin ahala, sake bueltan gero eta arriskutsuago azaldu da Buruz Buruko txapeldun ohia.
Ondorioz, markagailua 5-0tik 5-7ra pasa den moduan, handik 9-7ra pasa da, handik 12nako berdinketara eta han bai, han Etxeberriak bere arnasa luzea eta kolpe gogorragoa inposatzen asmatu du. Hain zuzen, Elordik aukeraketa egunean apartaturiko pilota batekin aritu da nafarra eta horri etekin handia aterata 13-19 aurreratu da.
«Sufritu beharra zegok»
Elordiren txokoan ere ez dira burua makurtzeko egon, nolanahi. «Sufritu beharra dago hemen. Bilatu pareta sakeaz eta gero aurrera. Ezetzik ez hemen. Hau oraindik atera liteke-eta», bota dio bere botileroak Mallabikoari eta honek txapeldunaren mentalitate gogorra duela erakutsita, jaramon egin dio.
Jaramon egin eta sakeaz asmatu. Sakea eta ezker gantxoa baliatuta airean erabili du Etxeberria eta honek tarte baten ez du jakin izan airez bilatu errestoa edo botera jarri. Zalantza horiekin eta Elordiren erabakitasunarekin, markagailua 20-19 izatera pasa da, eta baita 21-20 ere. Tartean piloteo latz askoak ere izan dira, erritmo oso bizian jokatuagatik 300 pilotakaden langa pasa baitute kirolariek.
21-20koan, ordea, sake traketsa egin du Elordik, akaso botea ere ez delako oso santua izan. Bat dela, bestea dela, Peio Etxeberriaren errestoak ezker horma bilatu du eta elordik, tantoa landu ordez ezker boleaz zabalean tantoa bilatu du. Eta tanto izan da... baina aurkariarentzat. Zentzu horretan, arriskatu duen zenbait unetan akats txiki batzuek egin ditu bizkaitarrak eta hortik ere joan zaio neurketa.
Baina zeinek esan behar zuen azken sakea zabalera atera behar zuenik Etxeberriak? Bere botileroa ere ezker horma bilatzeko esan eta esan aritu zaio, baina zenoztarrak zirt edo zart egitea erabaki du eta «passing shot» paralelo aparta atera zaio neurketa irabazteko, adorea eta teknika ez daudela kontrajarriak erakutsiz.
PARTIDAKO FITXA
Iraupena: 67.57 minutu: Pilotakadak: 322. Sakez: 1 Elordik eta 6 Etxeberriak. Jokoan egindako tantoak: 14 Elordik eta 10 Etxeberriak. Jokoan galdutakoak: 6 Elordik eta 6 Etxeberriak. Markagailua: 1-0, 5-0, 5-1, 5-7, 6-7, 9-7, 9-8, 9-10, 10-10, 10-11, 10-12, 11-12, 12-12, 12-13, 12-16, 13-16, 13-19, 14-19, 20-19, 20-20, 21-20, 21-21, 21-22. Gorabeherak: Buruz Buruko Txaperlketako final-laurdenetako ligaxkako partida, bigarren jardunaldia, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan, 623 lagunen aurrean. Aurreneko sakea, gorri.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Pasai Antxo ve la luz al final del túnel con el derribo del viaducto que divide el pueblo

Alertan de un intento de desalojo en Amurrio por parte de Ama Desokupa

Decenas de grupos, varios de ellos vascos, rompen con el Viña Rock tras su compra por sionistas
