Harridura lasaia garraio publikoa kolapsatuta izan duen Bilbon

12.30ak inguru ziren Bilboko GARA/NAIZen erredakzioan bat-batean argiak eta ordenagailuak itzali direnean. Burura etorri zaigun lehenengo gauza izan da itzalaldia erredakzioan edo eraikinean izandako arazoren baten ondorioz gertatu dela, baina leihotik begiratu eta tranbia geldirik eta semaforoak itzalita ikusi bezain laster jakin dugu arazoa orokorragoa zela.
Donostiako lankideekin kontaktuan jarri eta bertan ere argindarra joan dela jakin ondoren, kezkatzen hasi gara. Mugikorra hartu eta sare sozialetan ikusi dugu Estatu espainiarreko hiri asko ere argindarrik gabe zeudela. Harrituta, ez genuen ezer ulertzen. Nola liteke argia aldi berean joatea hain eremu geografiko handian?
Kalera jaitsi eta giro bitxia sumatu dugu. Orokorrean, lasaitasuna zen nagusi. Kaleetan eta Arriaga plaza eta Areatza inguruan jendea ez zegoen bereziki urduri. Hasiera batean, jende gehienak lasai jarraitzen zuen paseatzen, ezer gertatuko ez balitz bezala. Taberna eta saltokien inguruan giroa urduriagoa zen eta Alde Zaharreko kaleak nahiko beteta zeuden astelehen eguerdia izateko. Telefonoz hitz egiten saiatzen ari zen jendea eta jende multzo batzuk gertatutakoari buruz hitz egiten: «Portugalen ere joan da argindarra», zioen batek, «Badirudi Europako beste herrialde batzuetan ere joan dala», zioen beste batek.
Bazen gertaturikoaren arrazoien inguruan lehen usteak egitera ausartzen zenik: «Zibereraso bat da», «Gerra hibridoaren adibide bat da hau»; «Errusiak egindako eraso bat da»… zioten zoritxar-igarleek.
Sare sozialetan ere zabaltzen ari zen alarma. Petronorren Muskizeko lantegia ke beltza botatzen ikusten zen argazki batzuek zerbait larria zela pentsarazten zuten. Geroago, enpresa petrokimikoak jakinarazi du kea zentralak duen segurtasun protokolo baten ondorio zela.
Bitartean, garraio-sarea kolapsatuta. Metroa, trena eta tranbia zerbitzuz kanpo zeuden eta jende mordoa saiatu da autobusa hartzen, ilara luzeak sortuz, batez ere Hurtado de Amezaga kaleko markesinetan, Plaza Biribiletik gertu.
Kaleetan udaltzaingoak ari ziren trafikoa bideratzen, semaforoen funtzionamendua makala baitzen.
Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusian ere jende ugari ikusi zitekeen. Erosketak egin ezinik, kalean, bueltaka, atzera-aurrera zeuden gehienak. Autobusen bat hartzeaz kezkatuta zegoenak alde batera utzita, giroa nahiko lasaia zen. Kezka bai, baina lasaia. Agian pandemian garaian okerragoak bizi izan digutulako? Ez ziren gutxi tabernetako terrazetan lasai-lasai zain zeudenak.
Primarken inguruan, bai, nolabaiteko zalaparta zegoen. Hurbildu ondoren, ate automatikoak ezin zirela ireki eta erosle asko barruan harrapatuta geratu zela ikusi dut. Hala ere, han ere patxadaz hartu dute denek eguneroko martxan azkarreko derrigorrezko etenaldi hau. Corte Inglesen, ate automatikoek bai funtzionatzen zuten, eta oraindik ere pertsona batzuk ikus zitezkeen sartzen eta irteten.
Eta, azkenik, 13.45 inguruan Bilboko erdigunea argia berreskuratzen hasi da eta giroa, urduritasun nabarikoa izan ez dena, erabat normalizatu da. Astelehen buruzuria hau bere horretara itzuli da.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
