NAIZ

Urreisti-Manci eta Ihart-Fridarentzat Zumaiako txapelak, Aitzuri zutik jarri zuen ikuskizunean

Urreisti-Manci bikote mutrikuarrak zein Ihart eta Fridak osatutakoak jantzi zituzten Zumaiako Master Serieseko txapelak, final oso lehiakorrean. Barandika-Zabala bi setean garaitu zituzten gipuzkoarrek eta emakumezkoen finala desenpatera joan behar izan zen, Helena-Maiak sekulako maila erakutsita.

Urreisti eta Manci, zaletuez inguratuta.
Urreisti eta Manci, zaletuez inguratuta. (ERAMAN JAI ALAI)

San Telmo egunak askorako eman zuen atzo Zumaian, itzalalditik ikuskizuna piztera igaro baitziren ordu gutxiren buruan. Aitzuri pilotalekuak hartu zituen Master Serieseko finalak eta lau bikoteek sekulako maila erakutsi zuten. Emakumezkoetan, Ihart Arakistain eta Frida Watkins nagusitu ziren, Helena-Maia bikote gazte baina indartsuaren aurka hirugarren jokoan gailendu ostean. Lehen txapel handia jantzi zuen atzelari zumaiarrak, denboraldiko bere hirugarren finalean argia ikusita, Arakistain oso sendo eta azkar batek ongi lagunduta.

Partida sendo hasi zuten Sopelakoak eta Zumaiakoak, lau tantoko aldea lortu baitzuten atsedenerako (8-4). Helenak eta Maiak, baina, gora egin dute ondoren, markagailua iraultzeraino (11-13, 12-14). Nabarmentzeko atzelari berriatuarraren maila, 13 urte besterik ez dituela atzeko koadroetan zenbait momentutan nagusitasuna ezarri baitzuen. Dena dela, kosta egin zitzaien jokoa ixtea eta azken tantoa, 14-14 markagailuarekin, marroien alde erori zen. 

Bigarrenean bai, bikote horia nagusitu zen hasieratik (1-4, 6-8, 9-13, 13-15) eta desenpatean aurretik jarri arren (0-2), Ihartek eta Fridak buelta eman zioten (5-3). Zumaiarrak partida segurua jokatu zuen atzean eta sopelaztarrak erremate onak egin zituen, sahietsetik batik bat. Sopelakoaren bigarren txapela da Ligan, Berriatuan ere garaile izan baitzen.

Ihart eta Frida txapeldunak, Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza eta zinegotzi Aitor Manterolarekin. (ERAMAN JAI ALAI)

Gizonezkoetan ere ikuskizuna eskaini zuten lau puntistek, txapela Mutrikura joan zela. Eñaut Urreisti eta Mikel Mancisidorrek gaztetasunetik –eta iazko finaletik asko ikasita– nagusitu ziren Barandika eta Zabala bezalako eskarmentu handiko puntisten aurka. Lehen jokoa oso berdinduta egon zen, beteranoek markagailua hautsi baitzuten lehendabizi baina mutrikuarren kemenak irabaztera eraman zituen. Mancik hasieran egindako akatsak gutxitu zituen eta Urreistik bere abilezia erakutsi zuen aurreko koadroetan (15-12). 

Bigarren jokoan are erosoago aritu ziren mutrikuarrak eta Barandika zein Zabalak beraien esperientziatik ondo eusten jakin zuten arren –biak ala biak, azken urteetan lesio larri bana eduki ostean, sasoiko daudela erakutsi zuten–, ezin izan zuten Urreistiren dominioarekin apurtu. Mutrikuarrak, erremate zitalez zein atzean jarritako pilota arriskutsuekin, zutik jarri zuen Aitzuri, atzean Mancik eskaintzen duen segurtasuna ongi probestuta.

Ligako ranking-ean aldaketak

Garaipen onekin, 1.000 puntu eskuratu dituzte Ligako rankingerako Urreistik eta Mancik, 600 Barandikak eta Zabalak eta 360 puntu finalerdietako galtzaileek: Erkiaga-Urangak eta Olharan-Lopezek. Honek esan nahi du rankingeko lehenengoaren (Erkiaga) eta bigarrenaren (Urreisti) arteko aldea 640 puntutan murriztu dela. Zumaiako txapelketaren ondoren, Erkiagak jarraitzen du Jai Alai Ligako lider 6.220 punturekin eta Urreisti da bigarrena 5.290 puntu batuta.

Ranking ofizialean aldaketa gehiago izango dira hurrengo orduetan. Astearte honetan Donibane Lohizunen (Campos Berri, 18:00h) ‘Cesta All Star’ txapelketako finalak jokatuko dira. Slam kategoriako lehiaketa gizonezkoen kasuan (2.000 pt) eta Master Seriesa emakumeetan (1.000 pt).