
Bosgarren aldiz bertan behera utzi du Nafarroako Auzitegi Administratiboak (NAA) Barañaingo Udaleko plantilla organikoaren zati bat, EH Bilduk jakitera eman duenez. Oraingoan 2024ko plantilla organikoko 38 lanpostu indargabetu ditu udal ordenantzan ezarritako euskararen erabilera eta sustapenari buruzko araudia ez betetzeagatik eta helegite bati erantzunez.
NAAren ebazpenean azaltzen denez, UPNk zuzentzen duen Udalak ez du arrazoi tekniko edo juridikorik eman Berezko Batzorde Teknikoak egindako proposamena baztertzeko. Organo hau da herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuei profil linguistiko egokia ezartzeko ardura duena. UPNren gobernu taldeak, ordea, ez dio jaramonik egin.
Gauzak horrela, eta NAAren ebazpenak jasotzen duenez, batzordeak proposaturiko 39 profil linguistikoetatik bakarra jaso zuen, jarrera hau justifikatzeko inolako argudiorik eman gabe. Honek, NAAren arabera, Barañaingo euskara ordenantzaren kontra egiten du, eta baita ere Konstituzio espainiarraren 9.3 artikuluaren aurka ere.
UPNren helegitea
Egindako akatsa onartu beharrean Barañaingo UPNren gobernu taldeak helegitea aurkezteko asmoa azaldu duela nabarmendu du EH Bilduk. «Horrek, hainbat ahotsek ohartarazi dutenez, kostu ekonomiko gehiago ekarriko dizkio herriaren diru publikoei, eta indarrean dagoen hizkuntza-araudia betetzea gehiago atzeratuko du», salatu du EH Bilduk.
Esan bezala, plantilla organikoaren kontra –osorik edo zatika– NAAk aurka egiten duen bosgarren aldia da honakoa. Izan ere, UPN Barañaingo Udalean agintera itzuli zenetik 2021, 2022 eta 2023 urteetako plantillen aurkako ebazpenak egin ditu epaitegi honek. Azken ebazpena 2024ko maiatzean izan zen. Orduan, aurrekonturik gabe ezin zela plantilla organikoa zehaztu gogoratu zion Barañaingo UPNri. Orain, berriz, euskararen kontra egiteagatik. Argi erakutsi du NAAk UPNren gabeziak eta helburuak.
«Eragile sozial eta politikoek salatu dute estrategiak dakartzan ondorioak: Udalak berak izendatutako organo tekniko baten lana gutxietsia izan da, eta horrez gain, euskal herritarrek administrazioarekin euskaraz egiteko duten eskunidea urratzen jarraitzen da, eskubide hori Nafarroako legeek babestua baitago», adierazi du EH Bilduk.
«Gainera, egoera honek zalantzan jartzen du Barañaingo Udalak bere ordenantza propioak bete nahi dituen benetako borondatea, eta berriro irekitzen du kudeaketa linguistikoaren erabilera politikoaren inguruko eztabaida instituzionala», gaineratu du.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

