
Garagardoaren sektorean oso zabalduta dagoen aluminiozko ontzia apurka zabaltzen ari da sagardogintzan ere. Zenbait abantaila eskaintzen baditu ere, sagardoaren kontsumoak tradizioari lotuta jarraitzen du eta sagardozale askok beirazko botila nahiago izaten jarraitzen du.
Hala ere, eta pixkanaka bada ere, tradizioz betetako sektore honetan ohiturak aldatzen hasi dira eta, produktu berriak merkaturatzen ari diren bezalaxe, formatu berriak ere plazaratzen ari dira. Horien artean, gehien zabaltzen ari dena aluminiozko lata da, eskaintzen dituen abantailak asko baitira.
Alde batetik, botila osoaren aldean, lata batek pertsona batentzako adina sagardo kontsumitzeko aukera ematen du. Bestetik, ontzi arinagoa denez, etxetik kanpo edozein tokitara eramateko egokia da, puskatzeko beldurrik gabe. Eta, azkenik, osorik birzikla daitekeen ontzia da.
Abantailak asko badira ere, esan bezala, ohiturak aldatzea ez da erraza izaten eta Euskal Herrian poliki doa aluminiozko ontziaren zabalkundea. Horrela, euskal sagardogileek formatu berriaren salmentarik handienak atzerrian egiten dituzte, batez ere Amerikako Estatu Batuetan.
Usurbilgo Saizar sagardotegiak ere itsasoaz bestalde saltzen du lata gehien. Bertako arduradunek azaldu dutenez, anglosaxoi merkatuetan sagardoa freskagarri bat bezala edaten dute eta ohituta daude beraien cider edaria latan kontsumitzen, beirazko botilan baino gehiago. Merkatu horretan euskal sagardotegiek ere presente egon nahi dute eta beren produktua eskaintzen ahalegintzen dira, betiere Jatorri Deiturako Euskal Sagardoarekin.
BALEAREN ARRANTZA
Eta itsasoaz haraindi ari garela, ezin aipatu gabe utzi euskal sagardoak Ipar Amerika eta hango balea-arrantzarekin izan zuen harremana. Izan ere, mendeetan zehar, euskal arrantzaleek sagardoa eramaten zuten beren bidaia luzeetarako eta, itzuleran, arraina ekartzen zuten sagardotegietara.
Harreman hori izan da, hain zuzen, Usurbilgo Saizar sagardotegiak bere ontzi berrirako erabili duen irudi eta historiaren inspirazio iturri. Izan ere, Red Bay edo Balea Bay Kanadako arrantza-portu txiki bat da, XVI. eta XVII. mendeetan euskal arrantzale askok babesleku gisa erabili zutena.
Bertan, urperatutako zenbait euskal baleontzi aurkitu dituzte, tartean Pasaian 1563an eraiki eta bi urte geroago Red Bay-ko portuan ekaitz gogor baten ondorioz hondoratu zen “San Juan” ontzia. Aztarnategiaren garrantzi historikoa hain handia da ezen Unesco nazioarteko erakundeak munduko ondare izendatu zuen 2013an.
Saizar sagardotegiak lataren atzealdean gogorarazten du euskal galeoiek sagardo upelaz beteta gurutzatzen zutela Ozeano Atlantikoa. Hori bai, historia ezagutzen ez duenarentzat, argi uzten du euskal arrantzaleek aspaldi ez dutela balearik harrapatzen.
Beste zenbait sagardotegik ez bezala, Saizarrek 44 zentilitroko ontzian merkaturatzen du Red Bay sagardo naturala. Ohiko kantitatea baino zertxobait gehiago da, artisau garagardoen sektorean oso ohikoa denaren antzekoa.
DIBERTSIFIKAZIOA
Sagardogintza bizitzen ari den dibertsifikazioaren adierazgarri dira ere Saizar sagardotegiak merkaturatzen dituen Señorio de Belmont sagardo-pattarra eta sagarrekin egindako ozpin naturala.
Pattarrak 40 gradu alkohol ditu eta alanbikean destilatzen da lehenbizi, ondoren haritz-upeletan ontzeko, gaztain eta urre kolorea hartzen duen arte. Ozpina egiteko, bestalde, ohiko prozesua erabiltzen da baina lortutako emaitza mahats-ozpinena baino zitrikoagoa da, oso egokia entsaladak prestatzeko.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da
