Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Zerbitzu publikoak, industriarako plan bat eta gutxieneko diru-sarrerak, LABen aldarri nagusiak

‘Langileen alde, gutxieneko soldata eta pentsioak hemen erabaki’ lelopean mobilizazioak egin ditu LAB sindikatuak ostegun honetan Euskal Herriko hiriburu ezberdinetan. Donostian, zerbitzu publikoak indartzea, industriarako plan berri bat eta gutxieneko diru-sarrerak aldarrikatu dituzte.

Donostiako LABen mobilizazioa.
Donostiako LABen mobilizazioa. (Jon Urbe | FOKU)

Urteroko hitzordua izaten da Maiatzaren Lehenekoa, baina erronka eta aldarri berrietara egokitutakoa. Ikasturtean zehar egindako lanari jarraiki, LABek gutxieneko diru-sarrerak aldarrikatu ditu Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Tuteran eta Baionako intersindikalaren mobilizazioan.

Jendetza bildu da Donostian, 12.00etan Easo plazatik abiatzekoa zen mobilizazioa, eta minutu batzuk atzeratu bada ere, 12.20ak aldera oraindik hainbat kide plazan zeuden manifestazioak aurrera egin esperoan. Askotariko oihu eta aldarriek hartu dute bidea, baina pankarta buruak ideia argi bat zuen: ‘Langileen alde, gutxieneko soldata eta pentsioak hemen erabaki’.

Trinitate plazan amaitu da ekitaldia, Munduko Federazio Sindikala 80. urteurrena ospatzen ari dela eta «elkartasuna, aitortza eta zorion» mezu bat bidaltzeko argazkia atera dute. 2024ean hildako 64 langileak eta aurtengo 18ei lore eskaintza egin ostean, Ekintza Sindikaleko arduraduna den Oihana Lopetegik hartu du hitza. «Bestelako mundu baten alde» Euskal Herriaren erabakitze eskubidea eta burujabetza defendatu ditu, eta hiru lehentasun nabarmendu.

Hiru lehentasun

Lehena, zerbitzu publikoak sendotzea, «herritar guztiek izan dezaten osasuna, zaintza, hezkuntza eta etxebizitzarako eskubidea». Bigarren lehentasuna industria politikarekin lotu du, industria politika berriak egin behar direla aldarrikatu du, «trantsizio ekosozial justu bat planifikatzeko, sektore estrategikoetan esku hartze publikoa eragiteko eta langileek erabakietan parte hartzeko».

Hirugarrenik, berriz, herritar guztientzat oinarrizko diru sarrera duinak izatea eskatu du Lopetegik, «arrakala matxista eta arrazista desagerraraziz». Langile klasearen «borroka historikoa» dela gogoratu du, eta sindikalismoaren «arima» dela, eta Euskal Herriko pentsionisten mugimendua txalotu du.

Langile klasearentzat bizi baldintza duinak galdegin ditu Lopetegik, eta bide horretan «apustua bikoiztu» dutela nabarmendu du, bi bide ireki baititu LABek Hego Euskal Herrirako pentsio eta soldata propioak lortzeko borrokan. Lehena, negoziazio kolektiboa: «Patronala urduri dago, eta mahaian esertzea ukatu du Nafarroan, zein Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hau da Confebask, elkarrizketaren inguruan hitz egiten du baina oinarrizkoaren inguruan hitz egitea ukatzen du, sindikatu guztiek eskatu arren». Confebask «parasito sozial» gisa definitu du Ekintza Sozialeko arduradunak, diru publikoa jaso, eta trukean ez duelako «ezer ematen».

Gutxieneko soldata propio eta duinak lortzeko bigarren bidea, langile estatutua aldatzea dela argitu du: «Hego Euskal Herriko gobernuek gutxieneko soldata ezartzeko eskumena izan dezaten». Sinadurak biltzen hasi dira ekimen hau legebiltzarretara eramateko eta euskal herritar denei dei egin diete sinatzeko.

Euskal Herrian erabaki

Burujabetzaren beharra ere azpimarratu du Lopetegik, «inertziarekin puskatu eta norabidez aldatu behar da», esan du. «Burujabetza handiagoa behar dugu langile klasea defendatzeko, zaintza, lana eta aberastasuna banatzeko, burujabetza handiagoa gure eredu ekonomikoa eta kontsumo eredua eraldatzeko, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzeko, hemendik bertatik. Eta burujabetza handiagoa behar dugu hona datozenei harrera egiteko», aldarrikatu du.

Burujabetzaren, eraldaketa sozialaren eta eraldaketa feministaren alde lan egiten duen «esparru zabal bat» dago LABen iritziz, eta azken urteetako mobilizazio sozial eta sindikalak txalotu ditu, «langileentzat funtsezkoak diren gaiak» agenda politikoaren erdigunean kokatzea lortu delako: osasuna, zaintza, etxebizitza, pentsioak eta gutxieneko soldata.

Imanol Pradales buru duen Lakuak ez duela «aldaketarik egiteko asmorik» gaineratu du, eta nabarmendu argi ikusi dutela zerga erreforman, «EAJk eta PSEk ez diete elite ekonomikoaren pribilegioei  uko egin nahi izan, eta osasun mahaian ere ikusten ari gara, ez dute ukitu nahi enpresa pribatuen irabazirik».

EAJren Europa militarizatzeko apustua ere kritikatu du LABeko ordezkariak, «militarismoak bizitzak akabatzen ditu, krisi ekonomikoa dakar eta ezberdintasun sozialak handitzen ditu», gaineratu du. «Guk inoiz ez dugu AEBko kultura eta eredua Europan ezartzea defendatuko» esan du irmo.

Hamaika aldarri

Mobilizazioan zehar, hamaika aldarrirentzat lekua egon da, sektore ezberdinetatik ekarpena egin nahi izan baitiote gaurko egunari. Ernaiko gazteek gazte blokea osatu dute ‘Gazteon bulkadan sozialismoa’ aldarrikatuz. Eta ‘LAB helduak’ zioen pankarta ere ikusi dugu Donostian: ‘Zaintza eta osasungintza publikoa eta pentsio minimoak’.

Txaleko moredunek ere bazeramaten beren pankarta propioa, ‘Pribatizazioa, zaintza langileen miseria’ jartzen zuen bertan, eta Donostiako erdigunera iritsitakoan inditexeko langileek Bangladesheko Rana plazako langileen omenez bengalak piztu dituzte aldarri argi batekin batera: ‘Rana plaza (2013), inditex 1134 hildako, beti gogoan’. Garbiketako langileen ere izan dute beren aldarri propioa eta galdera argi bat egin diote instituzioei: «Zein da plana?»

LABeko bandera more zein gorrien artean, ikurrinak, nafar banderak eta Palestinako banderak ere bazeuden. Eta oihuetan presente egon dira euskal presoen etxeratzearen eskakizunak, eta Palestina askatzearen aldeko oihuak.