Eñaut Urreisti, Mutrikutik datorren galerna
Zumaiako Masterra eta Donibane Lohizuneko Grand Slama irabazita, Jai Alai Ligako rankingean lehen sailkatua da Eñaut Urreisti (Mutriku, 2004). Gernikako Winter Seriesean egin zuen estreinaldi handia mutrikuar gazteak eta joko on eta oldarkorrak, ikuskizuna ez ezik, txapelak ere ekarri dizkio.

Daukadan onena ematen saiatzen naiz beti. Finaletara iristen nabil eta nahiz eta guztiak irabazi ez, emaitza onak pilatzen nabil», esan zuen Urreistik NAIZi eskainitako adierazpenetan, Iron Cup txapelketaren aurkezpenean. Bere lehendabiziko denboraldia da osorik profesionaletan garatzen ari dena eta pilatu dituen emaitzez gaindi (17 partidatik 13 irabazi, bi Master eta Grand Slam bat poltsikoratu), kantxan erakutsi duen kemen eta trebetasunak zaleak harrapatu ditu.
«20 urterekin, oso gutxik jokatzen dute maila horretan», baieztatu du Jon Mendizabal “Goxarri”-k, Urreistiren mentore eta Mutrikuko Danok Bat zesta eskolako sortzaile eta mugarriak. Aukera garaiz iritsi zaio eta eman dituen pausoak ere bide beretik joan dira. «Atzean lan handia dago», ziurtatu du Goxarrik, eta, ekinaren ekinez, aukera bakoitza aprobetxatzen ari da.
Hainbeste, ezen bere bilakaera ere igarri egin baita hilabete gutxian. Maiatzeko Urreisti hau ez da Winter Seriesean debuta egin zuen Urreisti bera. Orduan, ikusleak txunditu zituen eta orain, trebetasun horri, argitasuna gehitu dio. Alegia, kantxako une bakoitza ez da bere horretan igarotzen; tanto bakoitza -galdu edo irabazi- ikaskuntza perfektua da gipuzkoarrarentzat.
«Iazko udaran aukerak ematen hasi ziren Eraman enpresatik, konfiantza eman zidaten, eta uste dut gutxika-gutxika hobetzen joan naizela. Winter Series honetan maila ona erakusten ari naiz eta oso pozik nago horrekin», esan zuen Eñaut Urreistik NAIZ Irratiko elkarrizketan, Gernikan finalerdietarako bidea argitu berritan.
Jai Alai Ligan lider
Iaz, Zumaiako santelmoetan bere lehen finala jokatu zuen Eraman Jai Alaiko koadro profesionalean. Erkiaga eta Urangaren aurka porrot egin zuen, Manci herrikidea bizkartzain zuela. Eta urtebete beranduago, aste magikoa burutu ostean, Jai Alai Ligako rankingean buru da, Aritz Erkiaga maisuari gailenduta. Gernikako sentsazioa izatetik, aurreko koadroetako agintaritza hartu du, final handietan ere kikildu gabe. Sentsazioak txapel bilakatu ditu.
Balentria hau neurtzeko, nahikoa da esatea Ispasterkoak iaz nagusitasun osoz (Johani 8.000 puntuko aldea aterata) menderatu zuela liga erregularra -nahiz eta play-offetan Barandika-Lopez gailendu-. Ispasterkoak berak ere esana zeukan bazegoela behar bat belaunaldi berriek mahaian kolpea emateko eta, aurtengo maila ikusita, esan daiteke, gazteek maisuari entzun eta urratsa egin dutela.
Winter Seriesaren kasuan, aurtengo edizioan, hamar puntista izan dira 30 urte baino gutxiagokoak eta horietatik sei, 25 urtetik beherakoak izan dira. Are gehiago, lehen edizioarekin alderatuta, aurten hamar urte jaitsi da Winter Serieseko finalerdietako puntisten batez besteko adina: 26,7koa izan da.
Sasoi betean
Haize berri indartsua dator gazteenen aldetik eta horren ordezkari, azken asteetako erakustaldiaren ostean, Mutrikutik datorren galerna dago. Urreistik finalerdia irabazi zuen bere lehen Winter Seriesean, Gorka atzelari zuela; bitartean, Daniako txapelketa ere irabazi eta Biscayne Cuperako sailkatu zen; Araba Euskaraz-en gailendu egin zen Lekerika bizkartzain zuela eta bikote bera txapeldunorde geratu zen Lekeition.
Zumaia eta Donibane Lohizunen goia jo du, bi finalak irabazita, Manci eta Basque-rekin bikotea osatuz. Atzelari ezberdinekin aritu da eta bere mailak gorakada handia eman du aste gutxian. Kantxan egoten dakiela erakutsi du -akaso, Gernikan horixe falta izan zitzaion, partidatik ez ateratzea-. Tantoak dominatu ditu Aitzurin zein Cesta All Starreko kinielatan -tanto bakoitza hil ala bizikoa denean-, errebotez pausoa eman du, saihetsez ere bere zitalkeria erakusten du... Pilotalekuetara jendea erakartzen duen jokoa egiten du, gazteen artean hain ohikoa ez den ausardiaz. Sasoiko dago, Jai Alai Ligan buru, 7.290 punturekin.
Grand Slam bat poltsikoratu du dagoeneko, 21 urte beteko dituen sasoian, eta Iron Cup-en ere beste txapel handi bat bilatuko du. Lehiakortasun bizia irabazi du Bilboko txapelketak, Erkiaga eta Urreistiren arteko rankingeko norgehiagoka partikularrarekin (320 punturen aldea dago bien artean). Ispasterkoak jada egin du jauzia finalerdietara, espero baino gehiago sufrituta Laduche eta Del Rioren aurka. Bizkaitarrak Gorka du bizkartzain eta Urreistik, Ibarluzea; Gernikako bikoteak trukatu egin dira eta Bilboko Deportivon erakustaldia emateko hautagai nagusiak dira.
Dena dela, emaitzak emaitza, Mutrikutik datorren galerna honek aurreikuspen guztiak hautsi ditu; bizitasuna eskaini dio koadroari, Jai Alai Ligari arnasa berria ekarri dio, azken urteetako dominatzaile eta maisu handiarekin aurrez aurre lehiatuz. Mutrikuko galerna honek, aztoratzeaz gain, hauspoa eta zirrara ekarri dio zesta-puntaren loraldiari.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
