NAIZ
Iruñea

NUPek euskararekiko duen «utzikeria» salatu dute ikasleek, Euskara Planaren balorazioa eginda

NUPeko Euskara Plana 2024-2025 ikasturtean amaitzen dela ikusirik eta unibertsitateak aurrera begirako estrategiarik ez duenez, ikasleek planaren balorazioa egin dute eta zenbait proposamen egin dituzte, egun NUPen euskaraz ikastea ezinezkoa dela salatuz.

NUPeko Euskara Taldeko ikasleen prentsaurrekoa, euskararen diagnostikoa azaltzeko.
NUPeko Euskara Taldeko ikasleen prentsaurrekoa, euskararen diagnostikoa azaltzeko. (Jagoba Manterola | FOKU)

‘NUPek euskarari bizkarra, ikasleok euskarari indarra’ dinamikaren baitan NUPeko euskara diagnostikoa aurkeztu du ikasleen euskara taldeak astelehen goiz honetan. Izan ere, NUPeko Euskara Plana 2025eko urte hasieran amaitu zen, eta agortzearekin batera jakin zuten ez zegoela aurrera begirako estrategia edo planik. Hori dela eta, inkesta baten bidez ikasleen iritziak jaso dituzte eta planaren inguruko beraien balorazio propioa egiteaz gain, hainbat proposamen luzatu dizkiote unibertsitateari; «ez baita ulergarria plan estrategiko bat agortu ostean inolako asebetetze inkestarik ez egitea planaren balorazioa egiterako momentuan».

NUP euskalduntzeko «benetako konpromisoa» galdegin dute, izan ere beraien ustez azken planaren helburuak ez dira bete, «izugarri xumeak baziren ere», zehaztu dute, «eta egoera honen aurrean ez da inolako mekanismorik sortu, aktibatu edo indarrean jarri». Hori dela eta NUPen «utzikeria» salatu dute eta azpimarratu «ezinezkoa» dela euskaraz ikastea. «NUPeko Euskara Plana ez da nahikoa unibertsitatea euskalduntze aldera eta NUPentzat aurpegi zuriketa bat baino ez da», ohartarazi dute eta gaineratu Errektoretzak jarritako erritmoak ez direla «inolaz ere nahikoak praktikotasunean hizkuntza baten zabalpena bermatzeko».

Zenbait aurrera urrats eman direla nabarmendu dute ikasleek, baina horietako gehienak «unibertsiateko komunitate euskaltzalearen iniziatiba» izan direla azaldu dute, eta ez «NUPeko gidaritza». Egindako galdeketen emaitzen arabera, NUPeko ikasleen %85,5ek uste du erakundea ez dela behar bezala ahalegintzen ikasketak euskaraz eskaintzeko orduan.

Euskarazko kredituak

Aurkeztu duten txostenean unibertsitateari dagozkion alderdi ezberdinak landu dituzte. Kredituen eskaintza da horietako bat, eta zorrotz mintzo dira ikasleak alor horri dagokionez: «Azken lau urteetan 89 ikasgai eta erdiren baliokidea gehitu da euskarazko eskaintzara; unibertsitateak egun 27 gradu eskaintzen dituela kontuan hartuz urtero gradu bakoitzeko ikasgai bat baino gutxiago txertatu direla esan nahi du».

Egindako hazkundea dirudiena baino «pobreagoa» dela mahaigaineratu dute. Izan ere, Euskara Planak kredituen eskaintzaren kudeaketarekin lotuta hiru irizpide jasotzen zituen: hurbiltasuna, eskaria eta irakasleen kontratazioa.

Hurbiltasunari dagokionean, «lanpostu publikoei edo jendaurreko lanpostuetara bideratutako graduetan lehentsiko da eskaintza igoera», jasotzen du unibertsitatearen planak. Ikasleek, ordea, salatu dute Erizaintza, Medikuntza, Lan Harremanak edota Psikologia bezalako graduetan ikasgai gutxi edo bat ere ez dela eskaintzen euskaraz.

Bestalde, euskarazko eskaintza «eskaria-eskaintza logiketan» ezin dela ulertu gaineratu dute ikasleek, eta formularioan parte hartu duten %74,7rentzat unibertsitatea hautatzerako orduan hizkuntzak garrantzia duela nabarmendu. Irakasleen kontratazioari loturik, eskakizun zehatz bat egin dute: «Ezinbestekoa da euskarazko irakasleen lan baldintzak EHUko irakasleenekin berdintzea».

Euskaraz ematen diren ikasgaiei dagokienez, ikasleen %23k soilik uste dute euskaraz irakasten diren ikasgaiak duinak direla.

Gradu Amaierako Lanei dagokionean euskaraz egiteko aukerak handitu diren arren, diote ez dela «NUPek saltzen duen apustu ausarta»: «NUPek gradu osoan zehar ikasle euskaldunen eskubide linguistikoak urratu ostean ikasleongan jartzen du GRALa euskaraz egiteko erantzukizuna».

Klasetik kanpo

«Administrazioarekin harremanak euskaraz izateko oztoporik izan duzu?». Hori ere galdetu diete ikasleei, eta %61,3k baiezkoa erantzun du. Klasetik kanpoko bestelako jardueretan ere euskararen presentzia «hutsaren hurrengoa» dela salatu dute ikasleek. «Eskertuko zenuke NUPek euskarari garrantzia handiagoa ematea klasez kanpoko jardueretan? (gimnasioan, tailerrak, hitzaldiak, formakuntzak…)?» galderaren aurrean, irmoa da erantzuna: %98,8k baiezkoa eman du.

«Kartelik gehienak elebitan badaude ere, euskara beti dago bigarren posizioan, gazteleraren azpian edo eskuinean. Zonalde mistoko legediak euskara gaztelaniaren parean izatea eragozten du, eta, hori dela eta, posizio zapalduan egotera kondenatzen du; nola ez, horrek biziberritzea eta suspertzea etengabe eragozten ditu», azaltzen du txostenak hizkuntza paisaiari lotuta.

Proposamenak

NUPeko Euskara Taldeak egindako txostenak hainbat proposamen jasotzen ditu. «Nafarroako Unibertsitate Publikoari exijitzen diogu, 2026ko Plan Estrategikoan, aurten ez bezala, euskarari garrantzizko lekua eman diezaion», azaldu dute, eta bi neurri zehatz mahaigaineratu: batetik, Euskara teknikariaren kontratazioa, plangintza linguistikoa egingo duena, euskara sustatzeko beste zenbait ekimenekin batera. Eta bigarrenik, Euskararen Errektoretzaren sorrera.

Horiekin batera, beste hainbat proposamen ere egin dituzte. Euskarazko C1 duten irakasleen kontratazioa eta behar diren baldintzak ezartzea gradu guztiak %100 euskaraz egin ahal izateko; eta langile euskaldun gehiago kontratatzea egiten diren bilerak eta kanpainak ere euskaraz antolatzeko.

«Hizkuntza plan erreal bat, euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen duena» galdegin dute, eta horretarako profil teknikoak zein organo instituzionalak sortzea.