NAIZ

Innpala enpresako palistek greba mugagabea hastea erabaki dute

Pilotari eta enpresaren arteko azken bilera apirilaren 24an izan zen eta enpresak jarritako eskaintzari ezetz esan zioten, kontratuei buruzko eta hitzarmen kolektiboari buruzko aldarrikapenei erantzun gabe saiatzen ari delako greba bertan behera uzteko, ELA sindikatuak adierazi duenez.

Innpalarekin akordiorik ez-eta, greba orokorrera jo dute palistek.
Innpalarekin akordiorik ez-eta, greba orokorrera jo dute palistek. (Monika DEL VALLE | FOKU)

ELA sindikatuak deituta, greba mugagabea hasiko dute Innpala enpresako palistek. Apirilaren 24an egindako azken bileraren ondoren, ELAk salatu du enpresak ez duela inongo konpromisorik hartu lan hobekuntzei buruzko akordiorik lortzeko. Kontrara, greba bertan behera uzteko negoziatzen ari da Innpala, kontratuei buruzko eta hitzarmen kolektiboari buruzko aldarrikapenei erantzun gabe.

Azken negoziazioetan Innpalak egindako proposamenak «eskasak» izan dira. Apirilaren 24an izan zen azken bilera, sindikatuaren ordezkaritzarik gabe eta publiko egin gabe, enpresak hala eskatuta. Innpalak lau eskabide plazarartu zituen. Batetik, enpresaren aurka jarritako demanda guztiak kentzea. Bigarrenik, apirilaren 29an greba amaitutzat ematea. Baita pilotarien eta enpresaren arteko elkarrizketarako esparru bat onartzea kanpoko agenterik gabe –sindikatuaren bitartekaritzarik gabe, alegia–. Azkenik, enpresak bere pilotariak modu indibidualean eta kirol irizpideen arabera kontratatzeko duen eskubidea onartzea, hitzarmen kolektibo ororen gainetik.

Sindikatuaren arabera, baldintza horiek onartuz gero, Ibai Perez, Esteban Gaubeka eta Iker Gordon pilotariei maiatzaren 1etik abenduaren 31ra arteko kontratu proposamena egiteko konpromisoa hartu zuten enpresak. Palistek ez zuten proposamena onartu. Ondorioz, bileratik irten eta gutxira, mezu bat jaso zuten, asteartean partida zutela jakinaraziz. Horren bitartez, enpresak argi utzi zuen akordiorik lortu gabe frontoietara itzultzera behartzeko asmoa zuela.

«Partidak jartzen dizkigute greba egitea galarazteko, eta horrela jokatzera behartzen gaituzte akordiorik lortu gabe, eta gure lanekin bateraezinak diren ordutegietan entrenamenduak eginez», salatu dute palistek. «Enpresak mesede tratuak ditu pilotarietako batekiko (Dan Necol), enpresaren jabeetako bat. Gezurra esaten digute eta gero konfiantza eskatzen digute», kritikatu dute prentsaurrekoan.

Legez kanpoko jarrerak

Horrez gain, Innpala enpresaren jarrera eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konplizitatea salatu dute palistek. Bizkaia Open konpetizioa urtero jokatu duten lehiaketa izan dela gogorarazi dute, Foru Aldundia babesle nagusi izanda. Aurten, greban daudenez, Innpala enpresak txapelketa hori jokatzeko langile berriak kontratatu nahi dituela iragarri du, legez kanpokoa den zerbait ELAren arabera.

ELAk salatu duenez, administrazio publikoak eta baita enpresak ere grebaren eta grebalarien aurka egin dute jarrera hauek, langileak legez kanpo ordezkatuz eta grebarako eskubidea urratuz. Ondorioz, «bide juridikotik» salatuko dutela aurreratu du sindikatuak.

Nolanahi, palistek «negoziatzeko prest jarraitzen» dutela azpimarratu dute. Bien bitartean, greba mugagabeari ekingo diote, Ibai Perez, Esteban Gaubeka eta Iker Gordon pilotarien kontratua berritzea, lan baldintzak hobetzea eta lanbidea duintzea lortzeko bidean, hitzarmen kolektibo bat sinatu arte.