NAIZ

Nafarroako Gobernuak Administrazioan «euskararen bazterketa betikotuko» duela salatu dute

Administrazioko lanpostuen hizkuntzen ezagutzak baloratzen duen dekretuak onartzerakoan, Nafarroako Gobernuak «euskararen bazterketa betikotu egin duela» salatu dute Kontseiluak eta Behatokiak. Alemana, frantsesa eta ingelesa gehiago hartzen dira kontuan.

Kontseiluak Nafarroan euskarak bizi duen egoera larriari aurre egiteko iazko abenduan egindako agerraldia.
Kontseiluak Nafarroan euskarak bizi duen egoera larriari aurre egiteko iazko abenduan egindako agerraldia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Gobernuak foru administrazioren plantilla organikoa aldatzen dituen dekretuak onartu ditu, lanpostuetarako hizkuntzen ezagutza merezimendu gisa baloratuko dituzten plazak zehaztuz.

Kontseiluak jakitera eman duenez, hizkuntzaren bat merezimendu bezala izango duten 9.537 lanpostu ezarri ditu. Guzti horietatik, 1.459tan euskararen ezagutza ez da merezimendu izango, baina alemana, frantsesa edo ingelesa kontuan hartuko dira.

459tan soilik izango da euskara bakarrik merezimendu (guztien %4,8) eta gainerakoetan (7.619, gehienak osasungintzakoak) euskara ere merezimendu izango da, baina atzerriko hizkuntzen puntuazio berberarekin. Egoera hau hizkuntza eskubideak bermatzetik eta euskararen normalizazioa aurrera egitetik «oso urrun» dagoela nabarmendu dute Kontseiluak eta Behatokiak.

Zerbitzu zentralekoak

«Kontuan izan behar dugu lanpostu horietako gehienak zerbitzu zentraletakoak direla
eta, beraz, Nafarroa osoko herritarrei ematen dizkietela zerbitzuak, izan ere, eremu ez euskalduneko lanpostuetan euskara ez da merezimendu. Aldiz, atzerriko hizkuntzak bai» adierazi dute.

Bestalde, larritzat jo dute merezimendu horiek ezartzeko irizpide ezberdinak egotea. Alemana, frantsesa eta ingelesa bezalako atzerriko hizkuntzak Nafarroa osoko lanpostuetarako kontuan hartzen diren bitartean –Europar Batasuneko hizkuntzak izateagatik–, euskararen kasuan ez da kontuan hartzen Nafarroako berezko hizkuntza izatea. Gainera, lanpostuek herritarrarekin duten zuzeneko harremanaren arabera baloratzen da, baina ez guztietan. «Nolatan izan daiteke zerbitzu zentraletan lan egiten duten erizain espezialista edo administrari batzuei ingelesa baloratzea eta euskara ez, arreta zuzena eskaintzen dutela aipatzen bada? Departamentu bakoitzean horrelako adibide ugari aurkitu genitzake», salatu dute.

«Larritzekoa»

Kontseiluaren eta Behatokiaren iritziz, «larritzekoa da departamentu batzuetan euskararen ezagutza duten lanpostuak oso urriak izanik, edo departamentuaren beraren izaera kontuan izanik, euskara merezimendu duten lanpostu berrien kopuru hain urria ezartzea: Hezkuntza Departamentuan hiru lanpostutan, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuan soilik bitan, adibidez».

Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez, «dekretu honetan ezarritakoak eta merezimenduen dekretua bera Nafarroako Gobernuaren euskararekiko hizkuntza eskubideen aitortza ezaren adierazgarri dira. Oraindik ezin dira zerbitzuak euskaraz jaso eta euskaraz lan egin, eta administrazioak euskaraz funtzionatzeko duen gaitasun eza nabaria da. Beraz, hizkuntza politika atzerakoia eta neurri erabat ez nahikoak ezartzen ari dira. Eta honek guztiak hurrengo hamarkadetan ere egoera berdinean jarraitzea eragingo du».

Behatokiak bere aldetik ohartarazpena egin du: «Dekretu honetan ezarritako lanpostu gehienak osasungintzakoak direla kontuan izanik, ez dira beharrezko neurri egokiak hartzen ari profesionalen artean euskararen ezagutza sustatzeko. Honek talka egiten du Europako Kontseiluak Nafarroako Gobernuari behin eta berriz emandako gomendioekin, non berariaz osasungintza eta zerbitzu sozialetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartzea gomendatu dion».

«Hau guztia, euskararen ezagutza beharrezkoa izango duten plaza berrien kopuru urriari batuta (258, %2,7), Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika atzerakoiaren, hiztunen arteko berdintasun ezaren eta euskararen sustapenarekiko mugen seinale da. Horrelako erabakien bitartez euskal hiztun komunitatea are eta baztertuago uzten du Nafarroako Gobernuak administrazio publikoaren aitzinean», gaineratu dute.