Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Ekintza zuzena Ordesan: Cotatueroko hamabi iltzeak kendu dituzte

Zazpi lagunez osatutako mendizale eta ekologista talde aragoiar batek Cotatueroko hamabi iltzeak kendu ditu. Aktibista horiek diote «azken urteotan basahuntz piriniotarrari eta basoilarrari lapurtutako naturaren santutegia itzultzea» izan dela helburu nagusia.

Cotatueroko iltzeetan talde batek egin duen ekintza zuzenaren irudia.
Cotatueroko iltzeetan talde batek egin duen ekintza zuzenaren irudia. (Jesus VALLES)

Ordesako Cotatueroko iltzeak oso ezagunak dira euskal mendizaleentzat eta eskalatzaileentzat. Esku artean zituzten xedeak egiteko bai ala bai gainditu behar izan dituzte. Baina aurrerantzean, momentuz, hori ezinezkoa izango da. Izan ere, joan den asteartean, hilaren 6an, talde batek hamabi iltzeak kendu zituen.

Mendizale eta ekologista aragoiarrak izan dira; hain zuzen ere, zazpi lagunez osatutako talde bat. Horietako batek aurpegia eman du: Jesus Vallesek. Besteen izenak, berriz, ez dira publiko egin. Ekintza zuzen horrekin, aktibista hauek mezu oso argia bidali nahi izan dute: «Azken urteotan Ordesa natura parke bat bihurtu da, eta ekintza honekin basahuntz piriniotarrari eta basoilarrari lapurtutako naturaren santutegia itzultzea izan dugu helburu».

Gogora dezagun iltze horiek Torlako bi errementarik jarri zituztela 1881ean. Lord Buxton ehiztari britainiarra izan zen enkargu hori egin zuena Cotatueroko zelaietan zeuden animaliak ehizatzeko. Iltzeak jarri ziren, baina Buxtonek ezin izan zituen erabili etxera itzuli zelako. Ordutik, murru hori segurtasunez gainditzeko mendizaleek eta eskalatzaileek erabili dituzte.

Ekintza zuzen hori egin dutenen hitzetan, iltze horiek basahuntz piriniotarraren desagerpenarekin erabat lotuta daude: «Azken ehun urteotan Ordesak ia fauna basati guztia galdu du: basahuntz piriniotarra, hartza, otsoa, katamotza eta basoilarra. Zalantzarik gabe, Ordesa hilzorian dago, eta horren erru nagusia presio turistikoak du. Beharrezkoa zen alferrikako tresneria lotsagarri hori kentzea, batez ere natura bere onera ekartzeko; hots, habitat guztiak errekuperatzeko. Beharrezkoa da gizakion presioa gutxitzea, eta bide batez eremu hori La Muniako eta Vignemaleko mendigune babestuetan sartzea. Basahuntz piriniotarraren sarraskia bidegabekeria itzela izan da, eta garaia da egoera zuzentzeko. Atzerapen handirik gabe, Arako ibarrera itzuliko da hartza. Otsoak eta katamotzak, berriz, naturak duen oreka ezegonkorra suspertuko dute. Eta Ordesa berpiztuko da».

Debekatuta

Bestalde, mendizale eta ekologista horiek aurreratu dute Gallineroko horman jarduten duten eskalatzaileek iltze horiek gabe aukera dutela 20 metroko rappel bat egiteko. Horretaz gain, aktibistek Cotatuerora eramaten duten xenda guztietan ohartarazpen kartelak jarri dituzte.

Bide batez, Ordesako eta Monte Perdidoko Parke Nazionaleko arduradunei honako mezua helarazi diete: «Gure ekintzarekin basahuntz piriniotarrari behar zuen santutegia itzuli diogu. Orain zuei dagokizue basahuntz horiek parkera ekartzea. Eta hori oso erraza duzue. Alpeetako Grand Paradisoko Parke Nazionalari (Italia) eskatu eta ziur gaude poz-pozik izango direla dozenaka batzuk emateko. Horrekin batera esan nahi dizuegu legea ez duzuela betetzen. Ondo dakizue iltzeekin ekipatzen diren bideak (ferratak) debekatuta daudela Ordesan, eta Cotatuerokoak ezaugarri horiek zituen. Hortaz, parkearen arautegia ez duzue bete».

Gogora dezagun Pirinioetako azken basahuntza, Celia izenekoa, orain dela 25 urte hil zela Ordesan. 1973an basahuntzaren hilketa debekatu zen; izan ere, Pirinioetako beste espezie batzuk bezala, desagertzeko zorian zegoen. Ondoren, hainbat ekimen aurrera eraman dira desagerpen hori saihesteko. Adibidez, Europar Batasunetik bultzatutako LIFE izeneko proiektua indarrean jarri zen, baina helburua ez zuten bete: azken basahuntz piriniotarra 2000. urteko urtarrilaren 6an hil zen. Duela hiru urte, berriz, ale bat Mondragueroko ingurumarian ikusi zen. Antza denez, iparraldeko isuritik (frantziar Estatua) eginiko ahuntz sartzeekin harremana omen du.

Bien bitartean, Parke Nazionaleko arduradunek Cotatueroko iltzeetara eramaten dituzten bide guztiak itxi egin dituzte istripuak saihestu ahal izateko. Ohar labur batean aurreratu dute ekintza horren ondorioak aztertzen ari direla: «Ekintza bandaliko hori ez dugu onartzen, eta hamabi iltzeak berriro jarriko ditugu».

Aragoiko Gobernuak ere antzeko adierazpenak egin ditu, eta gehitu ere ekintza horren aurka salaketa jarriko duela.