Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Desobedientzia ez dela delitua aldarrikatu dute Aroztegiko epaiketaren bezperetan

Desobedientzia ez da delitua. Hori aldarrikatu dute astearte honetan Iruñean Aroztegiko auzipetuentzat absoluzioa eskatzen duen manifestuaren aurkezpenean. Protesta bat egiteatik espetxera joateko arriskua dute datorren astean egingo den epaiketan.

Desobedientzia ez dela delitua aldarrikatzen duen manifestua aurkeztu dute gaur Iruñean datorren astean Aroztegiko egitasmoaren kontra protesta egiteagatik Nafarroako Auzitegian zazpi lagunen kontra egingo den eipaketa dela eta. Kartzelako bidean jartzeko arriskua dutela nabarmendu dute.

«Epaitegietan justizia egonen balitz hori ez lukete onartuko», azpimarratzen du manifestuak.

Lekaroz herrian golf zelaia, luxuzko hotela eta 248 txalet egin nahi zituztela gogoratu dute. «Denbora joan ahala bixtan gelditu da adreiluaren eta turismoaren garapen eredu hori jasanezina dela, baita gure amaren etxea defendatzea ezinbertzekoa dela etorkizunik nahi badugu», adierazi dute.

Honekin, Aroztegiko proiektua «espekulazioan oinarritutakoa dela» salatu dute. Horrela, lurren birkalifikazioaz gain, UGEP delako prozedura erabili zen, Baztango Udalari eta herritarrei erabakitzeko aukera kenduz eta Nafarroako Gobernuaren eskuetan utziz. «Ahoan mozala», azaldu dute.

Protesta zigortzea

2021ean hondeamakinak Aroztegiko parajean obretan hasi ziren eta herritar andana batek makinen aitzinean eseri eta protestatzeko kanpaldia egin zuten «bere desadotasuna erakutsiz modu demokratikoan». Protesta hori zigortzeko zazpi baztandarri akusazio gogorrak egin dizkiete: bortxa eta derrigortze delitua eta talde kriminala osatzea. «Eskuetan giltzarrapoak».

Orotara, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko fidantza eskaerei aurre egin beharko dietela gogoratzen du manifestuak. Baina egoera larriagoa izan daitekela nabarmendu dute ere. Enpresak 43 milioi euro eskatu die Nafarroako eta Estatuko gobernuei kalteordain bezala. «Badakigu milioiak eskatu nahi dizkietela auzipetuei ere. Makinen aitzinean eseri baziren ere, enpresek proiektu osoa beraien erruz porrotera joan zela justifikatu nahi du, gero kostuak, asmatutakoak barne, haien bizkar botatzeko. Bizi osorako zigor ekonomikoa», salatu dute.

Izan ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aroztegiko lanak legez kanpokoak zirela ebatzi zuen.

«Erraten denez, bidegabekeria lege den munduan justizia defendatzen dutenen tokia kartzela omen da. Diru publikoaren kontura aberastea libre da, protesta egitea berriz, ilegala. Zentzugabekeria hori Euskal Herrian ez ezik, munduko hainbertze tokitan ikusi da azken aldian, ingurumenaren defentsaren eta herri mugimenduen aurkako errepresioan. Horrekiko kezka burutan, otsailaren 1ean 18.000 lagun eta 140 eragilek Iruñean beren babesa erakutsi zieten akusatuei», gaineratzen du manifestuak.

196 lagunek sinaturiko manifestua

«Gaur manifestu hau sinatzen dugun 196 lagunok ere gure elkartasuna adierazi nahi diegu Baztango zazpi auzipetuei eta nabarmendu nahi dugu herri batek eginiko desobedientzia zibila ezin dela kriminalizatu, horrek, gainera, aurrekari arras kezkagarria sortuko duelako adierazpen askatasun eta eskubide demokratikoei dagokienez. Horregatik guziagatik, manifestu hau sinatzen dugunok ozen eta argiki aldarrikatu nahi dugu: Absoluzia Aroztegikoendako!», aldarrikatu dute.

Sinatzaileean artean, Aiora Renteria kantaria, Ane Urkiri eta Iñaki Soto NAIZ eta GARAko zuzendariak, Jon Alonso eta Mikel Taberna idazleak, Estitxu Eizagirre eta Saioa Alkaiza bertsolariak, Sabino Cuadra, Julio Villanueva eta Hedoi Etxarte daude, besteak beste. 

Joan den astean, Elizondoko plazan elkartasun kanpaldia egin dute Aroztegiko auzipetuen alde eta datorrenean, epaiketa ematen den bitartean Auzitegi aurrean ekintzak egingo dituztela aurreratu dute.

Parlamentuan UGEPa indargabetzea eskatu dute

Auziperatuen aldeko plataformako kideak Parlamentuan izan dira eta UGEPa bertan behera uztea eskatu dute. Izendapen hau proiektua interes publikoa zelakoan onartu zuen Nafarroako Gobernuak. «Baina hemen dagoen bakarra enpresa baten interes pribatua da», nabarmendu dute.

Honekin batera, Aroztegiko proiektuak egun tentsionatua den Baztanen egoera okertuko duela salatu dute. Baztanek ezin duela gisa horretako turismo eredua jasan gaineratu dute.

Proiektuaren sustatzaileak Nafarroako Gobernuari 43 milioi euroko kalte-ordaina eskatu diola gogoratu dute eta parlamentariei «Baztango herritarren hitza errespetatzea eta inposizio hau gelditzea» eskatu diete.