Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Lointek Gernika Bizkaiak Lucas Fernandez entrenatzaileari kontratua berritu dio

Gaztela-Mantxako entrenatzaileak hirugarren denboraldia osatuko du Gernikan. Iaz taldea Kopan sartu bazuen ere, ez zen Emakumeen Endesa Liga amaieran bizkaitarrak zortzi onenen artean mantentzeko gai izan. Jokalari multzoa ere erabat aldatu beharko du, gutxienez bost jokalarik ez baitute jarraituko.

Lucas Fernandez, Lointek Gernika Bizkaia taldeko entrenatzailea.
Lucas Fernandez, Lointek Gernika Bizkaia taldeko entrenatzailea. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Lointek Gernika Bizkaiak Lucas Fernandezi beste aukera bat emango dio. 2023/24 denboraldian iritsi zen Gernikara eta hirugarren urtea beteko du, beraz, 2025/26 sasoian, klub bizkaitarrak kontratua berritu baitio, klubak berak bere webgunean aditzera eman duenez.

«Eskerrak eman nahi dizkiet presidenteari eta zuzendaritza batzorde osoari. Izan ere, egonkortasuna, apaltasuna, anbizioa eta hazten jarraitzeko konpromisoa islatzen ditugu berritze honekin, ilusio handiz, betiere gure aukeren barruan. Gure onena emango dugu gure zaleak ilusioa mantendu dezaten eta euren taldeaz harro egon daitezen», adierazi du Lucas Fernandezek berak.

Ez du zorterik onena izan Calzada de Calatravan jaiotako entrenatzaileak. Izan ere talde gaztea eta talentuz betea bere eskura izan badu ere, lesioak direla eta taldea utzi duten jokalariak direla, denboraldi gorabeheratsua izan da amaitu berri den hau. Taylor Mikesell eta Annika Soltau jokalariek Gernika laga zuten eta denboraldia amaitu aurretik eta Mikayla Pivec ere Kopa jokatu bezperan taldetik joan zen, aurrez emaitza onegirik eman ez bazuen ere. Horrek guztiak Lucas Fernandezen lana asko zaildu du eta emaitzetan ere antzeman da.

Hala, kostata, baina Kopan sartzea lortu zuen talde bizkaitarrak, baita Zaragozako hitzorduan itxura ona eman ere, baina final-laurdenak ezin izan zituen pasa, Roberto Iñiguez gasteiztarrak zuzentzen zuen Girona ezin izan baitzuen gainditu.

Ligan, bestalde, denboraldiaren zatirik handiena zortzi onenen artean eman badu ere, azken aldian beherantz egin du talde gernikarrak, etxean bereziki eta Malosten galduriko zenbait neurketaren erruz –Kutxabank Araskiren aurkako euskal derbia, esaterako– Emakumeen Endesa Ligako Top 8tik at geratzea suertatu zaion Fase Erregularraren amaieran. Ondorioz, titulurako play-offak bigarren urtez jarraian jokatzeke geratzeaz gain, 2025/26 denboraldian Europan jokatu ezinik geratuko da berriz ere talde gernikarra.

Lantalde teknikoa

«Entrenatzailea datorren denboraldia prestatzen ari da», adierazi du Lointek Gernika Bizkaiak Lucas Fernandezi buruz. Beharko, dagoeneko bost jokalarik ez dutela jarraituko gauza jakina baita. Hasteko, Elena Buenavida eta Awa Fam gazteak Valentziara itzuli dira, Emakumeen Endesa Ligako txapeldun berriak utzita jokatu baitute pasa den denboraldia.

Horrez gain, Irati Etxarri hegal-pibot iruindarrak Estudiantesen eskaintza onartu berri du eta Kendra Chery zein Maya Dodson jokalariek ere ez dute Gernikan jarraituko. Iaztik hona zenbat jokalarik jarraitzen duten zehaztu beharko du klub bizkaitarrak lehenbizi, baina badu nahikoa lan hurrengo denboraldirako lantaldea osatzen.

Aldiz, Lucas Fernandezek bere lantalde teknikoa zehaztu du 2025/26 denboraldira begira. Iazkoarekin alderatuta aldaketa gutxi batzuek izango ditu. Hala, Franky Garcia entrenatzaile laguntzaileak, Maialen Markuerkiaga delegatuak, Javier Oleaga prestatzaile fisikoak eta German Candina medikuak lantalde horren barruan jarraituko dute. Aldiz, Markel Mendibe sartuko da fisioterapeuta lanetan.

Azkenik, Lointek Gernika Bizkaiak «bere esker ona adierazi nahi die» lantaldean jarraituko ez duten Mikel Retolaza, Iñaki Rafael, Gotzon Lauzirika eta Maddalen Cassinelliri «orain arte eskainitako laguntza guztiagatik eta onena opa die haien etorkizunean».