NAIZ

Bredewoldek SD Worxen hegemoniarekin jarraitu du Itzulian bigarren garaipenarekin

Txirrindulari herbeheretarrak sprintean irabazi du Igorreko helmugan, non Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) seigarren izan den. Igande honetan erabakiko da Itzulia, Bredewoldek erabakita ez badu utzi, Donostian hasi eta amaituko den azken etapan.

Mischa Bredewold, behatzekin bigarren garaipena ospatzen.
Mischa Bredewold, behatzekin bigarren garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Mischa Bredewold (SD Worx) sasoi bikainean iritsi da aurtengo Itzulia Women lasterketara. Ostiralean lehenengo etapako azkarrena izan zen Agurainen amaitutako jardunaldian, eta larunbat honetan garaipena errepikatu du Igorreko helmugan. Sprintean ez du aurkaririk izan eta aipatzekoa da Usoa Ostolaza zarauztarraren (Laboral Kutxa) seigarren postua.

Txirrindulari herbeheretarrak –iaz beste bi garaipen eskuratu zituen Itzulian– ez du aurkaririk izan sprintean eta, indarrak oso ondo neurtuz, bigarren izan den Liane Lippert baino azkarragoa izan da. Movistar taldekoa da hain zuen ere sailkapen nagusiko bigarrena, 12 segundora. Hirugarren Julie van de Velde (AG Insurance-Soudal) dago, 15 segundora. Iazko txapeldun Demi Vollering (FDJ-Suez), aldiz, seigarrena da, 19 segundora. Usoa Ostolaza da lehen euskaldun sailkatua, 21 segundora.

Atarikoan aipatzen genuen bezala, 2022an Itzulia lehiatzen hasi zenetik, gaurkoarekin 11 etapa izan dira. Eta 11ak SD Worxeko txirrindulariek irabazi dituzte.

Etapa amaiera polita izan da. Tropelak Mareille Meijering (Movistar), Silke Smulders (Liv-AlUla-Jayco) eta Rosita Reijnhout (Visma Lease a Bike) harrapatu ditu helmugarako 330 metroren faltan. Hauek helmugarako 11 kilometroren faltan saiatu dira.

Dena den, etapako protagonista Julie van de Velde (AG Insurance-Soudal) izan da. 47 kilometroren faltan abiatu da eta Gerekiz eta Arrietako gainak bakarka gainditu ditu. Ondoren, Dilyxine Miermont (Ceratizit) eta Mijnthe Geurtsek (Visma Lease a Bike) harrapatu dute, baina 13 ki,ometroren faltan amaitu da ihesaldia.

Hala ere, Bredewoldek duen 12 segundoko abantaila ez dirudi nahikoa Itzuliko garaipena eramateko, eta aski sufritu beharko du igande honetan, azken etapan. Iaz gertaturikoa ez errepikatzen saiatuko da; izan ere, lehenengo bi etapak irabazi ostean, azken etapan Vollering izan zen garaile eta Itzulia eraman zuen etxera. Hori bai, bi txirrindulariak talde berekoak ziren 2024an; oraingoan bakoitzak bere interesak ditu.

Tropela Donostian hasi eta bertan amaituko du igande honetan. Tartean, 112,6 kilometro korritu beharko dituzte txirrindulariek eta bidean Jaizkibel (1. mailakoa), Gurutze (3. mailakoa) eta Mendizorrotzeko (2. mailakoa) gainak izango dituzte oztopo. Aurreko etapetan bezalaxe, NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du etapa 12.00etatik 14.00ra bitartean.