NAIZ

Laso eta bere ordezkoa den Dario lesionatuta, Peio Etxeberriak jokatuko du 3. posturako partida

Unai Lasok, belaunean dituen arazoak direla-eta, ezin izango du Larrazabalen aurka Buruz Buruko 3. postuagatik jokatu. EPELek jakinarazi duenez, Dario litzateke partida hori jokatu beharko lukeena, baina hau ere lesionatuta dago eta, beraz, Peio Etxeberria izango du aurkari arabarrak.

Unai Laso, Altuna III.aren aurkako finalerdietako partidan.
Unai Laso, Altuna III.aren aurkako finalerdietako partidan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Azken urteetan 3. eta 4. posturako partidak garrantzitsuak bihurtu dira. Pilotak atsedenik ez duen kirola izanda, pilotarien lesioak oso normalak izaten dira. Kasu honetan, Buruz Buruko finala jokatu behar dute Altuna III.ak eta Artolak ekainaren 1ean, baina hauetako bateren batek ezin izango balu jokatu, orduan horren ordezkoa bilatu beharko litzateke.

Eta hortxe, Lasok eta Larrazabalek jokatu behar zuten 3. posturako partida. Hala ere, nafarrak ezin izango du jokatu asteburu honetan belaunean dituen arazoak direla-eta. Arazo honengatik ez zuen ligaxkako azken lehia jokatu, finalerdietarako sailkatuta zegoenean, eta Altuna III.aren aurka lehiatu ostean, berriro etorri zaio mina.

Gauzak hala, EPELek ohar bat kaleratu du sistemak nola funtzionatzen duen informatzeko. Araudiak ezartzen duenez, pilotari batek ezin badu 3. eta 4. posturako partida jokatu, bere postua final-laurdenetako ligan ondoen sailkatutako pilotariak beteko du. Eta, ondorio horietarako, araudiak adierazten du final-laurdenetako ligan hobekien sailkatuta dagoen pilotaria dela: 3. amaitu ondoren, edozein taldetan (A edo B) puntu gehien lortu dituena; puntuekin berdinduta egonez gero, tanto koefiziente onena lortuko zukeena (aldeko tantoak ken kontrako tantoak); tanto koefizientean berdinduta egonez gero, aldeko tanto gehien lortuko zukeena; edota aldeko tanto kopuru bera lortuz gero, gazteena.

Kasu honetan, A multzoan eta B multzoan final-laurdenetako ligan hirugarren sailkatu ziren pilotariak Dario eta Peio Etxeberria izan ziren, hurrenez hurren; biak puntu banarekin. Bi pilotarien artean, final-laurdenetako ligan, Dariok tanto koefiziente hobea du, 15 tanto lortu baititu; Peio Etxeberriak, aldiz, 17 tanto.

Horregatik, EPELen araudiaren arabera, Dario da Lasoren ordez 3. eta 4. posturako partida jokatu beharko lukeena. Hala ere, astelehen arratsaldean egindako proben ondoren, Dariok adierazi du ez dagoela partida horretan parte hartzeko moduan, arazo fisiko batzuk direla-eta. Hori dela eta, arestian aipatutakoaren ondorioz, Peio Etxeberria izango da 3. eta 4. posturako partidan Larrazabalen aurka jokatu beharko duena.

Era berean, EPELek gogorarazi du araudiaren arabera, Unai Lasok final-laurdenetako fasera zuzenean sartzeko eskubidea galduko lukeela 2026ko Buruz Buruko Txapelketan, baldin eta Peio Etxeberriak, 3. eta 4. posturako partida jokatu eta irabazi ondoren, finala jokatuko balu sailkatutako finalistetako edozeinek (Altuna eta Artola) ezin duelako jokatu.

Bizkaia Torneoa

Buruz Buruko partida honez gain, Lasok astearte honetan aurkeztu duten Bizkaia Torneoa ere galduko du. Maiatzaren 31n hasiko da Orozkon eta finala abuztuaren 18an izango da Bilbon, Aste Nagusian, Bizkaia Frontoian. Torneoak iazko lehiaketa-sistemari eutsiko dio, baina bost setetara jokatu beharrean, partida hiru setean onena den pilotariak irabaziko du. Setak 10 tantora izango dira, eta set banako berdinketa balego, hirugarren seta, desenpatekoa, bost tantora jokatuko da.

Bizkaia Torneoa taldeka jokatzen den bakarra da eta 24 pilotarik hartuko dute parte. Sei talde osotuko dituzte, eta taldeek Bizkaiko beste hainbeste menditatik hartuko dute izena: Anboto (Altuna III.a-Martija), Ganekogorta (Urrutikoetxea-Iztueta), Gorbeia (Ezkurdia-Rezusta), Kolitza (Larrazabal-Mariezkurrena II.a), Oiz (Elordi-Zabaleta) eta Sollube (Artola-Albisu).

Gainera, lau eta erdikoan eta buruz buru ere izango dira partidak. Lau eta erdikoan arituko dira Agirre, Jaka, Peña II.a, Dario, Peio Etxeberria eta Zabala; eta buruz buruzkoan, Bakaikoa, Senar, Eskiroz, Aldabe, Salaberria eta Egiguren VI.a.

Kanporaketak maiatzaren 31n Orozkon (Ganekogorta / Kolitza), ekainaren 13an (Gorbeia / Oiz), ekainaren 14an Durangon (Sollube / Ganekogorta edo Kolitza), eta ekainaren 15ean Larrabetzun (Anboto / Gorbeia edo Oiz) jokatuko dira. Finala abuztuaren 18an, Bilboko Aste Nagusian, Bizkaia Frontoian jokatuko da.