NAIZ

Agirre eta Bakaikoa, euren esperientziari martxa bat gehiago eman nahi dioten pilotariak

Etxarri-Aranatz eta Iruñeko pilotariak Labriten egin dute hitzordua asteazken honetan, larunbateko B Seriesko Buruz Buruko finalera begira materiala aukeratzeko. Bakaikoak hirugarren txapela nahi du eta Agirrek, txapelketan estreinakoa, bere bigarren final jarraian.

Bakaikoa eta Agirre, asteazken honetan, Iruñeko Labriten.
Bakaikoa eta Agirre, asteazken honetan, Iruñeko Labriten. (Iñigo URIZ | FOKU)

Pilotako urteko momenturik garrantzitsuenera iritsi gara. Buruz Burukoa pilotari batek jantz dezakeen txapel preziatuena da eta datozen bi asteetan bi final handi jokatuko dira. Ekainaren 1ean Altuna III.ak eta Artolak Lehen Mailakoa jokatuko dute, baina lehenago, datorren urteko txapelketa nagusian egoteko ohorea larunbat honetako irabazleak izango du. Hau da, Asier Agirrek edo Joanes Bakaikoak.

Baiko enpresako bi pilotariek B Serieseko finala jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan. Etxetik gertu arituko dira biak. Agirre, etxean bertan, baina Etxarri-Aranatzeko beste pilotariari ez zaizkio jarraitzaile eta senideak faltako.

Iaz Iker Larrazabal izan zen txapelduna eta aurten Lehen Mailan aritu da. Arabarrak sekulako ikuskizuna eskaini eta finalerdietaraino iritsi da, askorentzat sorpresa emanda. Pilota barruan daudenek badakite zer nolako maila duen Amurriokoak, eta bere pausoak jarraitu nahi dituzte Agirrek eta Bakaikoak.

Esperientziadunak

Finala jokatzea ez da nobedadea beraientzat, eta horregatik, esperientzia aldetik, indarrak pareko daudela esan daiteke.

«Beste aurkari baten kontra agian esperientzia garrantzitsua dela esango nizuke, baina Asierren kontra, biok antzeko gaude, esperientzia handia dugu; berak ni baino bi urte gehiago ditu eta esperientzia handia du partida hauetan eta hor ez da abantailarik edukiko», adierazi zuen Bakaikaok atzoko material aukeraketan.

28 urteko aurrelariarentzat laugarren Buruz Buruko finala da, eta bi aldiz jantzi du txapela: 2018an eta 2023an. Asier Agirre bigarrenez segidan iritsi da Buruz Buruko finalera. Binakakakoan eta Lau eta Erdian txapeldun izandakoa da, baina Buruz Burukoa falta du palmaresean. «Gogotsu nago. Azkenean, buruz buru asko gustatzen zaidan modalitate bat da, baina orain arte ez dut aukera izan txapela eramateko. Aurreko urtean tanto batengatik ihes egin zitzaidan, aurtengoa aukera polita da eta ea aukera dudan txapela janzteko», adierazi zuen finalera «oso ondo» iristen den Iruñeako aurrelariak.

Larunbateko final handiari buruz, Etxarri-Aranatzeko pilotariak honakoa adierazi zuen: «Gaur egun oso azkar jokatzen dugu denok. Sakearekin abiadura handia ematen diogu pilotari. Uste dut partida azkarra izan daitekeela baina aldi berean oso gogorra, eta edozer gauzetarako prest egon beharko dugu».