Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Lauaxetaren hatsa bizi-bizirik dago Laukizen, 120 urteren buruan

Estepan Urkiaga ‘Lauaxeta’ poeta eta kazetaria nobela baten protagonista izan zitekeen, bere heriotza gerrak kolpatu zuen herri baten borrokaren isla izan zelako. Abuztuaren 3an 120 urte beteko dira jaio zenetik, eta ostiral honetan Aldundiak eta EH Bilduk ekarri dute gogora jaioterrian, Laukizen.

10 panelez osatutako erakusketa ibiltariaren aurkezpena, Laukizen.
10 panelez osatutako erakusketa ibiltariaren aurkezpena, Laukizen. (BIZKAIKO ALDUNDIA)

Militante politikoa eta poeta gazte-gaztetatik, kazetaria –“Euzkadi” egunkari historikoko zuzendaria 1931n–, Eusko Gudarosteko gudaria 36ko Gerra hasi zenean, Gernikako bonbardaketak eragindako sarraskia kazetari frantsesei erakusten ari zela faxistek atxilotu eta Gasteizen fusilatu zuten 1937an. Horrela laburbildu daiteke, xehetasun handirik gabe, Estepan Urkiaga Basaratsen (Laukiz, 1905eko abuztuaren 3a - Gasteiz, 1937ko ekainaren 25a) bizitza. Gazte hil zen poeta eta kazetari honek, hala ere, lorratz sakona utzi du gurean, eta horren isla dira atzo egin zizkioten omenaldiak.

«Lauaxetak transbertsalitatea du», Jon Kortazar idazle eta euskal literaturako katedradun mundakarraren iritziz. «Bai euskal poesia modernitatean kokatzeko gaitasuna duen bere lanarengatik, bai bere bizitzarengatik, bai tropa frankistek 1937an epaiketa militar baten ondoren fusilaturik izandako heriotza tragikoarengatik, euskal herritarren eta bi familia nazionalisten, EAJren tradizionalaren eta Euskal Herria Bilduren familia erradikalaren, akordioa aitortzen diote poeta gazteari», adierazi du.

«Euskal gizartean dauden alderdi politiko eta ideologikoetan zeharkako bide bat egiten duen idazlea da», Jon Kortazarren esanetan

Lauaxeta gure «idazle nazionaltzat» jotzen du, beraz, Kortazarrek, noizbait idatzi duen legez, «euskal gizartean dauden alderdi politiko eta ideologikoetan zeharkako bide bat egiten duen idazlea baita». Zaila da hori ezbaian jartzea, 120. urteurrenaren karira islatzen ari baita. Urteurrenaren data zehatza abuztuaren 3an den arren, urtean zehar ekitaldi batzuetako en protagonista izaten ari da.

Adibidez, Gernika Memoriaren Lekukoak plataformak maiatzaren 3an Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna baliatu zuen Lauaxeta omentzeko –duela 88 urteko apirilaren 29an, Gernikako bonbardaketaren testuinguruan, Urkiaga atxilotu zuten faxistek, kazetari frantses batzuei laguntzen ari zenean–; eta, beste adibide bat ematearren, ekainaren 2an, Laukizko Lauaxeta kiroldegian, Lauaxeta Bertso Sariaren lehenengo edizioa egingo da, Udalak antolaturik.

Erakusketa ibiltaria

Goizean, udaletxean, hau da, bera jaio zen etxearen aurrean, Bizkaiko Aldundiak egin dion omenaldiaren buru izan da Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia. Bertan, poetaren senide batzuk eta erakundeetako ordezkariak egon dira.

Gainera, Antton Valverderen –Lauaxetaren poesian interes gehien izan duen musikaria– eta Eñaut Elorrietaren musika emanaldiak izan dira, eta Lauaxetaren olerkiek inspiratutako kantuak entzun ahal izan ziren. «Bizkaitar peto-petoa, bigarren errepublikako hiritar jakintsua, gizarte eragilea, belaunaldi hartako pertsona goren mailakoa. Izan ere, inork gutxik bezalako eragina izan zuen garai horretako politikagintzan eta euskalgintzan, betiere erantzukizun sakonez, kontzientzia argiz eta leialtasun irmoz», adierazi du Etxanobek.

Ekitaldiaren barruan, ‘Lauaxeta, ametsen egilea’ erakusketa ibiltaria aurkeztu zuten. Jon Kortazar da erakusketaren komisarioa, eta Lauaxetaren bizitzan funtsezkoak izan ziren udalerrietan (Laukiz, Mungia, Durango, Bilbo eta Gernika) ikusi ahal izango da.

Laukizen ekainaren 5era arte ikusgai egongo da hamar panelez osatutako erakusketa ibiltari hau. Poetaren biografiaren gertaera gogoangarri nagusiak eskaintzen ditu irudien eta testuen bidez. Panel bakoitzak poetaren amets handienetako bat gogora ekartzen du: bokazio eta lan poetikoa, militantzia kulturala, konpromiso politikoa, nazio-kontzientzia iratzartzea... Gainera, argitaratu gabeko dokumentuak eta duela gutxi berreskuratutako materialak ikusgai daude, esate baterako, Leizaola lehendakariaren lekukotzak, espetxeko sarrera erregistroa edo euskal idazleek 1938an Bartzelonan egin zioten omenaldia.

«Dana emon behar yako maite dan askatasunari» esaldi famatua idatzi zuen

Bere objektuak, bere itzala

Arratsaldean, herriko probalekuan, Laukizko EH Bilduk omendu du Estepan Urkiaga. Aurretik iragarrita zegoen ekitaldia egun horretarako, aipatu zigutenez, eta, Laukizko eta Mungiako poetaren senideak –bere objektu batzuk eraman dituzte, horien artean, hil aurretik zeraman gabardina–, legebiltzarkideak, Batzar Nagusietako batzarkideak, eskualdeko eta Urdulizko alkateak eta herritarrak gerturatu dira ekitaldi xumera.

Jaioterrian ekarri du gogora EH Bilduk Lauaxeta. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Dana emon behar yako maite dan askatasunari» esaldi famatua idatzi zuen jeltzale honek. «Estepan Urkiaga Basarats, Lauaxeta, olerkaria, kazetaria eta idazle abertzalea, kultur aldarrikapenak eta eraikuntza nazionala lortu nahi zuen gazte belaunaldiaren erakusle argia izan zen», nabarmendu du haren sorterriko EH Bilduk.

Aurten ere, eta bosgarren urtea da, sortzaile bati abuztuaren 3an zabalduko den kartela eskatu zaio. Itzubaltzetako Uka Jauregi artista da egilea.