«Ondokoak baino gehiago erakutsi behar izan dut jokatzeko»
Ane Etxezarretak (Beasain, 1995) Realaren ikurra, urre eta brillantezko intsignia beti bihotzean eramango dituen arren, klubean bere hamar urteko ibilbidea amaitu da. Maletan daramatza 200 partida baino gehiago, titulu bat, lagunak eta nahiko ez lukeen zauriren bat.

Hamar urtetan egunero ikusi dituen bazterrei agur esaten dabil Ane Etxezarreta egun hauetan. Sentsazioa «arraroa» da, «zaila» batzuetan, baina aldi berean gogoa ere badu liburu honetan «amaiera» hitza idazteko, ondoren atseden hartu eta etorkizun desberdin batean murgiltzeko.
Ixtear dagoen liburuak orain dela hamar urte Zubietara ametsak betetzera iritsitako gaztetxo baten istorioa kontatzen du. Akzioa, maitasuna, emozioa eta, bai, drama ere baduen istorioa.
Askotan esaten dugu «zelan aldatu diren gauzak». Baina zelan aldatu dira benetan?
Asko, horrela da. Adibidez, egunerokoa esango nuke, entrenamendu ordutegiak, materiala, instalazioak, bazkaria... Staffak gero eta handiagoak dira, analista, fisioak... Eta profesionaltasunaren bidean urratsak egin dira.
Emakumezkoen futbolean bilakaera gertatu da orokorrean. Lehia gero eta exijenteagoa da.
Kalitatea asko igo da, intentsitatea, prestakuntza, bizkortasuna. Jendeak asko ikasi du taktikoki eta teknikoki... Gero eta zailagoa da irabaztea. Eta etxean bertan konpetentzia ere igo da, gazteak prestatuago heltzen direlako.
Aldaketa guztiak onerako izan dira?
Ez. Baina bizitzaren arlo guztietan gertatzen da hori. Aldaketek beti dute beren alde ona eta beren alde txarra. Eta profesionaltasunaren bide honek ere bai. Adibidez, indibidualtasun gehiago sortzen da, talde harremana galtzen hasten da, pertsona zer den emozionalki, eta sentimenduak dituen pertsona bat dela kontutan gero eta gutxiago hartzen da... Niretzat, hori izan da tristeena. Baina, noski, bere alde ona ere badauka, azkenean guri gustatzen zaigun gauza bat da, gure ogibide bihurtu dena.
Aldagelaren osaera ere aldatu da. Ez soilik kanpoko jende gehiago dagoelako, baizik eta etxekoak, zure garaikoak ez bezala, Zubietatik pasatu direlako lehen taldera iritsi aurretik. Asko nabaritzen da?
Egon daitezkeen aldeak, nire ustez, zerikusia gehiago dute gizarteak nola aldatu denarekin, ez hemen edo han hezi izanarekin. Egia da hemen txikitatik jokatzen egon direnek baliabide askoz hobeak izan dituztela; horretara ohitu dira, eta baloratze hori galtzearen arriskua badago, baina nik gazteekin hitz egiten dut, saiatzen naiz gauza horiek transmititzen, eta nire sentsazioa da datozen gazteak umilak direla. Ez dira izartxoak, apalak eta langileak dira.
Beterano rol horretara iritsi arte, nola aldatu zara zu hamarkada honetan? Bueno, zentral bezala jokatzen amaitzeaz gain.
Asko. Pertsona bezala, gaur egun neure buruarekin konfiantza askoz handiagoa daukat, eta balio askoz gehiago ematen diet nire egunerokoari eta prozesuei. Futbolari bezala, asko ikasi dut eta hazi naiz. Ez dute zerikusirik etorri zen Ane erdilariak eta Ane atzelari honek.
«Pertsona bezala heztea, jokalari bezala haztea eta mundu honetan bizirauteko kapazitatea eman dizkit Realak»
Zer eman dizu Realak?
Pertsona bezala heztea, jokalari bezala haztea, ezagutzea eta batez ere mundu honetan irauteko edo ahalik hobekien bizitzeko kapazitatea.
Zer edo edo zer eman diozu zuk ere. Edonork ez du urre eta brillantezko intsignia.
Isiltasunean lan egiten duen jokalari horietakoa naiz eta gustura sentitzen horrela. Ez naiz izan fokuak beti izan dituen jokalaria. Agian gutxiago baloratu da egin ahal izan dudan lana edo klubari eman diodana, baina iruditzen zait asko izan dela. Nire baloreak eta filosofia, horiek ez dira aldatu, eta uste dut hori ere eman diodala. Errendimendu eta emaitzei dagokienez, azkenean, nahi edo ez, etapa politenetako baten parte izan naiz. Polita izaten jarraituko duela uste dut, baina horren parte izan naiz eta nire hazia jartzeko aukera izan dut.
Bost entrenatzaile ezberdin izan dituzu hamarkada honetan. Harremana eta parte hartzea ez dira berdinak izan denekin, baina egia al da topikoa, denekin zerbait ikasten dela?
Bai, denekin ikasi dut. Eta inoiz ez dut izan entrenatzaile bat hasieratik nigan sinistu duena, lehen aukeratzat hartu nauena. Ondokoak baino gehiago erakutsi behar izan dut jokatzeko. Eta aukera eman didaten entrenatzaileekin jokatu dut gehiago.
Arconada eta Arroyo? Haiekin lortu ditu Realak arrakasta handienak, 1. mailara igo zenetik. Eta «12. jokalaria» izatearen irudiari kontra eginez, gehien parte hartu duzun denboraldian, taldeak bigarren postua eta Championserako txartela lortu zituen Arroyorekin. Eta Arconadaren Kopan ere protagonismo handia izan zenuen.
Azkenean hor ikusten da egin dudan lana. Eta horrela da, bigarren geratu ginenean ni nintzen gehien jokatzen zuen zentrala. Eta Kopako ibilbidean, hasieran agian ez baina bukaeran eduki nuen protagonismo handiagoa eta errendimendu ona. Horrekin geratzen naiz. Agian beste batzuei balio gehiago ematen zaie, nahiz eta berdina egin, baina nik neure lana baloratzen dut, eta horregatik nago lasai eta harro nire ibilbidearekin.
Zure lana merezi duen bezala baloratu ez dela uste duzu.
Baloratu bai, orain agurrean ikusi da. Baina pasatu eta gero balitz bezala. Ni ez naiz inoiz lehen aukera izan. Dena landu behar izan dut, pareta baten kontra 50.000 aldiz jo eta, hala ere, nahiz eta merezi, aukerarik ez eduki, beste batzuek aukera gehiago izan... Une horietan, noski, ez zara baloratuta sentitzen. Batik bat Reala den bezala, langilea. Nik ditudan baloreekin, pena ematen didana da baloratu ez izana urtero hasieratik.
Horrek hondoratu egiten zaitu, edo bestela gogortu.
Zerbait baldin banaiz, burugogorra naiz. Eta ez dut itxaropena galtzen. Ez hondoratzeko giltza horixe izan da, batik bat niregan sinistu dudala, badakidalako zein da nire bidea, inoiz ez dudalako ahaztu nire izateko eta lan egiteko era; banekielako horri fidela izateak emaitzak emango zizkidala eta, aldatuz gero, berriz, neure burua kaltetuko nukeela.
«Burugogorra naiz eta ez dut itxaropenik galtzen. Ez hondoratzeko giltza hori izan da, eta batik bat niregan sinistu dudala eta inoiz ez dudala nire izateko eta lan egiteko era aldatu»
Azken denboraldi hau bereziki gogorra izan da klubarentzat, zaleentzat, taldearentzat eta, jokatzen amaitu duzun arren, zuretzat.
Agian izan dudan gogorrena. Baina ez dut uste merezi dudanik horrekin gelditzea, baizik eta ikasi dudanarekin, neure burua ezagutzeko balio izan didaten une askorekin, pertsona askorekin...
Agian gogorragoa izan da hatz askok jokalariei seinalatu izana?
Inoiz ez dut hori ulertuko. Ez dago errudun bakarra baina askotan jokalariengana jotzen da. Ez da baloratzen egiten dugun ahalegina, egoerak kudeatzen eta, hala ere, errendimendu gorena emateko egin dugun lan guztia, gaizki pasatzen... Ez da bidezkoa.
Zuretzat azken urtea izan da elastiko txuri-urdinarekin. Klubaren erabakia ala zurea?
Klubarena.
Asko kostatu zaizu onartzea?
Noizbait iritsi behar den eguna da. Errazena da pentsatzea hurrengo urtean hemen egon behar duzula, inertziagatik bada ere. Baina neure buruan ikusten nuen aukera, adinagatik edo, ziur bainago ez dela izan errendimenduarengatik edo neure prestutasunarengatik. Tira, azkenean, etapak noizbait amaitzen dira.
Eta orain zer? Jokatzen jarraitzeko asmoa duzu?
Bai. Eta asko luzatu gabe nahiko nuke etorkizuna argitzea.
Hemendik gertu zure lagun bat jarriko da aulkian. Iñaki Goikoetxea da Eibarko entrenatzaile berria. Ateren bat zabalduko dizu horrek?
Hitz egin beharko genuke. Egia esan, ez daukat berririk. Pila bat pozten naiz horrelako entrenatzaile bat Eibar bezalako talde batean egoteaz. Apustu ona dela uste dut.

Libertad bajo fianza para Mo Chara, rapero de Kneecap, acusado de «apoyar el terrorismo»

Dimite Ramón Alzórriz como vicesecretario general del PSN, pero se queda en el Parlamento

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994
