
2025eko Giroak hirugarren eta azken atseden eguna izango du astelehen honetan eta eskertuko dute txirrindulariek, azken astean mendirik garaienak zain baitituzte. Baina Primoz Roglicentzat berandu iritsi da. Fiume Veneto eta Asiago arteko 219 kilometro hautsietan esloveniarrak kale egin du eta Giroa irabazteko ia aukeratik gabe geratu da. Ia diogu, errespetua zor zaiolako halako txapeldun handi bati.
Monte Grappa erraldoian bistaratu dira bere ahuleziak Egan Bernalek saiakera egin duenean, baina hasierako hartan Isaac Del Toro liderrak izan ezik, beste inork ere ez dio erantzun Ineos taldeko kolonbiarrari. Aurrez ihesaldi handi batek aurrera egin du, tartean Igor Arrieta (UAE) eta Pello Bilbao Bahrain) euskaldunak tartean zirela.
Ihesaldiak bidea egin du eta Lidl Trek taldeko Carlos Verona espainiarrak aurrera egin du bakarrik Dori bigarren mailako mendate gozoan. Bere iheskideak, dela indar faltagatik edo dela lanak gerorako uzteko nahiagatik –Dori mendateko gailurretik helmugara 25 kilometro falta ziren–, atzean geratu dira eta Filippo Zanna (Jayco) eta Gianmarco Garofoli (Soudal) asko hurbildu bazaizkio ere, etapa garaipena ezin izan diote Veronari lehiatu. Giulio Ciccone talde-burua erori eta erretiratu ostean, ez dio buelta txarrik eman Lidl Trek taldeak bere egoera berriari, dagoeneko bost etapa garaipen pilatu dituzte–eta: lau Mads Pedersenekin eta Veronaren hau.
32 urteko espainiarra ibilbide hautsietan beti ondo moldatu izan da eta igande honetan ere hala erakutsi du. Morrontza lanetan eguneroko ogia lortzen duen txirrindularia izanik, bere kirol bizitzako bigarren garaipena baino ez da izan igande honetakoa, baina Dauphineko etapa bat eta Giroko beste bat irabazi dituen txirrindulariak badu talentua.
Ahultasuna bistan
Monte Grappako suziriaren ostean, inork gutxik esperoko zukeen gero gertatu dena. Ineos taldeak tropela indartsu eraman du, tartean Jonathan Castroviejo getxoztarraren lanari esker, baina etapako 3.900 metroko desnibel positiboa nabaritu du Primoz Roglicek.
Egan Bernalek jo du lehenbizi eta Del Toro, Ayuso, Derek Gee, Carapaz, Tiberi –asko kostata honek– eta enparauek eutsi badiote, eutsi, Primoz Roglic ezustean atzean geratu da, malkar gogorregirik egon ez arren. Are gehiago nabarmendu da ahultasun hori Carapazek eta Simon Yatesek beste astindu bana eman dietenean tropelari.
Roglicek ere 36 urte bete behar ditu aurten eta akaso bere egunik onenak pasa ditu honezkero. Akordatzerako, Dori mendatearen osteko goi-lautadan berarekin geratu diren taldekideei jarraitzeko ere lanak izan ditu. Tropeltxo nagusian, esloveniarraren ezinaz jakitun, UAE taldea ez da lana gerorako uzteko egon, ezta Israel, Visma, Bahrain eta bestelako taldeetako kideak ere.
Helmugan minutu eta erdi laga ditu Red Bull Bora taldeko esloveniarrak faboritoekiko. Ez da buelta eman ezinezko galera denborari dagokionez, baina emandako itxura tristeak, begiratu baten behintzat, azken urteotako txirrindulari onenetako baten gainbeheraren lekukotza izan ote den susmoa har liteke etapa honetan gertatutakoa ikusi ondoren. Berak ere esana da «sterratoan» erori denez geroztik ez dabilela topera eta akaso asteleheneko atsedena ondo etorriko zaio. Dena beharko du gainera datozkion etapatzarretarako, baina igande honetan ikusitakoa ez da batere parte onekoa.

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba


