
Euskararen erabilera erdigunean jarri du, berriz ere, Euskaraldiak. 11 egun horien bueltan hedabideetan, ikastetxeetan, lantoki eta erakundeetan, euskararen inguruan hitz egin da, erabileran eragin beharra azpimarratu da. «Izugarria izan da ariketak sortu duen mugimendua», adierazi du Koordinazio Mahaiak lehen balorazioan.
«Hamaika egun hauek posible izan dira, aurretik beste dozenaka hilabete prestaketa lanetan igaro dituztelako batzorde, entitate eta lantalde askotan. Zorionak eta eskerrik asko denei. Eta zorionak, noski, txapa paparrean jantzi eta Euskaraldian parte hartu duzuen belarriprest eta ahobizi guztioi», esan dute astelehen honetan Bilbon emandako prentsaurrekoan.
Partaide guztiei eskatu diete euskaraldia.eus/bizipenak/ gunean sartu eta ariketan bizitakoak kontatzeko
Ekitaldian izan dira Euskaraldiko koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariak: Irati Iciar Madinabeitia, Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakaria; Javier Arakama Urtiaga, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea; Aitor Aldasoro Iturbe, Lakuako hizkuntza politikarako sailburuordea; David Aire, Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduraduna; eta Jon Kobeaga Erkiaga, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kidea.
450 herri
Inoizko herri gehienek antolatu dute laugarren edizio honetako Euskaraldia. «Benetan berri pozgarria da euskararen biziberritzean lanean dihardugun eragile eta norbanako guztientzat. Horrek esan nahi baitu, inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharra eta antolatzeko ilusioa. 450 herri izan dira, Euskaraldian murgildu direnak».
Euskal Herri osoko herri eta auzoetan euskararen inguruko mugimendua sortzea zen Euskaraldiaren lehen egiteko bat, garrantzitsua oinarria sortzeko, eta Euskaraldia zein bestelako ekimenak aurrera eramateko.
Zabaltzeko beste pauso bat
Antolatzaileek uste dute orain arte iritsi ez den herritar geruza batera ere iritsi dela Euskaraldia. Orain arte parte hartu ez duten askok hartu dutela parte ariketan, izan entitatearen bitartez ezagutu duelako edo batzordea iritsi delako eurengana. Zabaltzeko beste pauso bat eman du, beraz, ariketak.
7.500 entitatek baino gehiagok sustatu dute Euskaraldia, ikusgarri eginez eta euskara gehiago erabiltzeko pausoak emanez. Aurreko urteetako izen-emate kopurua gainditu da.
Belarriprest eta ahobiziei dagokienez, ia 135.000 lagunen izen-emateak jaso dituzte, nahiz eta oraindik badiren jaso gabeko batzuk, paperezko orrietan eman zutelako izena, adibidez. «Ikaragarria da», baloratu dute. Gainera, kontuan izan behar da jende askok izenik eman gabe hartu duela parte ariketan: aurreko urteetan izena eman zutelako eta berriro ematea beharrezkoa iruditu ez zaielako, aurreko edizioko txapa etxean gordeta zutelako… Horren adibide da txapa banaketa. Izan ere, herri askotan izen emateak baino txapa gehiago banatu dira.
Hala ere, nahi baino txapa gutxiago ikusi dituzte kalean, eta hori aztertuko dute, zergatik pertsona batzuek txapa hartu bai baina gero ez duten janzten.
Bizipenak partekatzeko deia
Orain aurrera begira jartzea tokatzen da, eta ariketaren inguruko balorazio sakonagoa egitea askotariko eragileekin, «hurrengo Euskaraldia are hobeagoa izan dadin». Balorazio hori egiteko garrantzitsua izango da Euskaraldian parte hartu duten belarriprest eta ahobizi guztien bizipenak jasotzea. Horretarako, partaide guztiei eskatu diete euskaraldia.eus/bizipenak/ gunean sartu eta ariketan bizitakoak kontatzeko.
Behin eta berriz aipatzen duten bezala, hizkuntza ohiturak ez dira gauetik goizera aldatzen; Euskaraldiak arnas luzeko ekimena izan behar du. «Apurka apurka, urratsez urrats, bizipenez bizipen, lehen hitza euskaraz egitea, edo elkarrizketa elebidunak izatea guztiontzat ohikoa bihurtu arte jarraituko du Euskaraldiak bizirik», egin dute aldarri.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia
