
«Euskal herritarra da Euskal Herrian bizi den oro eta Euskal Herrian lan egiten duen oro. Euskalduna da, gainera, euskalduna izan nahi duen oro. Hori da gure posizio politikoa migrazioaren aurrean». Hala erantzun dio astelehen honetan Gasteizko Legebiltzarrean EH Bilduko bozeramailea den Pello Otxandianok Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko presidenteari. Azken honek igandean subiranistei migrazio gaietan «ez bustitzea» leporatu zien.
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan Otxandianok azaldu duenez, «datozen urteetan jende asko etorriko da Euskal Herrira bizitzera, eta asko dago jokoan». Izan ere, bere ustez beharrezkoa da aztertzea «nola eraikitzen den inklusioa testuinguru honetan eta baldintza hauetan».
«Eta jakina da inklusio soziala bermatzeko, hau da, oinarrizko bizi baldintza material duin batzuk bermatzeko, laneratzea dela prozesu gakoetako bat, eta lehenbizikoa esango nuke. Inportanteena ziur aski. Horretarako politika publiko aktibo bat behar da», gaineratu du, Lakuaren jarrera kritikatuz. «Orain arte Lanbidek, historikoki, gutxi-asko egin duena izan da Diru Sarrera Bermatzeko Errenta gestionatu. Behar dugu Lanbide bat askoz ere proaktiboagoa».
Halaber, kohesio soziala «eraiki» behar dela nabarmendu du, «askotariko kulturak egongo direlako». «Horretarako uste dut hizkuntza badela kohesio soziala eraikitzeko tresna inportante bat», gaineratu du galdera bat egin aurretik: «Nola eman euskara Euskal Herrian bizi den jende horri?».
Dena den, migrazio politika Legebiltzarrean jorratu behar dela ohartarazi du, polemika alde batera utzita. Zentzu honetan, gaitzetsi egin ditu Imanol Pradales lehendakariak egindako adierazpenak, zehazki «zein immigrazio behar dugun eta zein iristen zaigun» esaldia.
Otxandianok adierazpen horien arrazoiari buruzko «bi hipotesi» planteatu ditu. Lehenengoak «ez zuela ondo kalkulatu bere hitzen eragina», «larritzat» jo duena, edo «anbiguotasuna kalkulatu zuela interpretazio desberdinei bide emateko», eta hori «are larriagoa» izango litzateke bere iritziz.
«Ikuspegi humanista»
Nerea Melgosa Ongizate sailburuak Herri Irratian egindako elkarrizketa batean babestu egin du Pradalesen hausnarketa. Lakuaren eta EAJren «ikuspegi humanista» aldarrikatuz.
Bere ustez, lehendakariak testuinguru zehatz batean egin zituen adierazpenak eta, ondoren, Legebiltzarrean, «Eusko Jaurlaritzaren jarrera defendatu zuen, batasuna, eta batez ere, giza eskubideen defentsa».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da


