Gabriel Aresti, euskal poesia mailu bilakatu zuen herriaren poeta
Bilbon 1933an jaioa, Gabriel Arestik euskal literaturaren moldeak hautsi zituen frankismo garaian, begirada kritiko eta sozial handiko obra batekin. Euskara batuaren aitzindarietako bat izan zen. Hil zenetik 50 urte igaro direnean, literaturako ahots sendo eta berezienetako bat izaten jarraitzen du.

Gaur, duela 50 urte, 1975eko ekainaren 5ean, Gabriel Aresti Segurola euskal idazlea hil zen, 41 urte zituela, gibeleko eritasun batek erasanda. Joan den mendeko euskal literaturaren berritzaileetako bat izan zen. Euskara galdua zuen baserritar jatorriko familia batean hazi zen, industriak gorakada handia bizi zuen Bilbo hirian. 12 urterekin euskara ikasten hasi zen modu autodidakta batean, eta, borroka sozialekin batera, Euskal Herria eta euskara bera izan ziren haren lanaren ardatzak.
Asko izan dira azken hamarkadetan Aresti ikertzen aritu diren adituak eta, gaur egun, bere figurak nolabaiteko berpizkundea bizi du. Gainera, azken urteetan, poetaren argitaragabeko zenbait lan solte agertu dira, hala nola 1953an espainieraz idatzitako soneto bi edo bere familiaren artxiboan aurkitutako ‘Errota gorria’ poema, 1955ean idatzia.
Angel Zelaietak 2000. urtean berrargitaratutako lanari esker, nahiko deskribatuta dago Arestiren biografia. Erreportaje honetarako, idazleak bizi izan zuen testuinguru historikoak bere obran nola eragin zuen jakiteko eta bere figurak gaur egun duen garrantziari buruz hausnartzeko, GARAk Arestiren obraren gaineko bi aditu elkarrizketatu ditu: Jon Kortazar eta Karmelo Landa.
Testuinguruak eragindako poeta
Francoren eta militarren estatu kolpearen urteetan egin zituen jaio ondoko lehen urteak Bilbon. Landak dioenez, Bizkaiko hiriburuak ezein hirik ez bezala irudikatzen zuen Euskal Herriak diktadura frankistaren ondorioz jasan zuen nortasun krisia, eta Aresti txikitatik jabetu zen horretaz: «8-12 urte zituela joan zen apurka-apurka ikusten herri okupatu, debekatu eta zigortu honen sustraiak non zeuden, eta nazio kontzientzia hartzen joan zen».
Era berean, industria goraldian zegoen Bilbo batean hazi zen, non kapitalista frankistek nahi bezala jarduten zuten. Langileen eta migratzaileen egoeraren lekuko izan zen, eta horrek markatu zuen haren sentsibilitate soziala.
Karmelo Landak ‘Bilbon dabil Gabriel Aresti’ liburua argitaratu zuen 2021ean, eta Aresti bizi izandako eta bere testuetan aipatutako lekuak ageri dira bertan. Bilboko gatazka sozial, kultural eta linguistikoak ezagutzeko saiakera ere bada, bertan azaltzen baitira Arestik bizi izan zituen moduan; baina gai horiek egungo Bilbora ekartzen ditu liburuak, gaurkotuta, eta, beraz, «oraingo Bilboren gida eta ispilua» ere bada.
Arestiren obra eta figura ulertzea ezinezkoa da bere konpromiso politiko eta soziala kontuan hartu gabe. Haren lanetan, bereziki ‘Harri eta herri’ argitaratu zuenetik, injustiziaren aurkako oihua da nagusi. 1964an argitaratutako liburu horretako ‘Zorrotzako portuan aldarrika’ poeman bere esaldi nabarmenetariko bat utzi zuen: «Beti paratuko naiz gizonaren alde». ‘Nire aitaren etxea’ poema ezagunean ere argi uzten du bere poesiaren intentzio soziala. Eta poetaren irudi gogoangarri bat da: «Esanen dute hau poesia ez dela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela».
Kortazarrek dioenez, «garai hartan gutxik zuten Arestik zuen ausardia: frankismoaren eta frankismo soziala deiturikoaren aurkako jarrera publikoki adieraztea». «Berdintasuna eta nortasuna dira Arestiren bizitzako helburu nagusiak. Klase sozialik gabeko eta bere oinarrizko elementuen jabe den etorkizuneko Euskal Herri baten alde idatzi zuen», azpimarratu nahi du Landak.
Ibilbide literarioa: sinbolismotik konpromiso sozialera
Arestiren ibilbide literarioan ikus daiteke kontzientzia sozial hori indar gero eta handiagoa hartzen joan zela, hasierako poesia estilo sinbolista batetik, gizarte gaietan oinarritutako eta ulerterrazagoa zen estilo batera igaroz.
Arestiren ibilbide literarioan bi aro nagusi bereizi izan dira gaur arte: aro sinbolista (1954–1960) eta aro soziala (1961–1975).
Lehenbiziko aroan, sinbolismoaren eraginpean, poesia zeharkako adierazpide bihurtzen da, heriotzaren presentziaz eta giro ilunez betea, metaforak eta musikaltasuna baliatuz. ‘Bizkaitarra’ eta ‘Maldan behera’ lanetan nabari da joera hori, azken hau izanik aro horretako gailurra, 1960an “Euskera” aldizkarian plazaratua.
Bigarren aroan, poesia tresna sozial bilakatzen da: argiak iluntasuna ordezkatzen du, eta hizkera sinbolikoa baztertu, herrikoia eta ulerterraza lehenetsiz. Arestik injustiziaren aurkako salaketa argiak egin zituen, langile klasearen egoera eta euskara defendatuz. ‘Zuzenbide debekatua’ (1961), ‘Harri eta herri’ (1964), ‘Euskal harria’ (1967) eta ‘Harrizko herri hau’ (1970) dira aro honetako obra nagusiak.
Kortazarrek, azken urteetan ikertutakoarekin, teoria hori findu eta lau arotan bereizten du orain Arestiren lana: bere lehen sonetoak eta rapsodiak, batzuk ‘Egan’ aldizkarian argitaratutakoak; usadiodun poesia edo poesia jatorra; poesia politikoa, frankismoak zentsuratutako ‘Zuzenbide debekatua’ liburua bertan kokatuz; eta harrien zikloa. Kortazarrek honi buruz hitz egin du nazioartean egindako hitzaldi eta aldizkari-artikuluetan eta, aurten, teoria berri hau biltzen duen liburu bat argitaratzeko asmotan da.
Euskarari egindako ekarpena
Arestik euskarari egindako ekarpena apartekoa da. Esan bezala, giro erdaldun batean hazi eta hezi zen, baina, 12 urterekin, inguruko atezain batek euskaraz hitz egiten zuela ohartu zen, eta horrek hizkuntzaren egoeraz kontzientzia hartzera eraman zuen. Orduan hasi zen bere kabuz euskara ikasten, baliabide urriekin eta autodidakta moduan. Nolanahi ere, buru belarri aritu zen horretan, eta 1957an Euskaltzaindiko langile izendatu zuten.
Kortazarren arabera, Arestiren hizkuntza ikuspegia aitzindaria izan zen: «Euskararen purismoaren aurka egin zuen, eta herritarrek ulertzeko moduko hizkera aldarrikatu zuen. Era berean, klasikoen jarraitzailea zen, eta badira Axularri egindako aipamen batzuk ‘Harri eta herri’-n».
Arestik euskara batuaren aldeko jarrera sendoa izan zuen. ‘Maldan behera’ poema luzean, gero izango zen euskara batuaren antzeko molde batean idatzi zuen, Euskaltzaindiak ofizialki euskara batua onartu baino ia hamar urte lehenago. Xabier Kintanarekin ‘Euskara Batuaren Kutxa’ lana osatu zuen 1970ean.
Landak dioenez, euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromiso handia hartu zuen Arestik. Haren lana ez zen poesiara mugatu. Nobelak, antzerkiak, kazetaritza artikuluak eta hitzaldiak ere egin zituen. Itzultzailea ere izan zen Aresti, eta euskaratutako obretan bere literatur ibilbidean gehien eragin zioten idazle unibertsalak aurki ditzakegu, besteak beste T.S. Elliot, Boccaccio, Nazim Hikmet, Bertolt Brecht.
Aresti Lur argitaletxearen sortzaileetako bat izan zen, eta han argitaratu ziren euskaraz idazten zuten Ramon Saizarbitoria edo Arantxa Urretabizkaia gazteen lanak, literaturaren berrikuntzan lagunduz. «Zergatik egin zuen hori? Bazekielako herri honek, hizkuntza izateaz aparte, behar zuela kultur sistema oso bat. Eta horretan, beste hainbat pertsonarekin aritu zen elkarlanean», adierazi du Landak.
«Santu kulturala»
Arestik euskal literaturan eta kulturgintzan izan zuen eragina sakona eta iraunkorra izan da azken hamarkadetan. Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek haren figura goraipatu dute. Musikan ere arrasto handia utzi du: ‘Egun da Santi Mamiña’, ‘Gora ta gora beti’, ‘Guk euskaraz, zuk zergatik ez’, ‘San Simon eta San Juda’, ‘Guretzat berdin dira’… Mikel Laboak, Xabier Letek, Lurdes Iriondok, Urkok, Maite Idirinek, Oskorri taldeak herri kantu bihurtutako letren sortzailea izan zen.
Bitxikeria bezala, Oskorri taldearen izena Gabriel Arestik Natxo de Feliperekin batera sortutako ‘Oskorri gaitz’ lehen ikuskizunetik dator. Ikuskizun hori erdi klandestinoa zen, eta leku oso gutxitan eman zuten. Musika eta antzerkia uztartu nahi zuten.
Aresti «santu kultural» baten gisara definitu du Kortazarrek: «Badauka bizitza bat, egiten zaio kultu bat eta horrek eragin identitario batzuk ditu».
Landak Aresti bere dimentsio osoan hartzeko deia egin du: «Bere dimentsioa oraindik ere ez dugu modu egokian hartu. Aresti erreferente sakon bat da Euskal Herriaren berpiztean. Ez da poema edo liburu on bat argitaratu zuen artista bat, euskal kulturgintzaren alde egin zuen ahalegina eta ekoizpena erraldoiak dira».
Arestiren heriotzaren 50. urteurrenaren harira, bera omentzeko eta haren ekarria goresteko hainbat ekitaldi antolatu dira, EHUrekin, Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koralarekin elkarlanean

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?
