Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía

Bulgariako herritarrak euroan sartzearen aurka oldartu dira

Printzipioz, Bulgaria euroan sartuko da 2026ko urtarrilaren lehenean. Alta, bulgariar gero eta gehiago euroaren aurka daude, eta Rumen Radev presidenteak erreferenduma egitea proposatu du. Prezioak igotzeko beldur izateaz gain, bulgariarrak subiranotasuna galtzeak ere kezkatzen ditu.

Emakume batek euroaren aurkako kartel bati eusten dio Sofian ekainaren 4an egindako manifestazio batean, Europako Batasunak Bulgaria eurogunean sartzeari argi berdea eman dion egunean.
Emakume batek euroaren aurkako kartel bati eusten dio Sofian ekainaren 4an egindako manifestazio batean, Europako Batasunak Bulgaria eurogunean sartzeari argi berdea eman dion egunean. (Nikolay DOYCHINOV | AFP)

Bulgariak euroguneko kidea izateko gero eta hurbilago du. Joan den asteartean Europako Batzordeak eta Europako Banku Zentralak Bulgaria 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera euroan sartzea gauzatzeko oniritzia eman zuten. Aldeko txostenak dio euroguneko eskubide osoko kide izateko baldintza guztiak betetzen dituela.

Kanbio tasen mekanismoan parte hartzen du, eta lev-ek (Bulgariako diruak) aldaketa finko bat mantentzen du euroarekin (1,95583). Horrez gain, banku batasunaren parte ere bada, eta inflazioaren (%2,7koa izan zen apirilean, %2,8ko mugaren azpitik), % 3ko defizitaren eta zorraren (%24,1, %60tik oso urrun) baldintzak betetzen ditu. Epe luzeko interesak ere (%3,9) azpitik daude %5,1eko erreferentziatik.

Irizpide ekonomiko guztiak primeran egokitzen dira, bulgariarren borondatea izan ezik.

Izan ere, joan den larunbatean milaka pertsona mobilizatu ziren dozenaka hiritan, euroan sartzearen aurka. Zenbait inkesten arabera, moneta bakarraren aurka daudenek hautesleen %50eko muga gainditzen dute. Zatiketa sakona da gizartean eta, euroaren aurkako jarrera gero eta indartsuagoa den horretan, Rumen Radev Bulgariako presidenteak erreferenduma egitea proposatu zuen maiatzaren 9an.

Proposamenak ezustean harrapatu zituen euroaren defendatzaileak, baina Parlamentuak ez zion bide eman gaia aztertzeari. Une honetan Auzitegi Konstituzionala aztertzen ari da. Auzitegiak irizpena ematea espero da datozen egunetan. Aurreko aldietan Auzitegi Konstituzionala erreferendumaren aurka agertu da, bere ustez dagoeneko sinatuta dauden itunak hautsiko lituzkeelako.

Ez da erreferendum bat egiteko aukera planteatzen den lehen aldia. Duela hiru urte Legebiltzarreko hirugarren alderdiak, Pizkunde (Vazrazhdane) nazionalista eta kontserbadoreak, erreferenduma egiteko sinadura bilketa bat bultzatu zuen. Ekimen horrekin bat egin zuten beste indar politiko batzuek, tartean ezkerreko alderdi batzuek, hala nola Irailaren 23ko Mugimenduak eta sindikatuek.

Deialdia egiteko behar ziren 600.000 sinadura baino gehiago biltzea lortu zuten, baina 2023ko ekainean Bulgariako Parlamentuak uko egin zion kontsulta egiteari, aldeko 68 botorekin, 46 abstentziorekin eta kontrako 98 botorekin. Hilabete geroago, uztailaren 26an, Gobernuak eurorako trantsizio programa onartu zuen.

«Titanic-era igotzea bezalakoa da»

Larunbateko manifestazioan parte hartzen ari zen Nikolai Ivanov goi funtzionario erretiratuak AFPri esan zion «Bulgaria eurogunearekin batzen bada, Titanic ontzira igotzea bezalakoa izango da». Euroaren aipamenak 1996-1997 urteetako krisi ekonomikoa gogorarazten dio herritar askori, 14 bankuen porrota eta %300etik gorako inflazioa eragin zuena. Egun, herritarrak beldur dira euroak prezioaren igoerak ekarriko duela.

Europako Batasunean sartu zen Bulgaria 2007an. Orain Batasuneko herrialderik pobretuena da. Eurostaten datuen arabera, biztanleriaren heren bat inguru gizarte bazterketako mehatxu egoeran bizi da, eta «pobreak are gehiago pobretzeko beldur dira», adierazi zion Boriana Dimitrova Alpha Ikerketa Institutuko zuzendariak AFP agentziari.

Burujabetza jokoan «Lev ez da moneta bat bakarrik. Gure subiranotasunaren, independentziaren eta geure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen sinboloa da», adierazi zion manifestari batek BNR Bulgariako irrati nazionalari larunbateko mobilizazioetan. Eztabaida prezioen igoeraz harago doa: moneta propiorik gabe subiranotasuna ere galduko da. Grigor Sariyski ekonomialariak adierazi zuen euroa «monopolio kapitalista handientzako tresna erabilgarria» dela eta Grezian gertatutakoa gogora ekarriz, «prozesu negatiboak areagotu eta azkartu» besterik ez duela egingo.

Radev presidenteak erreferendumaren zilegitasuna defendatu zuen larunbatean, honako hau esan baitzuen: «Ikusten ari garen protestek zein inkestek argi eta garbi erakusten dute bulgariarrek beren ahotsa entzun dadin nahi dutela».